Live

Itxaso Leon - Peli Lekuona

«Ezinbestekoa da herri honen aberastasuna nola banatuko den jakitea»

Euskal administrazioak aurrekontuak finkatzeko prozesuan murgilduak daude bete-betean. EAEn gobernua osatzen duten bazkideek gehiengoa dute; Gipuzkoan, berriz, beharra. Gipuzkoako 2025eko aurrekontuen negoziaketaren berri izateko, NAIZ Irratian izan da Maddalen Iriarte, EH Bilduko batzarkidea.

Audio_placeholder

«Ezinbestekoa da herri honen aberastasuna nola banatuko den jakitea»

Loading player...
Maddalen Iriarte, NAIZ Irratiko estudioetan.
Maddalen Iriarte, NAIZ Irratiko estudioetan. (NAIZ Irratia)

Gaian sakontzen hasi aurretik, Maddalen Iriartek argi utzi du 2025eko aurrekontuak osatzeko negoziaketak «ez direla hasi» oraindik, proposamen zehatzak mahaigainean ipini izan badira ere. Zentzu horretan, gogora ekarri du azaroaren 29an dela epea amaitzekoa, eta abenduaren 13an izango dela zuzenketen garaia.

Berriki Pello Otxandianok banatu egin ditu Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen negoziaketa eta fiskalitatearen erreformarena. Instituzioen arteko negoziaketa eta erritmo desberdin horiek eraginik izaten al duten galdetuta, Iriartek dio baietz, «beti» eragiten dutela. Nabarmendu du Eusko Jaurlaritzan badutela gehiengoa, baita Bizkaian ere, baina Araban eta Gipuzkoan ez dela berdin gertatzen. Edonola ere, aurrekontuak aurrera ateratzeko ardura gobernuena dela esan du, eta haiei dagokiela prozesuok bizkortzea.

«Fiskalitatea eta aurrekontuak bi erreitan banatu ditugun arren, oso kontziente gara errei bereko kontua direla, eta ezinbestekoa dela herri honen aberastasuna nola banatuko den jakitea», azaldu du. «Aurrekontuek epe zurrunagoa dute oraingo eztabaidan, baina era malguan jokatzea erabaki dugu, lehenik horiei eta gero fiskalitateari begiratzea».

Bide batez, EH Bilduko batzarkideak gogorarazi du Gipuzkoan akordio bat erdietsi zutela EAJ eta PSErekin azken horren inguruan, eta horren baitan lortutako oinarrizko bideari eutsiko diotela, «halabeharrez negoziatu beharko dutelako hau ere Gipuzkoan».

Lehentasunak eta ardatzak

EH Bilduk proposatutako 52,82 milioien banaketa proposamena aletu du Iriartek jarraian. «Guretzako lehentasun behinena zaintzaren inguruan aurrerapausoak ematea da», azpimarratu du.

Izan ere, talde subiranistak ezinbestekotzat jotzen du zaintza sistema publiko komunitario bat, osasungintza edo hezkuntzaren ildotik doazen zerbitzu publikoen parekoa. Hala nabarmendu du batzarkideak: «ongizate estatu batean, baldin eta benetan demokratikoa izango bada, herritarrek benetan zainduak izateko eskubidea izan behar dute».

Dauden tokitik bide hori urratzen hasteko neurrien artean aipatu ditu mendekotasun balorazioak bizkortzea, ordainketa partekatuaren indizeak berrikustea edota udalei zaintza ereduak garatu eta etorkizunean bermatuak izateko diru funtsak handitzea. Horretarako gako gisa, berriz, «irabazi asmoa zaintzatik ateratzea».

Trantsizio ekosoziala aipatu du hurrenik, garraio publikoaren ohitura errotzeko beharrean azpimarra eginez, baliabide egokiak tarteko. Eraldaketa berde horrek euskal industriari laguntzeko gakoetako bat ere behar luke, ikuspegi teknologikoa ezartzearekin batera, enpresa txiki eta ertainen kasuan, batik bat. Amaitzeko, euskara «urratua» ikusten dutela aipatu du, eta bat datozela eragile desberdinak norabide horretan jauzi bat eman beharra dagoela.

Erabakitzeko eskubidea

Batzar Nagusietan EH Bilduk eta EAJk erabakitze eskubidea eta estatus berria hizpide zituzten mozio bana onartu zituzten. Ekimen horien garapenari dagokionez, Iriartek esan du orain foru gobernuei dagokiela bide horretan bultza egitea.

Zentzu horretan, azpimarratu nahi izan du «Euskal Herria nazio bat dela, erabakitzeko eskubidea izan behar duela eta gure eskalatik baino hobeto ez dugula inondik egingo. Ez gara beste batzuek erabakitzen dutenaren menpe egongo», gehitu du.

Horrekin batera, larunbat honetako manifestazioarekin bat egiteko deialdia bota du: «horretara aterako gara Bilbora, aldarrikatzeko nazio bat garela. Kaletik zein erakundeetatik lan hori egingo dugu alderdikeriarik gabe, herri bezala».

Aipatu herrian gehiengoa erabakitzeko eskubidearen aldekoa dela ere adierazi du, gehiengo sindikala edo Mugimendu Feminista direlarik horren adibide. Kolektibo horien guztien borroka gorpuztu, koherente bilakatu eta «nazio baten eraikuntzaren mesedetan» jartzera gonbidatu du gizartea.

Jaurlaritza Logoa