Live
«Kalitatezko mahatsaren prezioan pentsatzeak beldurra ematen dit»
Arabako ardoaren salmenta jaisteak «krisia» eragin du ekoizle txikien artean. Itxaso Compañon Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteko lehendakariak sektorearen krisiaren berri eman du NAIZ Irratiko mikrofonoetan. Azaldu duenez, «desoreka» baten erdian daude.
«Kalitatezko mahatsaren prezioan pentsatzeak beldurra ematen dit»
Arabako ardoaren salmenta %4,4 jaitsi da urte arteko tasan 2024ko lehen bost hilabeteetan, Lakuako Gobernuaren datuen arabera. Ardo salmenta mundu osoan behera egiten ari denean, Araban urtea 254 milioi litroko ekoizpenarekin amaitzea aurreikusten dute, 2023an baino 123 milioi gutxiagorekin. 2015etik 2023ra 96 upategi itxi dituzte eta, ondorioz, 700 langile gutxiago daude. Sektorearen krisi egoeraren berri eman zion Itxaso Compañon Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteko lehendakariak atzo NAIZ Irratiari.
Belaunaldien arteko errelebo falta, kontsumo ohituren aldaketa, eta Errioxa Jatorri deitura «bolumen eske joan izana eta ez kalitatearen eske», horrek guztiak sortutako zurrunbilo horretan «ekoizle txikiak» dira kalteak gehien sufritzen dituztenak. Horren aurrean duten kezka adierazi zuen: «Kalitatezko mahatsa ze preziotan ordainduko den pentsatzeak beldurra ematen dit. Oso mahats ona dator, eta, seguruenik, inoiz ordaindu diren preziorik baxuenak izango ditu».
«Gehiegi ekoitzi dugu»
Honela deskribatu zuen ekoizle txikiak gertatzen ari dena: «Kontseilu Arauemailean hartzen diren erabakietan pisu handiena ekoizle handiek dute. Hauek mahats asko ekoizteko erabakia hartu dute, kalitatea pixka bat alde batera utzita. Mahats gehiegi ekoitzi dugu azken urteetan. Salmentak jaitsi direnez eta saltzen duguna baino gehiago ekoizten ari garenez, desoreka baten erdian aurkitu gara». Desoreka horren ondorioa hau da: «Ekoizle txikiek ezin dute ekoizten dutena saldu, eta inoiz baino prezio baxuagoak daude merkatuan nekazariei mahatsa ordaintzeko».
Horren eraginez, ardoa destilatu eta mahatsa bota behar izan dute. Izan ere, arazo horri aurre egiteko jarri dituzten baliabideek «ez dute ezertarako balio izan, ez dutelako ezer jarri mahai gainean egiturazko arazo bat konpontzeko».
«Arazoari aurre egiteko jarri dituzten baliabideek ez dute ezertarako balio izan, ez dutelako ezer jarri mahai gainean egiturazko arazo bat konpontzeko»
Ekintza bat abiatuko dute
Arabako Errioxako Upategien Elkarteko lehendakariak nabarmendu zuen «oso harro» daudela egiten duten ardoaz. «Badakigu munduko onenetarikoa dela». Hori dela eta, mahastizainak eta upeltegi txikiak elkartuko dituen ekintza bat abiatuko dute. Jatorri deitura batekoa izan edo ez izan –elkarteko batzuk Errioxako deiturakoak dira, besteak Arabako Errioxako sor-marka sortzen bada bertara joango dira, eta badira sor-marka batean egon nahi ez dutenak ere– bezeroak kontsumituko duen ardoa upeltegi txiki batekoa, Arabako Errioxakoa eta bertan lan egiten duen eta bizi den jendeak egina dela baieztatuko dute. Ekintza sorpresa da eta irailaren 26an aurkeztuko dute Gasteizko Merkatu Plazan.
«Ni Arabako Mahastietan sartuko nintzateke, baina baditut lagunak nahiago dutenak Errioxan jarraitzea. Zonaldean errespetuz eta ilusioz ikusten da auzia»
Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteak bertako mahastien sor-marka propio bat sortzea proposatu zuen. Afera judizializatu, eta politikarien aipagai ere bihurtu zen. Compañonek azaldu zuenez, orain auzia judizialki geldirik dago Errioxako Jatorri Deiturak Lakuaren aurka jo duelako esanez prozedura ez dagoela ondo eginda. «Ez doa auziaren muinera, formara doa. Epaileak erabaki behar du aurrera jarraitzen dugun edo berriro hasi behar dugun tramite osoa. Ni Arabako Mahastietan sartuko nintzateke, baina baditut lagunak nahiago dutenak Errioxan jarraitzea. Zonaldean errespetuz eta ilusioz ikusten da auzia. Jatorri deitura bat beti da zerbait positiboa herri batentzat», azaldu zuen.