Live

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Interview
Olatz Salvador
Musikaria

«Pop moderno asko egon daitezke eta denak dira ongietorriak»

Gogortasuna eta indarra dira ‘Zainak eman’ diskoaren sarreran Olatz Salvadorrek eskaintzen diguna. Diskoak hortik ere baduen arren, gozotik ere badu, baina barrua astintzen du ezbairik gabe. Elektronikara mugitu du bere pop musika Salvadorrek lan berri honetan eta goitik behera aztertu dugu diskoa.

Audio_placeholder

«Pop moderno asko egon daitezke eta denak dira ongietorriak»

Loading player...
‘Zainak eman’ disko berria aurkezten ari da Olatz Salvador udazken honetan.
‘Zainak eman’ disko berria aurkezten ari da Olatz Salvador udazken honetan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Kaixo Olatz, zer moduz zaude?

Ondo, lehenengo aldiz nire lana nonbait entzuten elkarrizketa baten harira eta gauzak sentitzen tripan.

‘Haragi bizitan’ abestia, diskoko introa-edo den hori, idazterakoan sentitu zenuen zerbait tripan orduan ere? Disko kontzeptuala da?

Bai, tripatik asko du disko honek eta uste dut esan daitekeela kontzeptuala dela. Egia da gero lizentzia batzuk daudela eta ez dagoela hain itxita kontzeptu honetara, baina bai saiatu naizela ‘Zain’ hitzetik sortu daitezkeen adar guzti horiei tiraka sortzen. Kontzeptuarekin momentu bitalak ere bat egin zuen eta argi bila edo fede bila ere banabil disko honetan.

Bizi garen garaiak sortutako zauriak aipatzen dituzu kantu honetan.

Lehen esaldia da «munduko minez esnatu naiz», eta pixkat hori da. Zerbait ez dagoela ondo konturatzea, alegia. Musikarekin ere klik bat egin nahi nion jendeari, akaso ez dagoelako ohituta tonu horretan eta gogortasun horrekin ni entzutera eta pixka bat borondatez egin dut hautu hori, jendeak ikusi dezan zer datorren diskoan eta orain non nagoen, ikus dadila zer haserrealdi edo min pasa daitezken gorputz honetatik.

Aurreko diskoa eta hau pixka bat antipodetan egon daitezkeelako, ezta?

Ez dakit nola deskribatu, baina ‘Aho-uhal’ ez zen hain arriskatua, estetika sonoro tradizionalago bat zuen eta honetan arrisku dezente gehiago hartu ditut.

«Ez dakit nola deskribatu, baina ‘Aho-uhal’ ez zen hain arriskatua, estetika sonoro tradizionalago bat zuen eta honetan arrisku dezente gehiago hartu ditut»

Poparen mundua beste norabide bat hartzen ari da orokorrean.

Ohiturak aldatzen doazen bezalaxe. Niri gustatuko litzaidake ezertara ez ohitzea guztiz. Artista bat definitzen duen esentzia bat egon daiteke, baina gainerakoa biltzen duen zelofana izaten da.

‘Zainak eman’ ez dakit odol-hustutzea den.

Izan daiteke, baina hiztegian begiratuta, ‘intuir’ bezala itzultzen da. Horregatik gustatu zitzaidan. ‘Aho-uhal’-ekin gertatu zitzaidan bezala, hasieran zerbait ikusten duzu eta gero, akaso, beste norabait eraman zaitzake. Jokoa eman zezakeen esamoldea zela iruditu zitzaidan, zaina, itxarotea ere badelako. «Itxaronaldiak ematen dizuna» ere izan daiteke.

Bigarren abestia da ‘Zarataz harago’. Pop modernoa aipatzen denean, hau da, ezta?

Ea, pop moderno asko egon daitezke eta denak ongietorriak. Zenbat eta aniztasun handiagoa egon, hobe denontzat ere.

Kantuaren hasieran badirudi atzekoz aurrera jarrita dagoela gitarraren soinua. Horrela da?

