Live
Europako Batzordeak Europako Plazak ekimena burutu du berriki Hondarribian. Bertako hizlarietako bat Arola Urdangarin izan da, Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeko zuzendaria. Ekimen horretaz eta antolakundearen jardunaz hitz egin dugu ostegun honetan NAIZ Irratian.
Europako Plazak ekimenean aurkeztutako lan harremanen inguruko programa ildo hartuta, mugaz gaindiko langileen inguruko datu zehatzak eman dizkigu zuzendariak.
2016ko diagnostikoaren arabera, 4.000 langile inguruk zeharkatzen dute egunero Bidasoako muga, zentzu batean zein bestean, lantokira joateko. Gehitu du mugaz gaindiko lan eremu hori ez dela Europa mailako kopuruekin alderagarria, ez baita hain handia.
Mugaz gaindiko langileak
Gisa horretako langile batek izan ohi dituen lan- eta bizi- baldintzez ere aritu da Urdangarin. Mugaren alde batean lan egin eta beste aldean bizi da mugaz gaindiko langile bat, eta horrek eragina du, besteak beste, gizarte-segurantzan edo zergetan.
Gaineratu du «zalantza asko» sortu ohi direla afera horien inguruan, eta galdera horiek erantzutera bideratzen dute jarduna Euroeskualdean, «informazio hori langileei emateko, euren betebehar eta eskubideak ezagutu ditzaten».
Lan eskaintza eta eskaerari dagokionez, interes propioak sor litezke Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroa artean langileak kontratatzeko. Gainera, badira lehenesten diren sektoreak.
Bidasoako mugaren kasuan, ipar-hego mugimenduak suposatzen du fluxuaren % 83a. Bizilekua Pirinio Atlantikoetan eta lantokia Gipuzkoan edo Nafarroan dutenek osatzen dute, oro har, profil hori. Horien artean, 80ko eta 90eko hamarkadetan etexebizitza Hendaian edo inguruetan erosi zuten gipuzkoarrak dira nagusi, merkeagoa baitzen garai hartan.
Lan-sektoreka, sektore publikoko langile ugari zenbatzen dira, baita eraikuntzakoak eta autonomoak ere. Azken hauen zifra zehatzik ezagutzen ez duten arren, Urdangarinek azpimarratu du kopuru horrek «asko handituko» lukeela zenbatekoa.
Kultura, eleaniztasuna eta gazteria ardatz
Hizkuntza aldetik eremu berezia da Euroeskualdea. Euskara hizkuntza komun gisa izanik, gaztelera eta frantsesa menperatzea ezinbestekoa dela azpimarratu du Urdangarinek «mugaz gaindiko bizi bat garatzeko».
Horren inguruan egiten duten lanketa euskararen bultzadak ezaugarritzen du, baina eleaniztasuna dute lan-lerro nagusietako bat. «Lurraldeetako operadore desberdinei garatu eta finantzatzen dizkiegu proiektuak», azaldu du, «betiere gure lurraldeko hiru hezkuntzak garatzeko heinean eta, batez ere, euskara gure hizkuntza komun gisa garatzeko heinean».
Aipatu ekimenen artean, 20 hiritartasun proiektu finantzatu dira azkenaldian; izan ere, Euroeskualdeak bi proiektu-deialdi egiten ditu urtero. «Kultura, hezkuntza, gazteria, eleaniztasuna, kultura, kirola edo gizarte erronka garaikideen inguruko proiektuak” dira diruz laguntzen dituztenak, «Akitania Berriko, Euskadiko eta Nafarroako partaide bana», gutxienez, izatearen baldintzapean. Helburu dute elkar ezagutza hobetzea, sektore horietan partaidetza sustatzea eta lurralde kohesionatu bat garatzea.
Proiektu deialdi horien barnean, «kulturaren, eleaniztasunaren eta gazteriaren arloetako proiektuak» dira, batik bat, finantzatzen direnak.