Live
Nafarroako ikastolen festaren erdigune bihurtuko da asteburuan Zangoza. Azken prestaketan lanetan direla gerturatu da NAIZ Irratia bertako ikastolara.
Zangozako ikastolako informatika gelan Nafarroa Oinezen erronkak izan dira hizpide Nagore Oria Zangozako ikastolako zuzendari pedagogikoarekin eta Eneko Alkorta Nafarroa Oinezeko jardueren arduradunarekin.
Urte osoko lana da euskara piztearena eta hala berretsi dute Amaia Aldanondo AEKko irakasleak, Uxoa Lizarraga ikastolako ikasle ohiak eta Naroa Labairu Bi haizetara herriko euskara elkarteko ordezkariak.
Euskararen eta ikastolaren garapenen zuzeneko eragina du, gainera, Nafarroako hainbat eskualdetan izaten ari den huste fenomenoa. Zangozan ere ari dira sufritzen honen ondorioak eta gutxieneko zerbitzuen aldarria presente izan dute saio bereziko gonbidatuek. Ez da arazo eskualde honen arazo esklusiboa, Auritzeko (Pirinioak) eta Lezaungo (Lizarraldea) alkateen eskutik osatu ahal izan dugu egoeraren argazkia.
NAIZ Irratia FMz... laster
Iker Aramendiaren eskutik Zangoza herria bera ezagutzeko bisita gidatua egin ostean albiste on batekin borobildu du NAIZ Irratiak irratsaio berezia, berandu baino lehen FM bidez entzun ahalko da irratia Zangozan, 98.0n. Ikastolari esker izango du, gainera, NAIZ Irratiak antenarentzat leku aproposa.
Irratiaren hedadura handitze aldera espero diren beste urrats batzuk ere badira. Adibidez, DAB irrati digitaleko emisioa ere martxan jartzeko lanak aurreratuta daude eta, ondo bidean, Nafarroa mailako lizentzia bat eskuratzeko aukera izango du NAIZ Irratiak, besteren artean.