Gitarra hori agian konkretuki ez, baina disko honetan esplizituki efektu hori egotea nahi nuela eskatu nuen eta hainbat elementu entzun daitezke gisa horretara, ‘reverse’ delako efektuarekin.

Gitarra, orohar, oso sotil agertzen da diskoan, nahiz eta abesti batzuetan presentzia gehixeago duen.

‘Zarataz harago’ kantuan, gainera, estudiora ez nuen horrela eraman abestia. Beste akorde batzuk zituen, beste estetika bat… Banyolesen (Herrialde Katalanak) dagoen Oliveras estudioan izan nahiz hau guztia sortzen eta batzuetan kantua errespetatzen zen nik bidalitako proposamena kontuan hartuta, edota, ez zuten hortik ikusten eta halako aldaketak egiten zituzten.

Ekoizlearen eskuetan jartzeak hori dakar.

Proba asko, pista asko… Eta kantua bera goitik behera aldatu zutenez, letra ere aldatu behar izan nion. Estudioan melodiari zegozkion proba batzuk egiteko idatzi nuen hau eta horrela geratu zen. Estudioko magia.

Guadi Galego bezalako artistekin lan egin duten Pau Brugada eta Vic Moliner izan dira ekoizleak.

Nire tentazioa Clara Pella artista kataluniarraren disko bat entzuten eta flipatu nuenean piztu zen. Zuzenekoarekin ere txundituta utzi ninduen. Taldeko baxu-jotzailea zen Vic eta baita ekoizlea ere garai hartan. Entzun nuen momentuan sentitutakoa kontuan izanda eta zuen sofistikazioak ere limurtu ninduenez, eta deskriba ezin daitezkeen beste gauza batzuk ere bazeudenez… Haiekin hitz egin nuen eta, lan egiteko modua kontatu zidatenean, probatzea erabaki nuen.

Sofistikazioa, ongi ekarria. Moderno esan nahi nuenean lehen, hori zelako akaso hitza. Dena dela, Alba Morena izan duzu kolaboratzen eta zuri esker jende berria ezagutzen ere bagabiltza.

Bartzelonako artista bat da bera, nahiz eta egun Madrilen bizi den Universal etxean egiten duelako lan. Ekoizlea da alde batetik eta abeslaria ere bai bestetik. Nik sare sozialen bidez ezagutu nuen, Ines Osinagak haren musika gomendatu zidalako. Interakzio bat eduki genuen, umoretik eta feeling ona edukiz. Uste dut elkarri partekatu genezakeen halako energia bat luzatu geniola, bakoitzak besteari gure musika ibilbideko gauza on eta ez hain onak kontatu genizkion. Egia da grabaketaren eguna arte ez genuela aurrez-aurre ezagutzen elkar, baina sintonia hori mantendu genuen eta oso eroso egon ginen. Uste dut zeresana emango duela datozen urteetan pertsona honek, uste dut oso interesgarria dela eta oraindik jendeak ez duela hainbeste ezagutzen.

‘Zerbaiten zain’ kantuan dago bigarren kolaborazioa, Izarorena. Konturatu naiz hemen tesituran ez zaudetela hain aparte baina oso kolore desberdineko ahotsa duzuela.

Bada, bai. Eta pixka bat paradoxikoa egiten zait gure ibilbideetan jende asko konparatu gaituelako. Ez dakit, erreferentzialtasun falta egongo zela uste dut hor tartean. Nik hain desberdin ikusi ditut beti Izaroren proiektua eta nirea, pertsonalki oso gertu egon arren ere ez nuela ikusten musikalki hain gertu geundenik. Aldi berean asko gustatu zait berarekin kantu bat egin ahal izatea, ikusteko desberdintasun horretan ere zeinen polit elkartu gaitezkeen. Nik beti esaten diot berari harren tesituretara ez naizela iristen eta berak beti esaten dit nire ahotsa altuagoa dela berea baino. Ez dut uste horrela denik, baina berak ahotsa kokatzeko duen modu horrek kantaeran eragina duela eta horregatik iristen dela hain gora. Horregatik gustatzen zait hainbeste nola egiten dituen ahots koral horiek, nik egiten ez dakizkidanak, eta nola uztartzen garen eta horrek zer islatzen duen hori. Elkarrekin bide bat egiten ari gara eta elkarri laguntzen diogu horretan.

