Live

Oinatz Aizpuru
NAIZ Irratia. Haria 2ko gidaria

Eider Mendoza, erreforma fiskalaz: «Bizkaia eta Araba guri begira daude»

Kargua hartu zuenetik urtebetera, Gipuzkoako egoeraren errepaso zabala egin dugu Eider Mendoza diputatu nagusiarekin. Batzar Nagusiek landutako erreforma fiskala, aurrekontuekiko negoziazioak edota azpiegitura handien proiektuak izan dira aipatutako gai nagusien artean.

Audio_placeholder

Eider Mendoza, erreforma fiskalaz: «Bizkaia eta Araba guri begira daude»

Loading player...
Diputatu Nagusiak Gipuzkoari eragiten dieten gai nagusien ingurukoak ekarri ditu.
Diputatu Nagusiak Gipuzkoari eragiten dieten gai nagusien ingurukoak ekarri ditu. (NAIZ Irratia)

Gipuzkoan kargu foral gorenera heldu aurretik, bazuen eskarmentua Foru Aldundiko lehen lerroan Eider Mendozak, besteak beste, Markel Olano aurreko diputatu nagusiaren Gobernuko diputatu nagusiorde eta bozeramaile izan zen-eta. 2023ko foru hauteskundeen ostean izendatu zuten diputatu nagusi jeltzalea, EAJ, PSE eta PPren botoekin Batzar Nagusietan, nahiz eta lehen bi alderdiek soilik osatzen duten koalizio Gobernua. Dena den, elkarlana dago euren oinarrian Mendozak dionez. «Alderdi Sozialistarekin ondo doa, topatzen ditugu ere esparruak gainontzeko alderdiekin eta erakundeekin. Hori da naturala».

Kargu hartzetik urtebete igarota une aproposa da lurraldearen egoera errepasatzeko, eta horixe bera egin du NAIZ Irratiaren mikrofonoetan, hain zuzen ere, erreforma fiskala gauzatzeko ponentziaren bilerak amaitu diren aste berberean. «Oso arau garrantzitsua da aterako dena Batzar Nagusietatik», dio diputatu nagusiak, erreforma fiskal horri erreferentzia eginez. Eta garrantzitsua dela dio, bi arrazoirengatik; «fiskalitateak balio duelako alde batetik nahiko baliabide publiko sortzeko zerbitzu publiko egokiak eskaintzeko herritarrei», Mendozaren arabera, eta bestetik «fiskalitatea gure lurraldean eta gure herrian ikusten delako tresna bezala eragiteko, ekonomia hazteko, familiei laguntzeko». Zentzu horretan, alderdien eta ponentzian parte hartu duten eragileen elkarlana nabarmendu du. Eta aipatu du erronkei «aurre egiten» ekarpena egiten dutenei pizgarriak eskaintzearen alde dagoela.

Bada arlo fiskaletik akaso Gipuzkoan azaleratu den abagune bat, elkarlanari dagokionez eta bide-orri posible bat markatu dezakeena beste foru Ogasunentzat: «Bizkaia eta Araba guri begira daude, guk aukera asko ikusten ditugu talde txostengile honen eskutik», nabarmendu du Mendozak. «Ondo egin ditugu gauzak, ikasi dugu asko eta uste dut asmatuko dugula bide horretan», ondorioztatu du.

Aurrekontuekiko baikor

Eta nork daki erreforma fiskalaren ponentzian Mendozak aipatutako giro horrek isla ote duen aurrekontuen negoziazioan, gaur gaurkoz luzatuta baitituzte Gipuzkoan. Gaiaz galdetuta, aurrekariak jarri ditu mahai gainean lehenik Mendozak: «Aukera ikusi genuen oposizioko hiru taldeekin adostasun batera iristeko, baina hauteskunde giro horrek erabat baldintzatu zuen eta ez zuen posible egin».

Batzar Nagusietan EH Bildurena da talde politiko handiena eta koalizioarekin lortutako akordio batek babes zabala emango lieke 2025eko aurrekontuei. Baina berez, PPren botoak nahikoa lirateke, Araban gertatu bezala. «Eta orain zer?» galdetu du diputatu nagusiak, «ba guk aukerak ikusten ditugu benetan legealdi honetan zehar hainbat alorretan adostasunetara iristeko gainontzeko alderdiekin». Are gehiago, oposizioko alderdiei dei egin die euren botoak euren helburuak lortzeko erabil ditzaten. «Zergatik ez oposizioko talde batek esan ‘Gobernua gutxiengoan dago, nik ere nire zigilua utzi nahi dut legealdi honetan’?», iradoki du.

AHT eta errepideak

Urteko sasoi jakin batzuetan edo gertakari zehatz batzuk direla medio, (nekazarien 24 orduko Biriatuko blokeoa amaitu zutenekoa kasu), aspaldikoak eta ezagunak dira auto pilaketak Gipuzkoako ekialdean. AP-8 eta GI-636 errepideetan ematen dira bereziki, baina behin baino gehiagotan zabaldu dira ere inguruko errepideetara. Mendozaren esanetan, aspaldidanik ari dira Behe Bidasoko udalekin elkarlanean arazoari irtenbide bat emateko, baita Lakuarekin ere, baina argi utzi du arazoaren jatorria ez dagoela Gipuzkoan: «Ez da gure errepideetan gertatzen den kudeaketa arazo bat, baizik eta mugan, Biriatun. Auto pilaketak iristen dira Irungo bidesariraino eta handik Oiartzuneraino ere».

Lakuatik duela aspaldi diote AHT-ren Gipuzkoako zatirik handiena eginda dagoela. Horietako lehen trena martxan ikusteko datarik ez, eta trenbideetan baino, geltokietan dago eztabaida uneotan gipuzkoar lurretan. CO2 emisioak murrizteko beharrean justifikatu du AHT-ren beharra, eta berretsi du bere jarrera Nafarroarekiko lotura Ezkio-Itsasotik egitekoa dela.

Renferen aldiriko trenetan dauden egiturazko arazoak ere oso ezagunak dira Gipuzkoan, bereziki Jose Antonio Santano egungo Garraio Estatu idazkariak bi hamarkadaz agindu zuen herrian, Irunen. Bertan abuztu osoa emango dute zerbitzurik gabe. Arazo horien inguruan, Santanori dagoeneko bilera eskatu dio Mendozak. Horrez gain, Lakuak aldirien eskumena bereganatu arren, eskualdatze prozesua abian da oraindik eta, erabat gauzatu arte, «erantzunkizun hori espainiar Gobernuarena da», azpimarratu duenez.

Jaurlaritza Logoa