Live

Bigarren Kafea

KARENA: «Planifikatu gabeko bide bat izan da, naturala, halaxe etorri da une bakoitza»

`Loak irauteko` izeneko estreineko lana kaleratu zuten martxoaren amaieran Karena taldeak eta Bigarren Kafera hurbildu dira euren lan berria aurkeztera. Gurean izan ditugu Irati Jauregi, Irati Gardoki eta Andoni Zabalo eta agur bat ere bidali diegu bertaratu gabeko Beñat Kamio eta Xabi Elizegiri.

Audio_placeholder

KARENA: «Planifikatu gabeko bide bat izan da, naturala, halaxe etorri da une bakoitza»

Loading player...

Aurreko igandean zuzenean aurkeztu zuten eta diskoaren kaleratzeak zein kontzertu osteko ezinegonak baretu ote diren galdetu diegu. «Diskoa aurkeztu genuenetik tentsio prozesu bat izan dugu igandean Antzuolako kontzertura arte, baina baretu dira jada, gustura geratu gara, oraindik igandeko bestondo emozionala daukagu, akaso, orain hasi gara diskoa pixka bat bizitzen».

Duela bi urte sortu zuten taldea, elkar ezagutza baten emaitza izan zela aitortu dute. Bideak ekarritako prozesuan irribarre asko bildu dituzte, eta mugarri txiki horiek zeintzuk izan diren galdetu diegu. «Irati eta biok ezagutu ginen lehenengo, kafe bat hartzeko geratu eta handik hasi zen dena, Antzuolan egindako lehen kontzertua, Andoni batu zenekoa, diskoa sortzen hasi ginenekoa».

Hasiera batean bertsioak egiteari ekin zioten baina pixkanaka piztu zitzaien abesti propioak sortu eta bidea egiteko nahia. «Latrinalia kantua izan zen lehena, eta emozionatu egin ginen hura egitean, hori izan zen mugarri berezi bat». «Kantu hori komunera joan eta bertako atea guztiz pintatua ikusi nuenean otu zitzaigun, asteburu batean bildu ginen, eta hortxe ekin genion».

 Bidean Andoni ere batu zitzaien Irati eta Iratiri. «Kontzertuan ezagutu nituen nik Antzuolan, familia loturak ere baditugu eta halaxe sortu zen lotura, kontzertu baterako zen baina harrapatu ninduten» esan du Andonik.

Pausoak mantso baina geratu gabe eman ditu Karenak, naturaltasunez eta beraien buruei presiorik jarri gabe. «Pixkanaka, plana egitea zehen lehentasuna, bertsio batzuk, kontzertuak, Iker Laurobarekin grabatu genuen abesti txiki bat, planifikatu gabeko bide bat izan da, naturala, halaxe etorri da une bakoitza».

Bat-batekotasuna bai, baina musika bidean estilo bati heldu nahi ote zioten galdetu diegu, folk goxo hori berezko helburu ote zen edo ez. «Nik uste bi Iratien gustuak oso antzekoak direla, eta bertsioek ere mundu horretara eraman gintuzten, eta horretara bideratu da sorkuntza».

7 kantuz osatutako lan hau plazaratzeko bidean Iker Laurobarekin aritu dira grabaketa lanetan, baita abestien prestaketa lanetan ere. Estudioko esperientziaren inguruan nola bizi izan duten galdetu diegu. «Guretzako kriston esperientzia izan da, gure ideiak eramaten genituen, baina kantuak itxi gabe eta zalantzekin, berarekin asko konektatu genuen eta asko lagundu digu instrumentazioarekin kantak ez hain huts uzten».

«Diskoa bidaiatxo bat bezala ikusi genuen, 7 kantuekin itxita zegoela sentitu genuen». Kalean da beraz Karenatarren estreinako lana, euskarri guztietan entzungai eta gozatzeko moduan. Pixkanaka etorriko dira kontzertuak, udaran formatu txikian eta irailetik aurrera talde formatuan. Bide on!

Jaurlaritza Logoa