Live
Eredu industriala ez den beste eredu bat sustatzen duten proiektuak aztertu ditu Bizkaiko EHNE sindikatuak, eta azterketa hori, ikuspegi feminista eta intersekzional batetik eraman du aurrera. Guztira, 15 proiektu agroekologiko aztertu dituzte elkarrizketa bidez. Leticia Urretabizkaia izan da ikerketa bideratzearen arduraduna eta Amets Ladisloa, berriz, nekazari eta abeltzainekin zuzeneko elkarrizketak egin dituena. Ondorio denak liburu batean bildu dituzte ’Eredu eta antolkauntza-esperientzia agroekologikoa berrien azterketa’ izenburupean, eta irakurgai dago ENHE Bizkaiako webgunean. Irailaren 19an aurkeztu zuten jendaurrean egindako azterlana 'Antolaketa Eredu Berriei' buruzo topaketan.
Aurkezpenean azaldu zutenez, Urretabizkaiak jarritako pautak, ezin zorrotzago bete omen ditu Ladislaok. Umorez kontatu ere, agian, zorrotzegi bete dituela. Izan ere, aztergai izan dituzten esperientziak ezin gertuagotik ezagutzen ditu sindikatuko kideak eta elkarrizketak desbidera ez zitezen, ia begiradarik ez omen zuen jaso galdetegitik.
Sarrera eta erreferentzia bibliografikoen atala kanpo utzita, 5 kapitulutan sailkatu dituzte elkarrizketetatik desglosatutako ideia nagusiak. Horrela, atalka aurkituko duguna da arlo ezberdinetako kokapen bat: 15 ekimenen nolakotasun azterketa, antolakuntza-eredu berrien ekarpen komunitarioa, komunitate horien oinarriak eta printzipioak eta ondorio nagusiak.
Ikerketa bideratzearen ardura izan zuten Ladislaok eta Urretabizkaiak aurkeztu zuten liburua eta, ezer baino lehen, Ladislaok argitu zuen EHNE Bizkaiaren zehar lerro garrantzitsuetako bat dela jende berria sektorera gehitzearena eta, besteak beste, ikuspegi horretatik abiatutako lana dela. Antolakuntza eredu hauek, jakina, ez dira familia-modelo tradizionalarekin kontrajarriak, kontua da, bigarren honen ekarpena ukatu gabe, interesgarria dela bestelako ereduei ere arreta jartzea eta horietan sakontzeko aukera ematea. Hori dela eta, Ladislaok ez dio nolanahiko geroa opa liburuari: aurkezpenean esan zuenez, asmoa da ez dadila liburu batean bakarrik geratu, zabaldu eta aplika dadila. Tira, ba, zabalpenerako lehen urratsa emana da behintzat.
Ikerketa honen kokapenak ere merezi du aipamenik, laborariak aldarriz adierazi zuelako baserritar perspektibatik egindako lana dela. Eta zein da horren arrazoia? Bada, baserritarrek borondate onez parte hartu omen dute hamaika ikerketatan, kontatu ezin adina aldiz zabaldu omen dituzte euren etxaldetako ateak eta, bueltan-bueltan, azkenerako ezer gutxi inporta dutela sentitzen omen dute, gehienetan akademikoak bere lana aurkeztu dezan eta gutxi gehiagorako balio omen du ahaleginak. EHNEko kidearen hitzak gurera ekarriz, «horrelakoekin, baserritarra arrotz sentitzen da bere etxean eta ez zuten perspektiba horretatik burutu nahi azterketa». Horretxegatik izan da Ladislao bera landa-lana egin duena, Urretabizkaiaren nozioei jarraika «Uste dugu garrantzitsua dela kokapen baserritarretik egitea, zeren, esaten den bezala: jakinduria baserritarra da eta akademiak sistematizatu egiten du», adierazi du Ladislaok.
Urretabizkaiak, bestalde, gogorarazi du eragin-eremu asko daudela eta liburu honetarako garrantzitsua egin zaiela baserritar-eredua zehaztea eta testuinguruan jartzea nola izan den intentzionalki aldatua politika publikoen bidez, nola, nekazaritzak ere, lokaletik globalerako bidea egin duen eragile desberdinen eskutik.
Ez da hutsetik sortutako lana, Baserritik Mundura jardunaldietan abiatutako gogoetatik dator honako lana. Feminismo baserritarra atera zen hizpidera orduko hartan eta elikadura kate konbentzionala zalantzan jartzearen premia. Kate hori erabat lineala da eta, adituen ustez, logika horretan ezin dira ulertu agroekologian dabiltzanen proposamen kolektiboak. Elikadura- katea ere, zirkularra dela gogorarazi dute, beste hainbat esparrurekin erlazionatuta dagoela eta elkar-eraginpean daudela. Hori dela eta, aurrekariei segika, zehar lerro feminista eta intersekzionala duen lana ondu dute gogoetatzeko zer ekarpen egiten duten antolakuntza-eredu kolektiboek elikadura sistemaren bisio zabalagoan. Ardatz feminista ez ezik, intersekzionala duen lana da, ezinbestekoa baita ulertzea, hala dio Urretabizkaiak, «pribilegio eta zapalkuntza ugari zeharkatzen diren dominazio sistema global batean bizi garela» eta horiek ulertu beharra dagoela egindako proposamenak iraultzaileak izan daitezen.
