Live

Peli Lekuona - NAIZ Irratia
Interview
Rakel Arjol
Iruñeko Peñen Federazioko lehendakaria

«Ezin dugu onartu batzuek pentsatzea Iruñean edozer egin daitekeela; errespetua behar da»

Rakel Arjol gogotsu dago festei heltzeko, noski. Muthiko Alaiak peñako kide izateaz gain, Iruñeko Peñen Federazioko lehendakari berria ere bada eta hilabete biziak izan dira hauek berarentzat, bereziki azken asteak. Denek ongi pasatzea eta errespetatzea, horixe da Sanferminetarako bere desioa.

Audio_placeholder

«Ezin dugu onartu batzuek pentsatzea Iruñean edozer egin daitekeela; errespetua behar da»

Loading player...
Rakel Arjol, Iruñeko Peñen Federazioko lehendakaria.
Rakel Arjol, Iruñeko Peñen Federazioko lehendakaria. (NAIZ)

Iruñeko Peñen Federazioko lehendakariarentzat, Rakel Arjolentzat, Sanferminetarako nahirik handiena errespetua da. NAIZ Irratiarekin elkarrizketan, bereziki aipatu ditu txarangetako musikariak zaintzeko beharra, eta, jakina, emakumeak kalean, tabernetan, lokaletan, edozein tokitan beldurrik gabe eta lasai ibiltzeko pausoak emateko premia.

Peñakide bezala, zein izaten da txupinazorako plan aproposa?

Nik beti peñan ikusten dut, telebistan. Gainera, peña Alde Zaharrean, Estafeta kalean, dugunez, zuzenean ere entzuten dugu txupinazoa.

Hain zuzen, Muthiko Alaiak da zure peña. Nolako ekimenak antolatzen dituzue?

Gure txaranga uztailaren 7tik aurrera egunero ateratzen da, eta horretaz gain kontzertuak eskaintzen ditugu bai bermuteko orduan bai arratsaldean.

Peñen bereizgarria izaten da girotze eta txaranga irteera horietan pankarta handi bat eramatea. Aurten, Muthiko Alaiak peñan zein elementu topa ditzakegu?

Gure pankartan hainbat aldarrikapen ikus daitezke: feministak, LGTBI kolektiboarekiko elkartasuna, Palestinako ikurra eta Jagobari agurra, nagusiki.

Nola egiten duzue zer sartu eta zer kanpoan utzi erabakitzeko?

Peña bakoitza bere modura antolatzen da. Guk, adibidez, lehiaketa bat egiten dugu: nahi duten pertsona guztiek zirriborro bat aurkezten dute eta gero bazkideok bozkatzen dugu gustukoa.

 

Peñak maiz biltzen gara eta bilera horiek antolatu behar dira. Kanpoko eragileekin ere harremana mantentzen dugu. Peñen arteko kohesio hori lantzen dugu.



Aurten Iruñeko Peñen Federazioak zuzendaritza berritu du eta zu zara lehendakaria. Nolakoak dira izendapenaren osteko hilabeteak?

Kañeroak. Urtarrilean hasi nintzen eta lehenengo hilabeteak lasaiagoak izan ziren, baina nik ere ikasten joan behar nuenez, lanpetuta ibili nintzen. Ekaina eta uztaileko lehen aste hau nahiko potenteak izan dira.

Zer nolako lanak egin behar dira?

Peñak maiztasun handiarekin biltzen gara eta bilera horiek antolatu behar dira. Kanpoko eragileekin ere harremana mantentzen dugu. Peñek ekitaldi amankomunak ditugu eta horiek antolatu behar ditugu. Peñen arteko kohesio hori lantzen dugu.

2023ko Sanferminen balorazioan nabarmendutako elementu bat peñekin doazen musikarientzat errespetu eskaera izan zen. Zer gertatzen da halako eskaera bat egin behar izateko?

Txarangetako musikariek ordu pila bat ematen dituzte kalean, lanean ari dira, eta zaindu egin behar ditugu. Orokorrean jendeak ongi tratatzen dituen arren, beti dago norbait mozkor dagoena eta ez duena baloratzen langileak direla. Jolas moduan hartzen dute, adibidez, tronpeta hartzea. Guk beti eskatzen dugu errespetua, noski, pertsona guztientzat eta bereziki txarangentzat.

Iruñera joateko intentzioa dutenei zein aholku emango zenieke?

Esango nieke ahal duten hoberen pasatzeko baina Iruñea zaintzeko, iruindarron hiria da eta badakigu bederatzi egun luze ematen ditugula Sanferminak ospatzen, baina ezin dugu onartu pertsona batzuek pentsatzea Iruñean edozer egin daitekeela uztailaren 6tik 14ra; hori ez da horrela, pertsona guztiak errespetatu behar dira. Argi utzi nahi dugu ez dugula eraso sexista bat ere onartuko eta egotekotan aurre egingo diogula makinaria osoarekin. Ongi pasatzeko gomendatuko nieke, baina alboan dituzten pertsonak errespetatuz.

