Live

Naiz Irratia

Elkartasuna abiapuntu, laguntza helburu

Euskal Herritik joandako dozenaka suhiltzaile ari dira Valentzian erreskate eta berreskurapen lanetan laguntzen. Beñat Madariaga da horietako bat, Bilboko suhiltzailea.

Audio_placeholder

Elkartasuna abiapuntu, laguntza helburu

Loading player...
Hainbat suhiltzaile, Bonaire merkataritza gunearen inguruetan.
Hainbat suhiltzaile, Bonaire merkataritza gunearen inguruetan. (Eduardo Manzana | Europa Press)

Igande iluntzean iritsi ziren Bilboko suhiltzaileak Valentziara, hainbat arazori aurre egin ostean. Tartean zen Beñat Madariaga eta, NAIZ Irratian kontatu digunez, bidean behin baino gehiagotan puskatu zitzaien atoiaren gurpila. Hala, 8:30etan atera eta 20:30ak aldera heldu ziren.

Bidean beste hainbat suhiltzailerekin topatu ziren, baita klaxona jotzen zien jendearekin ere, animoak helarazteko. Bertara iritsita ere, «Madril, Fuengirola, Malaga eta Granadako suhiltzaileekin eta Larrialdi Unitate Militarrarekin» batera aritu dira lanean.

Joan aurreko egunetan zeukaten informazioari buruz galdetuta, esan digu «lehen eskukoa» izan dela kasu honetan, igandean iritsitako guztiak eurekin batera atera baitziren. Hortaz, iritsi orduko izan zuten suhiltzaileek egoeraren berri.

Bilboko suhiltzaileen parte bat igandean bertan hasi zen lanean, Madariagaren arabera. «Guri merkataritza zentro bateko parkingetik ura ateratzea gomendatu ziguten», kontatu du. Parking handietan ari dira lanean, bi solairukoak dira gehienak.

Zaila da aparkaleku horietan pilatzen den ur kantitatea zehaztea, baina suhiltzaileak adibide gisa aipatu du egun oso batez lan egin ostean solairu bat «guztiz hustuta» zutela.

Gaineratu du astelehen eguerdian Bilboko suhiltzaile zerbitzuko urpekariak lehen solairura sartu zirela kotxeak miatzeko, eta ez zutela horietan inor aurkitu.

Lan eremu duten parkingera gerturatu aurretik, Gipuzkoako suhiltzaileekin elkartzeko abagunea izan zuten, zenbait tresna behar zituztela eta. Beste inguru horretan ikusitakoak harritu egin zituen: «lokatza, kotxeak, dena birrinduta, auzokideak kaleko alde batera eta bestera noraezean, jendea laguntzen...». Era berean, asko ziren laguntzeko bertaratu izana eskertzen zieten bizilagunak.

Iritsitako laguntza eta iritsi behar diren baliabideak

Egunotan entzundako deskoordinazio salaketei buruz, Madariagak dio laguntzeko prest egon direla bera eta lankideak «lehen egunetik», eta ez dela erraza horrelako egoerak kudeatzea.

Lanera itzultzeko agur esan aurretik, suhiltzaileak azpimarratu digu denbora luzea beharko dela egoera lehengoratzeko. «Baliabideak behar ditugu», amaitu du.

Jaurlaritza Logoa