Live
«Egunekin sentsazioak aurkitzen baditugu eta iazkoa berdintzen badugu, gustura egon gintezke»
Egun gutxi falta dira Tourra Florentzian hasteko eta Ion Izagirre (Ormaiztegi, 1989) «gogotsu» dago hasi eta sentsazioak zeintzuk diren ikusteko. Suitzako Tourrean erorikoa izan eta saihets bat hautsi zuen, baina egunak aurrera joan ahala hoberantz joango denaren «esperantza» du.
Ion Izagirre-Tourra2024
Larunbatean emango zaio hasiera aurtengo Tourrari. Italian, Florentzian, hasiko da; iaz Bilbotik irten zenaren antzekoa, «gogorra». Bukaera, ordea, aurten ere, ez ohikoa izango da Olinpiar Jokoengatik. Izan ere, Nizan amaituko da, erlojupeko batekin; beraz, ez da esprintik izango Eliseo zelaietan. Honi buruz, faboritoei buruz eta, gehien bat, Ion Izagirreren egoerari buruz hitz egin dugu ormaiztegiarrarekin NAIZ Irratian urteko lasterketa handiena hasi eta egun batzuk lehenago. Eta adi, lehenengo egunetik «showa» izango dela aurreratu baitu gipuzkoarrak.
Lehenik eta behin, Suitzako Itzulia utzi behar izan zenuen eroriko baten ondorioz. Zer moduz zaude?
Ongi. Egun batzuk pasatu dira eroriko hartatik; oraindik badauzkagu erorikoaren ondorioak, baina, egia esan, bidean goaz eta Tourra hasteko gogoz.
Espainiako Txapelketetan ez zara izan, erorikoagatik edo beste zerbaitengatik?
Bai, erorikoagatik. Hurrengo egunetan azterketa batzuk egin zizkidaten eta ikusi zen saihets bat hautsita neukala. Erabaki genuen, talderekin hitz egin ostean, Espainiako Txapelketa ez korritzea, etxean egun batzuk gehiago lasai egotea saihetsa ahalik eta ondoen osatzeko eta gehienbat helburua Tourra delako.
Nahiz eta errepidean aurkariak zareten, euskaldunak ematen ari diren maila hor dago: Alex Aranburu Espainiako txapeldun eta Belgikan ere maila onean; Oier Lazkano, bigarren, eta Dauphinen ere bikain; eta Pello Bilbaok etapa garaipena lortu zuen Eslovenian. Ez da gutxi.
Zuk esan duzuna; ikusten da, azken aste hauetan garaipenak ere iritsi direla: bai Espainiako txapelketan eta Belgikan Alex Aranburu, eta Pello Bilbaok oso urte ederra darama. Emaitzak hor daude eta besteok ere saiatuko gara aurten Tourrean maila ona ematen.
Tourra ate joka dugu. Larunbatean hasiko da Florentziatik, ohikoa baino lehenago aurten, Olinpiar Jokoen ondorioz, eta Cofidis taldeak baieztatu du bertan izango zarela. Nola zaude?
Gogotsu bai. Erorikoaren ondorioz, entrenamendu aldetik ez da asterik egokiena izan. Nik uste dut, prestakuntzan atzera pauso bat eragin didala, baina espero dut egunak aurrera joan ahala, hobeto sentitzen joatea eta saihetsa arazo bat ez izatea.
Iazkoa berezia izan zen Euskal Herritik abiatu baitzen, garaipena ere lortu zenuen. Tour batzuk dagoeneko lehiatu dituzu, baina iazkoa izango da buruan ea bihotzean geratzen den horietakoa, ezta?
Bai. Etxean hasita, hasiera horrekin bakarrik oso berezia izan zen eta, aparte, etapa garaipenarekin, gogoan izango dudan Tourra izango da, noski.
Zaila al dago iazkoa hobetzea edo anbizioa gehiagora doa?