Orain bertigo pixka bat ematen dizu elektronikaren mundura, nolabait ere, batera eman duzuelako pausua? Horren inguruan giza-zarata sortzeko aukera dagoelako diot.

Antzekotasunak izan ditzake bere proiektuak eta nireak, edota bere sortze-prozesuak eta nireak. Baina desberdinak direla esango nuke, baina bertigo hori konpartitua izan daiteke. Eta zaratarenarekin bai, ez nintzen horretaz jabetu aurretik, baina arrazoi izan dezakezu. Iruditzen zait pixka bat tristea halakoak oraindik ere gertatzea. Gizonezkoek osatutako bi rock talde ez dira normalean konpetentzian jartzen, ez dira konparatzen, ez dira kanpotik tratatzen bata edo bestea izan beharko balitz bezala. Hori iruditzen zait aldatzen ari dela, baina hasiera batean horrela kokatu gintuzten batzuk.

«Iruditzen zait pixka bat tristea halakoak oraindik ere gertatzea. Gizonezkoek osatutako bi rock talde ez dira normalean konpetentzian jartzen, ez dira konparatzen, ez dira kanpotik tratatzen bata edo bestea izan beharko balitz bezala»

Tendentziek eragiten digutenaren baitan sortzen du askok eta gure ekosistema txikia da.

Bai, eta hau aipatzen zuen Carl Jung psikologoak ere, inkontziente kolektiboarena. Denok ditugu gauzak komunean eta sortzaileen munduan asko gertatzen da, nahi gabe, errepikatu egiten garela. Ez da zuzenean beste bati begira egin duzun zerbait, baizik eta inspirazio iturri bezala eduki duzun zerbaitetatik abiatuta sortu duzuna da. J Martinaren abesti bat entzun nuenean, nire diskoa bukatuta nuela, konturatu nintzen antzekotasun batzuk bagenituela. Hor badago zerbait, airean edo ez dakit nun, pertzibitzen duguna. ‘Basan’ atera eta bi egunetara Benizzek ‘Basati’ atera zuenean ere horrela sentitu nintzen, eta nire buruari esanaz «eskerrak lehenago iritsi naizen».

‘Zerbaiten zain’ abestiaren muinera itzuliz, perkusioek ere pisu handia dute hemen.

Behin ekoizleek eta biok bat egitea lortu genuen unetik, gustuko nituen tokietatik joaten ziren. Piano organikoa eta sintetizadoreak uztartzen zituzten bezala, gauza bera egin zuten bateriarekin ere. Horrek ematen dio kantuari oreka.

Banda mantentzen duzu?

Bai, baina taldekide berri bat izango da hemendik aurrera. Esti Beraza, Koban edota Raitx taldeetan aritutakoa, izango da gurekin sintetizadoreetan. Buruko min dezente sortu diogu eta oso eskertuta gaude. Grabatzen eta ekoizten ari nintzenean taldea oso presente izaten nuen, zuzenekoetan ea nola egingo genuen guztia pentsatuz.

Aurkezpen musikatuak dituzu lehendabiziko ‘zuzenekoak’.

Hau ere izan zitekeen halako bat. Irratiko bost minututan ez da zuk nahi duzun mamirik ateratzen eta diskoa patxadaz azaltzeko modua zen solasaldiena. Batzuk geratzen dira oraindik, Altzagaraten, Bilbon eta Donostian, adibidez. Haiek bukatu, eta urriaren 19an, lehen kontzertua Oñatin izango da.

Jaurlaritza Logoa