Live

Interview
Juan Mari Etxabe
Arraun Lagunakeko prestatzailea

«Gu gara faborito; ez iaz irabazi genuelako, orain arte egindako lanagatik baizik»

Asko eta ondo hitz egiten daki Juan Mari Etxabe (Oiartzun, 1966) Arraun Lagunak taldeko prestatzaileak. Kontxa eta Euskotren Liga irabazi nahi dute berriro ere, eta ondo ikusten du bere trainerua; «garai hauetan iaz baino azkarrago». Taldearen erregulartasuna eta heldutasuna nabarmendu ditu.

Audio_placeholder

«Gu gara faborito; ez iaz irabazi genuelako, orain arte egindako lanagatik baizik»

Loading player...
Juan Mari Etxabe Arraun Lagunakeko prestatzailea NAIZ Irratian, Donostian.
Juan Mari Etxabe Arraun Lagunakeko prestatzailea NAIZ Irratian, Donostian. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Oilo ipurdia jartzen zaio Juan Mari Etxabe Arraun Laguneko entrenatzaileari iazko Kontxa irabazi ostean NAIZ Irratian Andrea Astudillo patroiak eta Xubane Urribarena arraunlariak egin zituzten adierazpenak entzutean. Dir-dir egiten diete begiek. Taldearekin «pila bat» disfrutatzen ari da, eta nabarmendu du arraunlariek heldutasun puntu bat hartzen ari direla.

Oiartzungoak uste du trainerua gai dela iaz baino azkarrago ibiltzeko, eta argi du faboritoak haiek direla: «Nire burua jarriko dut faborito; ez iaz irabazi genuelako, orain arte egindako lanagatik baizik». Gainerako traineruak nola ikusten dituen ere esan du: Oriok atzetik aurrera egingo du, ‘Kaiarriba’ indartsu hasiko da, eta Tolosaldea ezkutuan dago.

Iazko denboraldia gogoangarria izan zen zuentzat, ezta?

Bai, oso. Gainera, 2021eko Kontxaren ostean, Zarautzen Liga irabazi eta gero, covidarekin berriro ere zartakoa jaso genuen, zazpi arraunlari egon ziren kanpoan, aste guztia atera gabe, Kontxako estropada hurbiltzen zihoan, eta barruan urduritasun handiak izan genituen. Lehen jardunaldian esan genuen, «bizirik ateratzen bagara, bigarrengo aukera izango dugu», eta halaxe izan zen. Taldea oso-oso ondo ailegatu zen, garbi genuen Kontxa nahi genuela, eta taldeak ehuneko ehuna eman zuen. Eta bigarren jardunaldian, bukaera... oraindik ere irudiak ditut atzo gertatu izango balitz bezala, eta oraindik txoratzen nago. Egia esan talde oso-oso indartsu bat ikusi genuen, ohorezko txanda goitik behera agindu genuen, eta uste dut meritu handiko estropada egin genuela.

Prestatzaile batentzat pozgarria izan behar du halako denboraldi borobila egitea. Zuk disfrutatu zenuen?

Garbi esango dut: talde honekin pila bat disfrutatzen ari naiz. Beraiek nirekin ikasten ari dira, nik dakidan guztia erakusten saiatzen naiz, eta disfrutatzen gaude. Talde oso familiarra gara, kluba ere hala da, nahiko familiarra. Iaz inork ez zuen espero Arraun Lagunakek liga horrela irabaztea. Guk bakarrik genekien zer lan egiten ari ginen, zer negu egin genuen, momentu txarrak pasatu genituela, eta ailegatuko ginela. Hasi ginenean, bai Gipuzkoako Txapelketan, bai Euskadikoan bagenekien ez genuela gure maila eman, bagenekien gure maila Galizian erakutsiko genuela, plangintza hala baikenuen eginda. Talde teknikoak ez genuen arazorik hau esateko: «Txapelketan sufritu egingo, baina hori ahaztu, Ligan hasiko gara eta». Urtebete gozatzeko izan da, eta taldeak sekulako meritua du.

Oroitzen naiz iaz Andrea Astudillo patroiari egindako elkarrizketan justu liga hasi baino lehen, esan niola ez dakit hain ondo zaudeten... eta hark esan zidan «lasai, prestaketa bakoitzak bere momentuak ditu eta ez gara gorenera iritsi».

Bai, hori garbi genuen, eta aurten berdintsua izango da. Denboraldia oso luzea da, oso urruti dago iraila; hilabete asko dira, egun asko dira bidean... Baliteke mila gauza gertatzea. Guk arreta jartzen dugu abuztuan ondo egoteko, liga irabazteko aukerak baldin baditugu azkeneko puntua izateko, eta Kontxan ondo aritzeko. Guk beti egingo dugu behetik gora.