Hobetzea zaila izango da [barre egiten du], baina gogotsu nago nire burua ikusteko, batez ere eroriko honen ondoren Suitzan. Fisikoki ere ez nintzen oso ondo aurkitu eta bai zalantza batzuekin hasiko dudala Tour hau. Espero dugu, lehen esan bezala, egunak aurrera joan ahala, sentsazioak aurkitzen joatea eta iazkoa berdintzen badugu, gustura egon gintezke.
«Helburua azkeneko Tourretakoa izango da: presentzia izan ihesaldietan eta etapa garaipena lehian egoteko asmoa daukagu taldeko gehientsuenok»
Lehen aipatu bezala, Cofidisek zortzikoa baieztatu du. Zurekin arituko dira Bryan Coquard, Guillaume Martin, Jesus Herrada, Simon Geschke, Alexis Renard, Axel Zingle eta Piet Allegaert. Zein helbururekin zoazte, bai pertsonalki eta bai talde mailan?
Pertsonalki, azkeneko Tourretan izan dugun antzekoa: presentzia izan ihesaldietan eta etapa garaipenen lehian egoteko asmoa daukagu taldeko gehientsuenok. Bestetik, Guillaume Martin beti izaten dugu sailkapen nagusian borrokan lehenengo 10 postuetan sartzeko; lehengo urtean lortu zuen eta aurten seguru hor aurrean ikusiko dugula. Badakigu Tourra lehiatzeko beste faborito batzuk daudela, baina guk gurea ahalik eta hoberen egiten saiatuko gara eta ea zorteak ere laguntzen digun.
Ibilbideari dagokionez, begiradatxo bat botako zenion ziur aski. Iaz Euskal Herritik gogor hasi zen, baina aurtengo hasiera ere ez da makala. Italiako lehen bi etapak, segituan Galibier dator...
Bai, egia esan ez dut asko ikusi [ibilbidea]. Behin Tourrera bidaia egiten duzunean eta han zaudenean denbora gehiago izaten duzu horretarako. Egia da lehenengo etapa hemen Bilbon izan genuenaren antzekoa izango dela: oso etapa gogorra, sailkapen nagusikoentzako egokia izango den etapa bat eta lehenengo diferentziak sortuko dituena... Lehenengo egunetik showa izango dugu.
Zuk aipatu moduan, erorikotik etorrita, ez dira agian aproposenak zuretzat, baina proba bat egiteko ondo, ezta?
Bai, hori da. Horregatik nion zalantza askorekin hasiko naizela ez dakidalako zein puntutan iritsiko naizen. Denborak erakutsiko dit aurrera egingo dudan edo ez, baina esperantza aurrera egitekoa da, saihetsa ahalik eta ondoen osatzen joatea eta etapa asko egongo dira bidean eta ihesaldietan murgiltzen saiatuko gara.
Eta bukaera, aurten ere, ez ohikoa. Nizan amaituko duzue, erlojupeko batekin. Ez da esprintik izango Eliseo zelaietan.
Bai, hala da. Pixka bat pena ematen du. Hain polita izaten da azkeneko egun hori, Parisen, oso sinbolikoa gainera. Baina Olinpiar Jokoengatik aldatuko dute hori; ezberdina izango da, erlojupekoa, eta hori bai, etxetik gertuago.
Beraz, esprinterrak ez zaretenok ere gozatzen duzue azken etapa hori?
Bai, bai. Egia da behin Parisen sartuta, broma gutxi egoten dela. Beti esaten da paseo bat dela, baina gaur egun paseo gutxi. Azkenean, sinbologia du, Paris erdian, txikitatik ikusi duzun esprint horrek beti izan du izena. Gero ere Tourra bukatzeko modu hori, gero taldearekin gauean ondo ospatze hori, azkenean hilabete eskas egoten zara taldekideekin beti borrokan aurrera eta atzera, eta gaueko afaritxoa Tourra ondo bukatzeko ondo etortzen da; gustura egoten gara, bai.