Horregatik, maila ezberdinetako analisiak egin dituzte, esaterako, antolakuntza-esperientzia agroekologikoen bidez eragiten diren komunitateei erreparatu diete eta hiru mailatan sailkatu dituzte. Hasteko, bertako komunitatea azpimarratu dute elkarrizketatuek, hortik hasten baita atxikimendua; ondoren, proiektu horiek herri mailako komunitatean duten eragin-ahalmena azpimarratu dute eta; gerora, eskualde mailakoa. Era berean, proiektuen beraien heldutasun puntua ere azpimarragarria iruditu zaie eta, hemen ere, hiru multzotan banatu dituzte aztergai izandako proiektuak: Liburuan aurki daitezke erakuntza-fasean dauden proiektuen gogoetak, alegia, 1-5 urte bitarteko bizitza dutenak; aurki daitezke, baita ere, egonkortze-fasean daudenak, hau da, 5-10 urte bitartekoak eta; jakina, baita fase helduan daudenak ere, 10-40 urte artekoak, horiek dira denetik pasa zaien eta azala, dagoeneko, ongi zaildua duten proiektuak. Esan bezala, beraz, errealitate desberdineko 15 proiektu bildu dituzte elkarrizketetan baina izan dira denek partekatu dituzten auziak, esaterako, oztopo instituzionalak. Proiektuen kolektibotasunak dakarren potentziala azpimarratu dute, espezializaziotik urruntzeak eta dibertsifikazioak dakarren autonomia gaitasun handiagoa eta sistema hegemonikotik urruntzea.
Agroekologiaren bueltan, gako ezinbestekotzat dute giza-harremanek landa ingurunean duten eragina eta merkatu-logika desafiatzeko ahalmena, izan ere, aztergai izan diren proiektuen oinarria da kooperazioa eta jakintzak, merkatuak, ondasunak, irabaziak eta propietateak partekatzea. Barneratua dute elkar-laguntza erabat iraultzailea dela sistema dominatzailearen aurrean. Hala ere, oztopoak egon hor daude eta erakundeen partetik jasotzen dituzten trabei leku egin diete.
Sistema aipatuta, Urretabizkaiak aukera eta mehatxu gisa identifikatu du: «sistema erortzen ari da eta jendea jabetzen ari da. Era berean, hainbeste egiten dute tira balore hegemonikoek balore kapitalista eta burgesetara, ezen, jendea jabetu arren, ia ezinezkoa dela koherentea izatea».
Bideragarritasuna eta aniztasuna
Beraz, zaila edo erraza da proiektu komunitario agroekologikoak bizitzea? Bada, denetariko erantzunak jaso dituzte. Aurrera egiteko gakoetako bat nora joan nahi den garbi izatea dela zehaztu dute hainbat proiektutako kideek, agroekologiak potentzialitate handia zabaltzen baitu. Norabideak, ordea, gora-beheratsuak izan daitezke eta erronka da espektatibak betetzen ez direnean zer gertatzen den eta nola mantentzen den taldearen sendotasuna. Jakina da kolektiboak indar handiagoa duela norbanakoak baino, ordea, inplikazio-mailak bereiztea eta txertatzea ezinbestekoa delakoan daude militantzia-eskakizunak oreka daitezen, denek ezin baitiote denbora eta ardura maila berari erantzun. Berdin gertatzen da erabaki-hartzeekin, kolektiboki hartzea hobesten da, baina jakitun dira horrek ordu mordoa eskatzen dituela, baita zaintza-arloarekin ere, denak zainduak senti daitezen lortzea ez baita nolanahiko helburua. Arantzatsua izanagatik, ezinbesteko bidea da hori, ibiliz ikasi eta hobetuko dena.
Ikerketan zehar, kontu batzuk agertu dira eta beste batzuk ez. Dibertsitatearen eta intersekzionalitatearen kasuan, Ladislaok eta Urretabizkaiak nabarmendu dute analisi partziala izan dela baina, baliagarria dauden eta ez dauden dibertsitateak identifikatzeko eta, batez ere, ikusteko zein pribilegio konpartitzen dituzten ikertutako proiektuek. Ikertzaileen esanetan, familia-loturei dagokienez, egia da aniztasun gehiago dagoela eredu tradizionaletan baino baina ez hainbeste gizarteko aniztasun orokorrarekin alderatzen bada. Adinari dagokionez, denetik identifikatu da, hasi 17 urtekoetatik eta 60 urte bueltakoetara. Ikasketetan ere denetarik dago, «bakoitzak ibilbide akademiko partikularra du».
Jatorri hiritarreko langileak eta landa-jatorrikoak ere denetarik identifikatu dituzte, baita klase-sozialari edo euskaradun eta gazteleradunei dagokienez ere. Aldiz, badaude beste dibertsitate batzuk presentziarik ez dutenak edo informaziorik agertu ez dutenak. Horiek dira, esaterako, genero-aniztasuna, betiere ulerkera bitarretik kanpo. Ez dago kontzientziarik edo, behintzat, ez da argiki hitz egiten trans eta ez bitarren errealitateaz, orientazio sexualaz, arraza- eta jatorri-aniztasunaz, dibertsitate funtzionalaz edo euskara eta gaztelera ez diren hizkuntzen gainean. Horien gaineko irakurketa egin eta esku-hartze ahalmena aztertu nahian, ez dute lan makala kaleratu EHNE Bizkaiko kideek, aurkezpenean borobildu zuten bezala, «ezinbestekoa baita jakitea zein dibertsitate daude presente eta zein ez, identifikatzeko zer dagoen egiteko errealitate dibertsoagoa izan dezagun».