 

Aurten lehenengo aldiz emakume pilotariek finala Sanferminen barruan jokatuko dute, uztailaren 12an hain zuzen, eta guk txaranga bat jarriko dugu alaitzeko.



Deigarria izan daiteke Peñen Eguna Sanferminetatik kanpo ospatzen dela. Aurten ekainaren 29an egin zen. Nolatan egiten da festa egunetatik kanpo?

Egun horretan berez egiten duguna da pankarta guztiak aurkeztea. Bi egun lehenago aurkezten dira marrazkiak modu digitalean, baina hor peña bakoitzak berea egina eramaten du, oihalean, eta jendeak oso gustuko du ikustea jada eginak daudela, egiazkoak direla. Horretaz gain, hainbat ekitaldi egiten ditugu. Aurten, Tarragonako Casteller bat ekarri dugu. Ondoren, bazkari herrikoia izaten dugu eta arratsaldean, kontzertuak.

Federazioak sustatutako beste ekimen bat Emakumezkoen Pilota Txapelketa da, Labriten bertan.

Txapelketa sustatzen dugu, berez Ados pilotak antolatzen baitu. Ikusgarritasuna ematen saiatzen gara, aurten lehenengo aldiz finala Sanferminen barruan jokatuko dute, uztailaren 12an hain zuzen, eta guk txaranga bat jarriko dugu alaitzeko. Emakumeen kirola sustatzen dugu, batez ere pilota, Sanferminetan Iruñeko kirola baita. Oso garrantzitsua ikusten dugu bertan emakumeen parte-hartzea bultzatzea.

Azken urteetatik hona Peñen Federazioak badu Talde Feminista. Peñak emakumeentzako espazio seguruak izatea aldarrikatu da. Nolakoa izan da talde honen jarduna?

Azken hilabete hauetan taldea lanean ibili da peñetako protokoloak adosteko eta martxan jartzeko. Sanferminetan protokolo amankomuna dugu mugimendu feministarekin eta Iruñeko Udalarekin eta argi utzi nahi dugu peña guztiak leku seguruak izango direla eta emakume batek eraso sexista bat sufritzen badu protokoloa martxan jarriko dela eta horri erantzungo zaiola. Egia da urtean zehar ere peñetan bizitza eta mugimendu handia dagoela eta beharra ikusi genuen Sanferminetatik kanpoko beste festa horietan protokoloak aktibatzeko beharrezkoak izango balira.

Zezenketen aurkako taldeek peñei eskatu diete zezenketarik gabeko sanferminetaranzko bidean lidergoa izan dezaten. Zer esango zenuke horri buruz?

Ezer gutxi daukat esateko, azken batean peña bakoitza da bere sarrerak erosten dituena, hor bai peña bakoitzak erabakitzen duela zenbat sarrera erosi nahi dituen edo erosi nahi al dituen. Badakit jendeak ikusten duela kanpotik hau egiten dugula denok amankomunean, baina ez da horrela: peña bakoitza da bezeroa eta bere bazkideek erabakitzen dute. Badakit eztabaida kalean dagoela, baina jendeak jakin behar du peña bakoitza dela erabaki hori mugitu behar duena.

 

Nire peñako txaranga lehen aldiz ateratzen deneko unearekin gelditzen naiz, uztailaren 7an. 6a oso egun polita da, baina peñen jarduerak 7an hasten dira.



Etorkizuneko Sanferminen inguruan zer nolako desioak dauzkazu?

Nire desiorik handiena emakumeok lasai egon ahal izatea da; kalean, tabernetan, lokaletan, edozein tokitan beldurrik gabe eta lasai ibiltzea. Agian ez zara beldur jende askorekin zaudelako, baina badakigu une askotan emakumeak ez daudela egoera atseginean. Ea behingoz matxismoa bukatu eta emakumeok festaz askatasunez disfrutatu ahal dugun.

Zer eskatuko zenieke 2024ko Sanfermin hauei?

Denok ongi pasatzea eta pertsona guztiak errespetatzea. Iruñea oso anitza da eta guztiok dugu tokia, eta guztion ekarpena beharrezkoa da elkarbizitza hori eman ahal izateko eta gerta daitezkeen liskarrak saihesteko.

Une berezi askoren batura izaten dira Sanferminak. Zuretzat zein da une kutuna?

Nire peñako txaranga lehenengo aldiz ateratzen deneko unearekin gelditzen naiz, uztailaren 7an. Uztailaren 6a oso egun polita da, baina peñen jarduerak 7an hasten dira. Oso txarangazalea naiz eta lehenengo abesti horrekin gelditzen naiz.

Jaurlaritza Logoa