Live
Ernai gazte antolakundeko kideek zigorra jaso dute Aitor Zelaia, eta Galder Barbadoren espetxeratze agindua salatzeko ekimenetan parte hartzeagatik. 133 isun jaso dituzte, eta 290.500 eurokoa da zigorra. Markel Rio eta Amaiur Egurrola Ernaiko kideek salatu dute Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak eta sailburuak hartutako erabaki bat dagoela horren atzean.
Isunetan zein da zigorraren kontzeptua?
Amaiur Egurrola: Konstituzioaren 36.3 artikulua egozten digute, desordena publikoei dagokiena. Errepidea moztu eta nahasmena sortzeagatik egozten digute artikulu hau.
Isunak nola jaso dituzue?
Markel Rio: Lehenengo isunak apirilaren 23an jaso genituen, SMS bidez jakinarazi ziguten hurrengo egunetan hasiko zirela jakinarazpenak etxeetara heltzen. Esanguratsua da data, hauteskundeak pasa eta bi egunetara.
Espero zenuten 290.000 euroraino heltzea?
M.R: Egia esan ez, horrelako ekimenetan ohikoena da arduradun gisa identifikatutako kideak soilik isuntzea. Ertzaintzaren atestatuan arduradun gisa identifikatutako bi kide jasotzen dira, baina 133 kideri iritsi zaie isuna. Uste dugu erabat desproportzionala dela zigor hau.
Zergatik aldatu da modua zuen ustez?
A.E: Uste dugu Segurtasun Sailak eta sailburuak hartutako erabaki bat dagoela honen atzean. Ernairekiko duten fijazioagatik eta ez delako kasualitatea isunak iritsi ziren data, ezker independentismoa hegemonia lehiatzen ari denean. Gazteria independentista desartikulatzeko nahi bat dagoela ikusten dugu eta Ernairi abiarazi zaion operazio politiko bat dela uste dugu, horregatik direla kostuak hain altuak: 1.500 euroko isunak Gasteizen eta 2.500 eurokoak Bilbon.
«Indar handia eman digu jaso dugun elkartasun uholdeak, eskerrak eman nahi dizkiegu babesa adierazi diguten guztiei»
Kostuak atentzioa ematen du, pertsonako 2.180 euro inguru. Nola heltzen da zigorra zifra horietara?
M.R: Mozal Legeak hiru atal aurreikusten ditu larritasunaren arabera, guri bigarrena aplikatu digute. Berriro ere nabarmendu nahi genuke hau erabat desproportzionala den egoera bat dela eta erabat modu inpartzialean aplikatu zaizkigula identifikatutako kide guztiei isunak.
Aferari aurre egiteko bide ezberdinak daude, zer egingo duzue?
A.E: Zigorrak ordaindu dira, prozesu judiziala abiarazi ahal izateko beharrezkoa zelako. Honen arrazoia da alde batetik antolakundea politikoki zein ekonomikoki babestea, eta bestetik, auzia publiko egiteko beharrezko genuela prozesu judiziala hastea. Ernairen aurkako operazio bat da, baina herri mugimenduarentzat aurrekari oso garrantzitsu bat markatzen duelako eta, beraz, publiko egitea beharrezkoa genuelako. Alderdi ekonomikoari begiratuta, helegiteak aurkeztu ditugu horrela kostuak jaitsi ahal izateko.
Isun bakoitzeko helegite bat jarriko da?
M.R: Bai, modu indibidualean tramitatuak izan behar dira. Hala ere, eskatu dugu modu kolektiboan eramatea prozesua aurrera. Izan ere, delitu eta kasuistika berdinaren barnean isunduak izan dira kide hauek, eta hor badaude baldintza batzuk modu bateratuan ekin ahal izateko prozesu judizialari, auzi berdinaren barruan.
«Kanpaina ekonomikoa abiatu dugu, elkartasun zozketa zein diru bilketaren bidez. Udan egitasmo ezberdinak izango ditugu»
Ernairen kontrako zigor politikoa dela nabarmendu duzue. Zergatik?
M.R: Uste dugu gure proiektua deserosoa zaiela elite politiko eta ekonomikoei eta beharrezkoa dutela gisa honetako prozesu bat martxan jartzea gure aurka. Gero eta gehiago gara ezkerreko gazte independentistak, gero eta babes zabalagoa du antolakundeak eta proiektuak gizartearen partetik, eta hori arriskutsua zaie. Aldi berean, ezkerreko independentismoa hegemonia politikoa lehiatzen ari den momentuan heldu da, eta uste dugu abiarazi dugun olatua geldiarazteko saiakera berri bat dela.
Antolakundea baldintzatzen du zigor hauek jaso izanak?
A.E: Ez da erraza antolakundearentzat egoera, kolpe latz bat izan da jaso dugun kolpe ekonomikoagatik, baina baita abiatzen dugun prozesu judizial honek antolakundeari gehitzen dion zamagatik ere. Auzi honetan azpimarratu nahiko genuke prozesu hau abiatzeko izandako jarrera kolektiboa, 133 kideen borondatea eta antolakundeak babesten duen borondate kolektiboa. Uste dugu erantzuteko modu onena gure lanean berrestea dela. Kasu honetan Ernairi ezarri zaion zigor bat da, baina uste dugu herri mugimenduarentzat aurrekari bat markatzen duela Mozal Legea horrela aplikatzeak.
Legebiltzarrean Mozal Legea ez aplikatzeko konpromiso politikoa hartu zen. Nola bizi duzue?
M.R: 2015ean Mozal Legea indarrean jarri zenean, parlamentuan onartu zen hau ez aplikatzearen aldeko mozio bat, baina ikusi dugu hurrengo urteetan egoera guztiz bestelakoa izan dela. Datu bat ematearren, 2015 eta 2022 bitartean EAEn 45.000 aldiz izan da aplikatua. Guretzat honek exekutibotik herri mugimendu eta protesta demokratikoen aurka dagoen jarrera antidemokratiko argi bati erantzuten dio; urteetan zehar hazi eta zabaldu denari. Gero eta gehiago dira Mozal Legearen bitartez isunduak eta zapalduak diren kolektiboak, eta gero eta modu sistematikoagoan aplikatzen da.