Live
1984an Txomin eta Josu Ondarruko institutoan elkartu omen ziren Nina Hagenen 'Smack Jack' singlea aitzaki, eta talde bat egitea erabaki zuten, Talking Heads, Echo & The Bunnymen, Itoiz, edo Bauhaus bezalako taldeen eraginarekin, TU-K izan zen aukeratu zuten izena, bonboa eta kaja errenkan jota sortzen den soinua. Bisitan izan ditugu gaurkoan gurean, garai bateko kantuak berriz grabatu ostean 'Tuka esaten da' 13 aleko bilduma aurkezten, gainera, 35 urte eta gero lehen aldiz jo dute. Ezin gehiago eskatu.
1987ko 'Existentzia' eta 1989ko 'Beltza' maketak ditu oinarri bide berri honek, iraganeko uretan arrantzatu eta kantuak berriz ere itsasoratzea zeren ondorio izan ote da? «Gehienbat TU-K ez galtzeko izan da, maketak zintan genituen, eta gure artean hizketan, hau galtzea pena izango zela sentitu genuen, gauzak batzen hasi ginen eta TU-K berreskuratzeak merezi duela erabaki genuen» esan digu Txominek. «Piztiak taldean ere beti izan dugu Tu-k flotatzen, guk iragan horren erregistro bat egin nahi genuen, bizia aldatu zigun gauza bat izan zen taldea, eta handik aurrera hartutako bidea mugarri bat izan zen, gure hasierari, eskaintzen genuen kontzeptu global horri egin nahi genion omenaldi txiki bat da hau».
Pertsonalki nola bizi dute gaurkotasunaren aldetik garai hartako sorkuntzak berreskuratzea? «Harrituta gaude, kantuak 85ekoak dira, eta ez ditugu asko aldatu berriz grabatzean, soinua egunerokotu dugu, baina garai hartako esentzia du». «Geu aldatu gara, kantuak ez, nire semeari ere, Markeli, gustatzen zaizkio eta hori flipantea da guretzat».
Soinu paisaia ederra eskaitzen du TU-K taldearen proposamenak, zer du horren frexkoa denboran zehar irauteko? «Estrukturak garrantzitsuak dira, hitzak ere bai eta gitarra eta bajuaren arteko noten mugimendu horiek, ez genekien jotzen, ez dakit nola tartekatzen genituen melodia horiek». «Eskema mental ezberdinetik jaio ziren, momentukoa zen, berehalakoak izan behar ziren, erritmo kaxari esker ezin genuen zai ibili eta kantuak ere hala sortzen ziren».
Markel semea ere ondoan du gaurkoan Txominek, generazioen arteko zubigintza ederraren adibide da eta berari galdetu diogu prozesu hori nola bizi izan duen. «Ez nituen kantu hauek ezagutzen, kantak entzutean zentzu askotan oso proposamen modernoa iruditu zait» esan digu Markelek.
Garai hartako zinta grabazioak berreskuratuta grabatu dituzte berriz maketetako zenbait abesti eta baita grabatu gabeko batzuke ere. «Ez genuen pistarik, masterra soilik zinta batean. Nahiko ondo gordeta nituen, eta zorionez, ahal izan da. Prozesua ederra izan da, lan handia egin du garbitzen, eta agudo eta grabeen arteko dantzan aritu da. Zintak abiaduran egokitu ditugu tonu errealera ekartzeko, eta dena bere lekuan zegoen bapatean». «Grabatuta ez genituen hiru kanta horiek ez zeuden inon, gure behatzen memoriak egin du lan guztia, ensaioetan batu ginenean oso emozionantea izan zen».