Aurtengoari begira, nola doa ontzia? Iaz bezain azkar?

Hori ez dut esango... [barrez]

Sekretuan gordeko duzu, beraz.

Ez, begira, garbi esango dut: uste dut gai garela azkarrago ibiltzeko. Oso ondo ari gara lanean, taldeak heldutasuna eta konfiantza hartu du. Jada irabazi, galdu, eta berriro ere irabazi dugu. Iaz jendeak esaten zigun kanpotik: Arraun Lagunak jaitsi da, ez da iritsi... baina arraunlariek erantzuna eman zuten, eta aurten multzoa mantentzen dugu. Jaitsieretan oso kontent geratu naiz egindako lanarekin, eta aurten ontzia iaz garai hauetan baino azkarrago ikusten dut. Lana nola egin dugun, lana nola egiten ari diren... Kirolari osoagoak dira, heldutasun puntu bat hartu dute arraunlari askok, eta horrek asko egingo du, bai onerako, bai txarrerako, beti dugu beldurra ez garela iritsiko.... baina ez, konfiantza handia dut taldean. Nire burua jarriko dut faborito; ez iaz irabazi genuelako, orain arte egindako lanagatik baizik.

«Jaitsieretan oso kontent geratu naiz egindako lanarekin, eta aurten ontzia garai hauetan iaz baino azkarrago ikusten dut»

Iaz lanak izaten zenituzten trainerua uretaratzeko entrenamenduetan, zaila zela denok bat egitea. Aurten ere hala da?

Hobeto gabiltza, egia esan. Guk kanpotik jende asko dugu, galiziarrak, hemen bertan lanean ari direnak... Adibidez, nire alabak arratsaldean egiten du lan, eta goizean entrenatu behar du, beste batzuk ikasketekin... Zaila izaten da osatzea, baina pentsatzen dut gainerako taldeak ere berdin ibiliko direla. Aurten hobeto gaude, eta multzoa egina dago; falta direnak beti dira garrantzitsuak, baina etorri direnak ere onak dira, eta uste dut ondo orekatuta dagoela taldea. Maizago betetzen dugu trainerua, gazteetan ere jubenilak ari dira. Harrobiarekin pixka bat lan egiten ari gara.

Jaitsiera batzuetan arraun egin duzue. San Pedrokoan bigarren egin zenuten, Donostiarratik bi segundora, eta Orion lehenak, 'Mirotzak' bi segundora. Itxura ona du taldeak, ezta?

Bai, erregulartasuna, azken batean. Iaz liga irabazteko hori izan genuen: bigarren postutik estropada batean bakarrik jaitsi ginen hirugarrenera. Horrela hasi gara: bat irabazi, eta beste biak bigarren. Uste dut heldutasun horretan gaudela, probak egiten ari naiz, eta taldeak emaitza onak eman ditu; gazteak ere sartu dira, eta ondo aritu dira. Zantzu asko ditut ondo ibiliko garela, hori seguru, eta horrekin ikusiko dugu besteek ere zer egiten duten edo zenbat hobetu duten. Baina orain arte egindako lanarekin, erregulartasuna bilatu behar genuen, eta hori bilatu dugu. Datorrenari begira, konfiantza handia ematen digu.

Ligako faboritoaren inguruan galdetu behar nizun, baina jada erantzun didazu. Nola ikusten dituzu gainerako aurkariak?

Gogorrak. Uste dut hor laukote bat gaudela; Orio izenagatik, baina uste dut 'Kaiarriba' ere hor egongo dela, eta gero Tolosaldea, Tolosaldea dago pixka bat ezkutuan. Aurten ikusten da trainerua asko dabilela, adoretsu daude. Iaz banderarik lortu ez zuten arren, emaitza oso onak lortu zituzten, eta hor ibili ziren. Kontxako lehen jardunaldia irabazi zuten... oilarrekin daude. Orain falta dena da azkeneko pausoa, azkeneko segundo horiek. Entrenatzaileok beti esaten dugu segundo horiek direla zailenak. Borrokan egongo direla seguru, eta haien ilusioarekin litekeena da aurkari oso arriskutsua izatea.

Liga iaz nahiko parekatua egon zen, aurten horrela izango dela uste duzu?

Bai, estropada eremuak, itsasoan aldaketak, kaleen arteko aldeak....detaile asko egongo dira. Iaz hiru ontzi egon ginen; hasieratik puntuak bildu genituen, eta erregulartasunak eman zigun hori, azkenean beti lehen bi postuetan geunden. Eta nik garrantzia horri ematen diot: hor egotean. Estropada askotan asko sufritu genuen, baina heldutasun puntu hori hartu genuen, konfiantza, eta borrokatu gabe, bigarren postua. Getxoko estropada inflexio puntua izan zen: laugarren hasi ginen txandan eta Oriok eskapu egin zuen. Oso gaizki hasi ginen, baina taldeak bere buruarengan sinistu zuen eta bigarren egin genuen. Ligara begira, detaile txiki horiek asko balio dute. Egun txarrak denak izaten ditugu, eta horiek minimizatu egin behar dira.

