Live

Naiz Irratia

«Tokiko ekonomia sustatzeko asmoz» bertako moneta soziala sortzea dute aztergai Baztanen

Pirinioen bi aldeetan, tokiko ekonomia iraunkorra sustatu asmoz, Europan mugaz gaindiko moneta sozial baten bideragarritasuna aztertuko dute, Nafarroako Gobernuak eta Baztango Udalak bultzatutako ikerketa baten bitartez. Fernando Anbustegi Baztango alkateak xehetu du proiektua NAIZ irratian.

Audio_placeholder

«Tokiko ekonomia sustatzeko asmoz» bertako moneta soziala sortzea dute aztergai Baztanen

Loading player...
Anbustegi eta Ollo ikerketarako hitzarmena sinatzen.
Anbustegi eta Ollo ikerketarako hitzarmena sinatzen. (Nafarroako Gobernua)

Nafarroako Gobernuako Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintza eta Euskara departamentuak eta Baztango Udalak bultzatu edo babestukotako ikerketa izango da honakoa, tokiko ekonomia iraunkorra sustatu asmoz, Europan mugaz gaindiko moneta sozial baten bideragarritasuna aztertuko dute. 30.000 euroko hitzarmena sinatu dute bi erakundeek.

Proiektu hau Baztango udaletik sortutako proiektu bat da. Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan duela hamar urtetik martxan den tokiko monetari begira egon dira betidanik baztandarrak. Euskoari begira zehazki, proiektu erreferentetzat dute. Hala adierazi du Anbustegik: «Euskoak onura asko ekartzen dizkie Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoari. Batetik ekonomikoki, bertan bertakoa inbertitzen delako, eta bestetik tokiko harremanak sendotzen dituelako, eta gizarte kohesioa handitzen duelako».

Baztanen kasuan, tokiko ekonomia iraunkorra sustatzea da jarritako helburuetako bat, Euskoaren adibidetik tiraka, hori baita moneta sozialaren oinarrietako bat. Hala ere, ez da proiektuari ezarritako helburu bakarra. Izan ere, Fernandok azaldu moduan, nahiz eta biztanle aldetik Baztan ez izan «oso handia», hedadurari dagokionean Euskal Herriko Udalerririk «zabalena» da. 15 herrik osatzen dute udalerria, eta hainbat udalerrirekin ditu mugak, edo Fernandoren hitzetan «zubiak». Tartean Lapurdi eta Behe Nafarroako zenbait udalerrirekin. Garai batean zenbait herrirekin lotura estua izan badu ere gaur egun harremanak ez dira lehen zirenak, baina ari dira hori aldatzeko ahaleginetan. «Azken urteetan ari gara lehenago naturalagoak ziren harremanak berreskuratzeko lanetan». Eta alkatearen ustez, moneta soziala horretarako tresna eraginkorra izan daiteke.

Tokiko ekonomia

Moneta bat sortzeko prozesuan tokian tokiko egoeraren argazkia egin behar izaten da, eta ekonomiari dagokionean Baztanen ia ez dagoela industriarik azaltzen du Anbustegik, «historikoki lurrari atxikitako lurralde bat izan da». Langileei dagokionean, bi enpresa nagusiak zaintzari loturikoak direla zehaztu du: 150 bat langile ditu Aitamendi ospitaleak eta 100 inguru adinekoen egoitzak.

Anbustegik azaldutakoaren arabera duela hamarkada batzuk arte Iparraldeko udalerriekin zegoen harremana askoz ere «sendoagoa» eta «naturalagoa» zen. Eta funtsean, ekonomia ere bazegoen, nekazaritzak eta abeltzaintzak bere jardunean gertutasuna eskatzen baitzuten. Baina kontrabandoa edo gaulana ere «oinarri sendoa» ziren eskualderako, eta hartu emanak askoz ere naturalagoak ziren.

Turismoa da egun Baztango ekonomiaren beste adarretako bat, izan ere azken urteetan indarra hartu duela kontatu du. Bestalde, merkataritza eta denda txikiz osaturiko eskualdea dela nabarmendu du, eta Iparraldearekiko lotura ekarri du gogora, berriro, «jende dexente etortzen da gurera erosketak egitera».

Baztango alkatearen hitzetan, «azken urteetan kapitalismoak eta mundu globalizatuak, politika oinarri hartuta Baztandarrak espainiara begira jarri dituzte eta Baigorri edo Urepel bezalako udalerriak Parisera begira, eta lehenago zubi zirenak muga bilakatu dituzte». Hala ere horren aurrean ez dira geldi geratu.

Lehendabizi Baztanen, gero gerokoak

Zubiei etengabe erreparatzen dieten arren, «momentuz», Baztanen landuko dute moneta soziala, eta gainera, Espainiako Banku Zentralarekin izan beharko luke lotura, legeak errespetatuz eta beharrezko bermeak landu behar dituzte horretarako Anbustegiren esanetan.

Oraindik martxan jartzen ari badira ere honezkero eragileen identifikazio bat egiten hasiak dira. Herritarrekin hitz egiten, eragile ekonomikoekin, merkatari txikiekin... Anbustegik azaldutakoaren arabera, ilusioz hartu dute proiektua. «Hemen, hemengoek, hemengoa ekoizteko».

Jaurlaritza Logoa