Live

Naiz Irratia

«Guk ere sortzen dugun arriskuaren araberako lege bat beharko genuke»

ELB laborarien sindikatuak elkarretaratzea burutu du Pauen, sindikatuko langile bati sustengua agertzeko, okupazio ekintza batean izateagatik. Auziaren emaitza abenduaren 17an espero da. Afera horretaz zein hegazti gripeaz hitz egiteko NAIZ Irratian izan da Julen Perez, sindikatuko kidea.

Audio_placeholder

«Guk ere sortzen dugun arriskuaren araberako lege bat beharko genuke»

Loading player...
Laborariak Donapaleuko karriketan, artxiboko argazki batean
Laborariak Donapaleuko karriketan, artxiboko argazki batean (Guillaume Fauveau)

Asteartean izan zen epaiketa eta, egun berean, sindikatuak langilea babesteko mobilizazio eguna deitu zuen auzitegiaren aurrean. 200 pertsona inguru hurbildu ziren bertara, ELBeko langileari elkartasuna erakusteko.

Duela urtebete egin zuten okupazio ekintza baten ondoren, mehatxupean zen eta auzitan sartu zuen Paueko administrazio sanitarioak. Epaiketa arratsaldean hasi zen, eta beste hiru kide sartu ziren auzitegira, euren lekukotasuna ekartzeko eta epaileari testuingurua azaltzeko.

Hegazti gripearen testuinguruan jazo zen epaitzen ari diren ekintza eta, zentzu horretan, aferaren uneko egoeraren berri eman digu Perezek: «azken asteotan gripea azkartuz joan da Europako Ekialdeko estatu guztietan. 10 egunetan 100 kasu zenbatu dira etxalde desberdinetan eta, Frantziako Estatuan, 15 bat dira gripeak jota dauden ustiategiak, Iparraldean gehienak». Hain zuzen ere, Euskal Herritik hurbil eman zen joan den astean kasu horietako bat, Landetako departamenduan.

Horrenbeste kasuren ondoren, Frantziako Laborantza Ministerioak arrisku egoera ezarri du, eta Euskal Herrian ere lumadun guztiak barnetik hazi beharko dituzte, debekatuta izango baitute kanpoko hazkuntza.

Gripe horren zabalpenak kezka eragiten diela aitortu du ELB sindikatuko kideak. «Beti oroitarazten dut, hala ere, ahate gizenaren kategorian badela modelo dominante bat, industria-nekazaritza sailekoa. Iaz eta aurten inoiz baino ahate gehiago ekoitzi dituzte gisa horretako etxaldeetan, eta hiltegiak ere azkar hazi dira. Hau da, dentsitate hazkuntza izan dugu gure departamenduetatik hurbil».

Gainera, hegazti migratzaileen sasoia dela zehaztu du, eta horietako batek utzi du birusa Landetako ustiategi horretan: «hiru kilometro inguruan kabala guztiak hil behar izan dituzte, beste bi herritan lumadunen mugimenduak debekatu dituzte eta horrek kezka handia pizten digu», adierazi du Perezek. Zehaztu du eurek ere, Lohitzünen bizi baitira, espero dutela datozen asteetan ahate txikiak sartzeko edo kanpoko hazkuntzarekin jarraitzeko debekua.

Historiak erakutsi izan die gripeari aurre egiteko beste metodorik bazela, baina euren etxaldeak «arrisku handikotzat» jo dira, «legearen menpe» dira eta horrek «desastrea» suposatzen die beste behin.

Aurrekari latzak

2023an elkarretaratzea egin behar izan zuten sektoreko kideek, Frantziako Gobernuko zerbitzuak ahateak hiltzera joan zirenean.

Berriki epaitutako langilearen auzira itzulita, «nik ere ekarri behar izan dut nire kontakizuna epailearen aurrera», adierazi du Perezek, «testuingurua azaltzeko eta kontatzeko zergatik uste genuen administrazio sanitarioko arduradunak bortitzegiak zirela».

Egun hartakoa azaldu behar izan zuen: «min bera da, arratsalde batez ahate guztiak galdu genituen eta». Gaineratu du ia lau tona haragi bota zituztela zakarrontzira, eta kantitate esanguratsua dela hori gose garaietan. Kabalak jangarriak ziren, baina birusa hor zenez, Estatuak ezarri zuen ezin zirela mozkin bilakatu eta bezeroari saldu.

«Gastuak handiak izan ziren, eta emozionalki biziki zaila izan zen. Nire kidea depresioan sartu zen, eta ekonomikoki ere galera suposatu zuen». Sei urte daramate Julen Perezek eta haren kideak etxaldean, eta birritan bakarrik burutu ahal izan dituzte sasoi arruntak.

Nabarmendu du ekonomikoki ez direla kinka hoberenean, baina ezta kinka larrian ere. Edonola ere, horrelako gertakariek euren ekonomia ahultzen dute, eguneroko etxaldeko lanarekin batera, eta karga mentala ere euren gain gelditzen da. «Funtsean, arazoa ez da birusa», haren aburuz. «Gure etxaldeetan birusa sar daiteke, baina landako kabalak birusari aurre egiteko gai dira, zientifikoki erakutsi dugu. Gure beldur handiena legea da; legea aplikatzen delarik dena galtzen dugula».

Hori frogatzen tematu direla eta tematuko direla gehitu du: «gurea bezalako etxaldeek bistako arrisku sanitario bat sortzen dute, baina sail industrialarena baino txikiagoa da, eta sortzen dugun arriskuaren araberako lege bat beharko genuke guk ere. Ildo horretatik ari gara sindikatuarekin, ez dugu amore eman eta aurrera jarraituko dugu».

Gabonak gertu

Gabon sasoiari begira, egun daukaten egoera eta espero dutena azaldu digu Julen Perezek. Maiatzean sartu zituzten lehen ahate txikiak, hazkuntza bertan egiten baitute. Haiek gizentzen dituzte euren zerealekin, hiltegi propioa dute eta dena transformatzen dute, gero saltzeko.

Irailean, udazkenaren hasierarekin, hasi ziren animaliak gizentzen. Gogora ekarri digu laborariak Ipar Euskal Herrian ahateak bere lekua egina duela bai ekarri duen borrokagatik, bai ematen dituen mozkinengatik eta baita zaporearen aldetik ere.

«Bertan hogei bat ekoizle gara, ez hainbeste. Baina bezeroak eta partikularrak parean dira, gure ahateaz gose dira, eta guk Dona Pauleko merkatua egiten dugu ostiralero», kontatu du. Azken asteotan, sentitu ahal izan dute Gabonak gertu direla; «jendeak gero eta ahate gibel gehiago nahi du».

Sasoiak hala jarraituz gero bederen Eguberrira edo Urte Berrira arte, eta hegazti gripe bazterreko bilakatuz gero, «uste dugu ekonomiak aurrera egingo duela eta gure hazkuntza egiten jarraitu ahal izango dugula», amaitu du.

Jaurlaritza Logoa