«Laukote bat gaude; Orio izenagatik, baina uste dut ‘Kaiarriba’ ere hor egongo dela, eta gero Tolosaldea, pixka bat ezkutuan dago»

Iaz aurrenekoz zortzi ontzi. Asko hitz egin zen horretaz: aurrerapausoa zela, baina agian goizegi; ezetz, ondo zegoela... Urte bat pasata, balorazioa nahiko ona da, ezta?

Bai, uste dut baietz. Azkenean arrauna gehiago ikusten da, eta emakumeen arrauna gero eta afizio gehiago lortzen ari da poliki-poliki, pausoz-pauso, denbora behar baita. Egun batetik bestera ezin da dena egin. Uste dut ondo goazela, errekorrak egin ditugu, taldeak urtetik urtera azkarragoak dira... Uste dut badagoela eboluzio nabarmen bat, orain ohorezko txanda ikustea oso polita da. Arrauna gustatzen zaionarentzat lehia polita dago, segundo gutxirengatik hor gaude hiru talde. Ibilbide erdia egiten dute, luzatu daitekeela? Hori beste eztabaida bat da, baina jendeak ikusteko eta afizioa egiteko uste dut estropada oso politak daudela. Kalean ikusten da jendea gero eta gehiago informatzen dela. Ni mutilekin egon naiz, badakit zer oihartzuna duen mutilen arraunak, eta emakumeen kirolean orain goaz. 40 urte atzerago mutilekin alderatuta? Ba bai, orain ari gara arraun egiten, eta uste dut hori kalean ikusten dela, eta jendeak baloratzen duela.

Lau luzeena aipatu duzula, Espainiako Txapelketan lau luze egingo dituzte emakumezkoek.

Bai, guk baiezkoa esan dugu, hemen bertan dagoela-eta [Donostian]. Ilusioarekin goaz, beraiek ez dute behin ere egin, eta denentzat berdina izango da, galiziarrak egiten dute baina... Nik taldearengan konfiantza izugarria dut alde horretatik, eta esan nien: zuek ehuneko ehuna atera eta ailegatuko zarete. Bidean ez da inor akabatu orain arte, ez da ezer pasatuko. Lanean oso ondo ari gara, eta ez dut arazorik esateko ziur ondo egingo dutela.

Liga ekaineko azken asteburuan hasiko duzue Galiziako uretan. Aurten, iaz baino bi jardunaldi gehiago izango dituzue. Guztira hamasei jardunaldi.

Bai, askotan akats horiek gutxiago izateko ondo etortzen dira bi estropada: zenbat eta gehiago, beti faboritoak aukera gehiago izango ditu; zenbat eta motzagoa, ordea, egun batean huts egiten baduzu ez duzu estropadarik egoerari buelta emateko. Hor ikusten da pauso bat goazela aurreraka, ezin dugu atzeratu, saiatu ahal den ontzirik azkarrenak izatea eta jendea animatzea. Emakumeetan badakigu ez dagoela kirolaren aldeko asko, bagoaz eboluzionatzen, baina oraindik pauso bat atzera gaude, eta animatu besterik ez neskei gauzak lor ditzaten. Izen emateko arraunean.

Arraroa da baina, helburuez ez dugu hitz egin.

Helburua da ahal den onena egitea, taldea badago horretarako. Nik orain esango banu mikrofonoetan eta taldekideek entzungo balidate esanez, «hor ibiliko gara». Ez, garbi esan behar dugu; uste dut irabaztera atera behar dugula, taldea dugulako eta lanean oso ondo ari garelako. Beste batek guk baino hobeto egiten badu, zoriondu besterik ez dugu. Nik orain ikusten dut taldea oso ondo dabilela, nahikoa izango al den? Hor dut zalantza. Badakit gure ehuneko ehuna ematen badugu, oso zaila izango dela guri irabaztea.

2013tik emakumezkoetan liga irabazi duenak Kontxa ere irabazi du; gizonezkoetan, ordea, ez da joera hori ematen.

Bai, uste dut hori pixka bat mailagatik izan dela. Ni San Juanekin ibili nintzenean, Hibaikarekin borrokan ibiltzen ginen eta segundo gutxirengatik irabazi genuen Kontxa. Bost aldiz irabazi, baina segundo oso eskasak. Orain dela bi urte ere, galdu egin genuen, baina bi segundorengatik. Mugan dago. Zenbat eta lehia handiagoa izan hori gertatzeko aukera dago. Gero mutiletan, adibidez, kupoak direla eta ez direla, alde handiagoa dago, eta nesketan, adibidez, oraindik ez dago hainbesteko aldea. Uste dut datu hori urte batetik bestera eroriko dela, baina ezin da esan liga irabazten duenak Kontxa irabaziko duenik. Hala ere, urtea luzea da eta urtean ondo ibili dena, Kontxan ere ondo arituko da. Hor ez dago sorpresa handirik. 2013tik beti berdinak irabaztea... anekdota bat.