«Aurtengo urtea ez doa oso ona niretzako ez emaitza aldetik eta ez sentsazio aldetik ere. Egia esan, urteroko gauza berdintsuak ari naiz egiten, bai lasterketa eta bai prestakuntza aldetik, baina kirola hala da»
Denboraldiari begira, esan duzu Suitzako Tourrean ez zenituela sentsaziorik onenak izan, erorikoa gainera; Itzulian bederatzigarren izan zinen, hemen ere eroriko txiki bat izan zenuen... Zein balorazio egiten duzu orain arte?
Aurtengo urtea ez doa oso ona niretzako, ez emaitza aldetik eta ez sentsazio aldetik ere. Egia esan, urteroko gauza berdintsuak ari naiz egiten, bai lasterketa eta bai prestakuntza aldetik, baina kirola hala da. Gauza batzuk ez ditugu gure esku eta etortzen diren bezala onartu behar dira. Orain arte gauzak ez dira oso ondo atera, baina horri buelta emateko prest gaude.
Hautagai nagusiei begira, aurten ez dakit Pogacarri irabazteko norbait ikusten duzun. Vingegaard izan izango da, Vismak baieztatu zuen pasa den astean, baina ikusi beharko da nola iristen den; Roglic ere hor da, Evenepoel nik behintzat ez dut maila horretan ikusten... Zuk nola ikusten duzu?
Nik uste dut gehienok pentsatzen genuela Vingegaard izango zela arerio nagusia, baina ez dakigu zein mailatan iritsiko den. Eroriko larria izan zuen Itzulian eta horri buelta emateko eta Tourra prestatzeko ez dakigu nola iritsiko den, astirik izan duen, zein mala izango duen. Eta ikusita Pogacarrek daraman sua orain arte; lasterketa guztietan zapaltzen ari da, Giroa ere aise irabazi du eta berak daraman taldea ere ikaragarria da, oso konpletoa eta indartsua darama. Nik uste dut zaila dagoela. Egia da hiru asteko itzulia dela eta edozer gauza gerta litekeela, baina gauzak ondo joanda, Pogacarri lehen postua kentzea zaila izango da.
«[Gorka anaia] Bizitza osoa daramagu elkarrekin, ia talde berdintsuetan, eta lasterketetatik kanpo ia egunero ibiltzen gara entrenatzen. Niretzat laguntza handia da»
Tourrean, bizikleta gainean aldamenean ez duzu izango, baina Gorka anaia taldekidea duzu aurten. Astanan, Movistarren eta Euskaltelen batera ibili zineten eta orain berriz elkartu zarete. Gustura al zaudete?
Bai, bai. Bizitza osoa daramagu elkarrekin, ia talde berdintsuetan, eta lasterketetatik kanpo ia egunero ibiltzen gara entrenatzen. Niretzat laguntza handia da.
Bizikletan aldamenean ez, baina ez dakit bertan izango den animatzen edo laguntzen...
Ez dakit. Badakit oraintxe astetxo lasaia hartu duela familiarekin oportxo batzuk hartzeko, eta ez dakit asmorik izango duen. Berak bere prestakuntza eramango du hurrengo helburuetarako eta ez da erraza gure bizitzarekin bueltaka ibiltzea eta etapak ikustera joatea.
Olinpiar Jokoak ere ez dira urruti. Azken bietan, Tokion eta Rion, izan zara. Aurten, bertan izateko esperantzarik al duzu?
Egia esan, ez daukat inongo berririk. Espainiako hautatzaileak ez dit deitu, ez dit inongo mezurik utzi, ez dakigu selekzioa nondik nora izango den. Esperantza asko ez daukat; plazak ere ez dauzkagu asko, hiru. Ibilbidea ere agian beste txirrindularientzako egokiagoa da. Egia da aurtengo urtea ez zaidala oso ondo ateratzen ari eta ez dut uste boleto askorik izango ditudan joateko.