Live

Peli Lekuona

Uholdeek eta goseak larriagotutako «krisi abandonatua»

Saharan, Aljeriako Tindufeko kanpalekuetan, uholdeek nabarmen larritu dute bertako errefuxiatuen nutrizio egoera. Horri buruz hitz egiteko, NAIZ Irratian izan da Jaione Eugui, Médicos del Mundo antolakundeko kidea.

Audio_placeholder

Uholdeek eta goseak larriagotutako «krisi abandonatua»

Loading player...
Saharar errefuxiatuak, artxiboko argazki batean.
Saharar errefuxiatuak, artxiboko argazki batean. (Gorka Rubio | FOKU)

Iragan irailaren 23an Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuek jasandako euri bortitzek eta ondorengo uholdeek utzi dituzten datuak ekarri ditu Jaione Euguik.

Euren etxeek behera egin ostean, 500.000 baino gehiago dira azkenaldiko uholdeek eraginda alde egin behar izan duten familiak, eta «ez dakite oraindik zenbateko inbertsioa egin beharko duten lehengo egoerara itzultzeko».

Euguik nabarmendu du «larria» dela bizi duten egoera, hor dauden pertsonek ez baitute erabaki bertan bizitzea, berez baldintza meteorologiko kaskarrak dituen eta klima aldaketak areagotzen dituen inguru batean. Harea ekaitzak eta euri bortitzak ohikoak dira.

Ildo horretan, egoera lehengoratzea zaila bada birkokatze aldetik, elikadurarekin duten aferak are gehiago zailtzen du. Datuak esanguratsuak dira zentzu horretan ere: «emakume haurdunen % 51k anemia jasaten du, baita bost urtetik beherako haurren % 44ak ere. Gainera, adin horretako haurren % 28ak desnutrizio kronikoa du, eta jaioberrien % 8a pisu txikiarekin jaiotzen da».

Urrutitik datorren «krisi abandonatua»

Médicos del Mundo antolakundeak Nafarroako Parlamentuan berriki egindako agerraldi batean nabarmendu izan du, besteak beste, saharar kanpalekuek «erabateko menpekotasuna» dutela laguntza humanitarioarekiko. Baina laguntzetan ere gorabeherak izan dira denboran zehar.

«Guztiok dakigu Sahara deskolonizatzeko prozesua duela 49 urte eten zela, eta hori kontuan izan behar dugu lurralde horri buruz hitz egiten dugunean. Ordutik gaur arte, sahararrak babes behartuan bizi izan dira, oso egoera larrietan, eta lagun horien menpe. Hasieran jasotzen zuten arreta gero eta urriagoa da, horregatik diogu krisi abandonatua dela. 49 urte asko dira», azaldu du Euguik.

Eta «krisi abandonatu» horri heltzeko, Nafarroako zein nazioarteko erakundeei eskatu diete Saharara begiratzeko; ez arlo politikoan bakarrik, arreta gehiago eskaintzen baitzaio horri Euguiren arabera, baina baita osasun arloan ere. «Premiazkoa» deritzo gero eta inbertsio handiagoa bideratzea nutrizioaren inguruan sortutako arazoei.

Ezagutza baino gehiago, laguntza

Baina ze erreakzio eragin zuen laguntza areagotzeko eskaera horrek? Médicos del Mundo taldeko kideak azaldu du kontzientzia handia daukala Parlamentuak gaiari dagokionez.

«Aurten Saharako kanpalekuetan egon dira. Hor egoteak ez du ezer esan nahi, baina egia da nahiko zekitela hango egoerari buruz», esan du. Ekainean konpromiso bat sinatu zuten, Mendebaldeko Sahararen independentziaren aldeko mugimendua babestuz eta Marokorekiko menpekotasunaren aurka.

Gaineratu du erakundeek gaia ezagutu bai, baina eskatzen dietela osasun kaltetu horri arreta ipintzeko eta garapenerako laguntza ofizialen kopurua handitzeko.

Jaurlaritza Logoa