Laugarren urtea duzu ‘Lugañenen’, Lorea Etxabe zure alabarekin batera, gainera. Zertan aldatu da taldea zu iritsi zinetetik?

Arraun Lagunak heldutasun puntu hori hartzen ari da. Klub umil bat zen, ordura arte inguruan zebilen; bigarren, hirugarren, noizbehinka banderaren bat irabazten zuen... Orain jada arrauna jarraitzen duen jendeak Arraun Lagunak taldea ezagutzen du. Potentziala badugu, azken urteetan ikusi dugu; goraka goaz klub bezala.

Araudia dela-eta, gizonezkoen ontziek etxeko lau arraunlari ontziratu beharko dituzte datorren urtean, eta bost hurrengoan. Orain arte hiru izan dira. Emakumezkoetan, ordea, oraingoz ez dute araudi hori jarriko. Nola ikusten duzu?

Momentu honetan ez dut ikusten hori laguntzeko denik, traba gehiago ikusten ditut ontzia osatzerako garaian. Horrekin zer bilatzen dugu? Jende gehiagok izena emango du? Nik zalantzan ditut. Azkenean kirola da hobetzen joatea, modu batera edo bestera. Salsamendi [Lapurdiko entrenatzailea] entzun nuen irratian esanez, hemendik hiru urtera ikusiko direla emaitzak. Nik oso beltz ikusten dut. TKEko klub askoren zerrendak ikusten dituzu, eta harrobiko gutxi daude; badaude harrobikoak, baina hamahirukoak egitean harrobiko gutxi daude. Hor badago atzetik egin behar den zerbait, klub barruan arraunlari horiek maila altuagoa izateko. Lehen garai batean fitxaketak egiten ziren klubak hobetzeko, errekorrak egiteko, talde azkarragoa izateko, eta orain, zer egin behar dugu, atzera? Ez dakit, uste dut pixka bat atzeraka goazela, eta arraunaren onerako ez dela.

«Errekorrak egin ditugu, taldeak urtetik urtera azkarragoak dira... Eboluzio nabarmen bat dago, orain ohorezko txanda ikustea oso polita da»

Harrobia landu behar da, baina gero ikusi behar da klub bakoitzak zer duen. Zierbenak, adibidez, 1.500 biztanle ditu. Handik zenbat arraunlari hartuko dituzu? Bilbora joan behar duzu, baina, handik hona ekarriko dituzu mutil koxkorrak? Hori oso zaila da. Bermeok ere jende gehiago du, baina Kantabriako Itsasoaren ondoan dago, eta gazteekin lan egiteko negua oso gogorra da. Azpiegitura ere falta zaio: ez lurrean bakarrik, uretan baizik. Gipuzkoan badaude klub oso onak, eta beste batzuk gu bezala, oso egoera zailean daudenak. Martutenen gaude, trainerua Pasaiara eraman behar dugu... lan asko dago tartean, eta horrek ere jendea atzera botatzen du. Gauza asko dira baloratu behar direnak, eta horren erraz buelta ematea kontuari ez zait ondo iruditzen.

Gainera, harritzen nau klub askok kanpotik ekarri dituztela arraunlariak beren kluba indartzeko, eta orain horren kontra doaz. Tope bat egon behar du, eta soluzioa ez diot ikusten. Argi dagoena da arraunean fitxak falta direla, oso kirol gogorra da, eta uste dut beste aterabide bat bilatu behar dela. Ez dut garbi ikusten onerako denik.

Amaitzeko, zer hurrenkeran amaituko duzue Euskotren Ligako ohorezko txanda?

Lehenengoa argi dut: Arraun Lagunak [barrez]. Bigarren posturako...

Inork ez daki Orio nola ibiliko den.

Bai, eta uste dut ibiliko dela. Agian Patxi Frances [Orioko prestatzailea] haserretuko da, eta berak ez du ikusiko horrela, baina nik uste dut Oriok atzetik aurrera egingo duela. Denboraldiak aurrera egin ahala, ontzia azkarrago joango da. 'Kaiarriba', berriz, hasieran indartsu aterako da. Eta beste ontzia ikusteko dagoena Tolosaldea da. Ezkutuan dago, eta beldur pixka bat berak ematen nau. Hurrenkeran jarriko ditut Orio bigarren, 'Kaiarriba' hirugarren eta Tolosaldea laugarren.

Jaurlaritza Logoa