Live

Sustraietako musiketan murgildu da ‘Taupada’ diskoarekin Suon

Peru Arregi (Donostia, 1992) da Suon proiektuaren atzean dagoen pertsona. Ondra taldearen ibilbidea geratu ostean, bakarkako bideari heldu dio musikariak eta folketik abiatutako disko bat ondu du. MusikHaria saioan haren xehetasunak kontatu ditu.

Audio_placeholder

Sustraietako musiketan murgildu da ‘Taupada’ diskoarekin Suon

Loading player...
Peru Arregi donostiarraren bakarkako proiektua da Suon eta ‘Taupada’ haren lehen diskoa.
Peru Arregi donostiarraren bakarkako proiektua da Suon eta ‘Taupada’ haren lehen diskoa. (SUON)

Zortzi abestiz osatutako diskoa da ‘Taupada’, Suon proiektuaren debuteko lana. Peru Arregi donostiarrak bakarkako bideari heldu dion honetan, sustraietara, erroetara, jo duela esan daiteke kantuak sortzerakon. Elementu organikoak dira nagusi, bere ahots bereizgarri hori modu ederrean baliatu du eta instrumentu edo soinu primitibo samarrak ere batu dizkio abestiei.

‘As it fades’ kantuarekin zabaltzen du lana. Gerora berriz ere entzungo ez dugun ukelele bat erabili du instrumentu nagusi bezala, ukelelean ohikoa ez den akorde progresio bat eta bi ahots ditu elementu nagusi. Gordina dela esan daiteke. Abestiaren bukaera hurrengoarekin lotu daiteke gurutzatuko bagenitu. ‘Planeten dantza’ abestian hiru hizkuntza elkarbizitzen jarri ditu Arregik. Kantu nahikoa perkusiboa dela esan daiteke, single moduan aurkeztu zuena.

Apalatxeetan, ibaian gora abentura bidaia moduko bat irudika dezakegu ‘In your eyes’ abestia entzutean. Txistuak, perkusio bereizgarriak… halako kontuak ditu kantuak eta kontatzen digunarekin erabat basatia den Ipar Amerikako lurralde horretara eraman gaitu Suonek.

Barruko piztiaz mintzo da ‘Herria’ kantuan, otsoa aipatzen du, kaltea egiten duen otsoa… Euskal Herrian izan dugu halakorik. Oso gurea den erritmo batean oinarritzen da, elementu gutxi eta distortsioaren presentzia duen abesti bat osatzeko. Segidan datorren ‘Mutiko’ kantu instrumentalak, berriz, latinoamerikako ukitu bat badu, baita flamenkoarena ere. Esan dugun bezala, sustraietako musiketan barna gabiltza ‘Taupada’ disko honetan.

‘Statues’ kantuan soinu eta zarata desberdinak entzuten ditugun bitartean, taupadek garrantzia berezia hartzen duten ‘Samsara’ kantura egiten dugu salto. Sehaska kanta moduan uler genezake, berezia izanagatik ere baduelako halako kutsu bat, bere ‘kejio’ eta guzti. Gainera, ‘Baby wolf’ kantuarekin bukatzen da diskoa, askatasun kantu bat, ohikoa den folk balada batean.

MusikHaria saioan izan genuen elkarrizketan kontatu zizkigun xehetasun gehiago eta horiek guztiak goian dituzue entzuteko moduan. Gainontzean, gozatu diskoaz, merezi du-eta.

Jaurlaritza Logoa