Live

Naiz Irratia

Iker Iraola, EHUko soziologoa: «Gaur egungo gazteak ez daude politikatik hain kanpo»

Populazioak politikarekiko duen atxikimenduari dagokionez, errealitateak eta gizartearen zati handi batean nagusitu den kontakizunak ez dute beti bat egiten. Gazteak dira horren eredu argia. Iker Iraola EHUko soziologoaren arabera, asko dira, jakin gabe, «praktika politikoak» egiten dituztenak.

Audio_placeholder

Iker Iraola, EHUko soziologoa: «Gaur egungo gazteak ez daude politikatik hain kanpo»

Loading player...
Iker Iraolak gazteek politikarekiko duten interesa ikertu du.
Iker Iraolak gazteek politikarekiko duten interesa ikertu du. (NAIZ Irratia)

Ultraeskuinaren gorakadarekin, segurtasunarekin eta migrazioarekin batera, herritarrek politikarekiko sentitzen duten ustezko urruntasuna eta utzikeria daa ekainaren 9ko EBko hauteskunde kanpainako gai izarretako bat. Aspaldidanik esaten da-eta herritarrek gero eta arrotzago sentitzen dutela politikagintza eta, bereziki, gazteek. Baina Euskal Herrira begiratuz ordea, datuek bestelako argazki bat erakusten dute, konplexuagoa. «Gaur egungo gazteak ez daude politikatik hain kanpo», dio EHUko soziologo Iker Iraolak. «Eta beste aldean berdin, orain dela hamarkada batzuk ez zuten hainbeste parte hartzen. Orain dela hamarkada batzuk ez ziren denak iraultzaileak. Ez bata ez bestea», gaineratu du.

EHUko ikerlariek egin duten ikerketa horrek uste zen bezain finkoa ez den egoera bat utzi du agerian, baina bada dena den, politikarekiko joera negatiboago bat gazteen artean Iraolaren esanetan, «ikusten dugu gazteen artean politikarekiko urruntasuna handitzen ari dela». Baina zehaztu behar da, era berean, politikagintza eredu klasiko batekiko sentitzen dutela urruntasun hori, «politikaren ikuspegi tradizional edo murritz batekiko urruntasuna», alegia. Ikerlariek estuki lotzen dute, bide batez, politika kolektiboarekiko interes eza, mendebaldeko sistema kapitalistak bultzatzen duen «indibidualismoarekin». Politika ulertu eta honetan jardun ahal izateko, gainera, denek bermatuta ez dituzten «baliabide material eta kulturalak» behar dira.

Puntu honetara helduta, «praktika politikoak» eta «parte-hartzea» benetan zer diren hausnartzearen beharraz hitz egiten du Iker Iraolak: «Ikusi dugu beren buruak politizatutzat ez dauzkaten gazte askok gero errealitatean praktika politikoak bai egiten zituztela». Izan ere, alderdiez harago, alor sozialeko beste edozein ekintzailetza edo militantzia politika egiteko modu gisa ikusi behar dira.

Gatazka eta feminismoa

Gazteen eta politikarekiko atxikimenduaren gaia Euskal Herrira ekarrita, badira ezaugarri berezi batzuk interes hori zabaltzea ahalbidetu dutenak. Horietako bat herri honek mende erdiz bizitako gatazka politikoa izan da. «Gatazkaren memoria oso garrantzitsua da Euskal Herrian gazteen politizazioan», EHUko ikerlariak dioenez, nahiz eta aldi berean «gatazkaren memoria gero eta txikiagoa» den belaunaldi berrien artean.

Baina Euskal Herrian antolaketa politiko eta sozialerako gako bat izan bada azken hamarkadan, hori feminismoa izan da. Iraolak eta berarekin batera lanean aritu den taldeak jasotako ondorioen arabera, «funtsezkoa» da feminismoak egin duen ekarpena, «badagoelako mugimendu bat generoa politizatzen duena eta ardatz moduan ipintzen duena. Horrek eragiten du politizazioan guztiz».

Jaurlaritza Logoa