Live

Peli Lekuona
Interview
Nerea Kortajarena
EH Bilduko hautetsia Eusko Legebiltzarrean

«Nazio auzia 78ko erregimenaren hipotekak altxatzeko giltza da eta berriz ere erdigunean dago»

Gizartean gauzak azkar aldatzen ari diren bitartean, politikagintzan aldaketak ematea gehiegi kosta egiten dela uste du Kortajarenak. Pedro Sanchezen erabakiarekin zein EAJ eta PSEren gobernu asmoekin, sintoma bera antzeman du legebiltzarkideak. Herri agenda erdigunean jartzeko beharra adierazi du.

Audio_placeholder

«Nazio auzia 78ko erregimenaren hipotekak altxatzeko giltza da eta berriz ere erdigunean dago»

Loading player...
Sanchezek agindutako erregenerazio politikoak hitzak baino, ekintzak behar dituela dio Kortajarenak
Sanchezek agindutako erregenerazio politikoak hitzak baino, ekintzak behar dituela dio Kortajarenak (Idoia Zabaleta | FOKU)

Egun berean gertatu da. Pedro Sanchezek dimititu ez, eta Espainiako Gobernuko presidente karguari eutsiko diola iragarri du astelehen honetan. Sanchezen agerraldia eta ordu erdira Sabin Etxean bildu dira EAJ eta PSEko ordezkariak, Gasteizko Parlamenturako gobernu akordioa negoziatzen hasteko. Batak ez du bestea ekarri, baina biak dira egungo testuinguru politiko eta sozialaren isla Nerea Kortajarenaren ustetan. Dena aldatzen ari dela dio eta ondorioz «aspalditik ikusten ari ginen gauzak agerian gelditu» direla, baina hala ere, «gauzak benetan aldatzea» kosta egiten dela deritzo.

Lawfareaz mintzatu da lehenik. Euskal Herrian gertutik ezagun dugun jazarpen mediatiko, politiko eta judiziala ez dela berria nabarmendu du; Altsasuko gazteen, Bateragune auziaren edota ‘Egunkaria’-ren kasuak oroituz. Eta zentzu horretan, Pedro Sanchezen emaztearekin gertatutakoa kasu isolatua ez dela azpimarratu du.

Eta ondorio berdinera iritsi da EAJ eta PSEren arteko gobernu asmoekin: «Denok ziklo aldaketa batean gaudela onartu dugunean eta gauzak aldatu behar direla, atzoko elkarrizketaren lehen posoak uzten duten hausnarketa da gauzak gutxi aldatu direla eta herritarrek hautetsontzian esandakoa ulertzea eta gobernabilitate batera eramatea asko kostatzen dela».

Hipotekadun aliantzak

Maiatzaren 23a aurretik osatua nahi dute jeltzale eta sozialistek Gasteizko Legebiltzarra. «Orria pasatzeko presa handiegia» dagoela dio Kortajarenak eta ezer gertatu ez denaren ideia hauspotzekoa. Eztabaida, ordea, bestelakoa beharko luke haren iritziz. Datorren Legebiltzarra argiki abertzale eta subiranista eta ezkerreko politiken aldekoa izango dela nabarmendu du eta, zentzu horretan, EAJ eta PSEren itxurakeria kritikatu du: «Programa baten inguruan hitz egiten ari direnaren irudia eman nahi dute baina bestelako da haien arteko mintzaera; betiko politika konbentzionala da hori. Egin daiteke, zilegi da, baina ez dio herritarrek eskatu digutenari erantzuten».

Kortajarenak azaldu du EAJren partetik ez dela inolako elkarrizketarako urratsik egon apirilaren 21az geroztik. Egungo erronkek elkarlana, elkar ulertzea eta eztabaida publikoak beharko dituztela aldarrikatu du. Izan ere, Kortajarenak azken urteetan eta hauteskunde kanpainan zehar bi gobernukideen artean etxebizitza edota zaintza bezalako arloetan desadostasunak daudela agerian gelditu dela azpimarratu du. Eta beraz, gainontzeko alderdiei ezin zaiela «baztertzaileak» diren akordio eskemen «hipotekak» eta albo kalteak bizkar gainean jarri: «Gai horiek guztiek eskatzen duten kolaborazioa eta elkar ulertua orain josi behar da».

Sanchezi mezua: hitzetatik ekintzetara igarotzeko unea

Aktualitateak fokua aldendu eta Madrilera begira jarri gaitu; Pedro Sanchezek bost eguneko hausnarketaren ostean karguan jarraituko zuen ala ez erabaki zain. Presidentetzari eutsi egingo dio azkenean, eta erregenerazio politikoan sakontzeko beharraz mintzatu da. Hitzak baino, ekintzak galdegin ditu Kortajarenak; egoeraren larritasunagatik lehenik, baina baita sinesgarritasuna beharragatik ere. Zehaztasunetarako unea dela deritzo, jazarpen politiko eta judiziala ez dela amaituko iritzita. «78ko erregimenak utzitako hipotekak altxatzeko unea da».

Euskal Herriari dagokionez, azpimarra berezia egin du: «Geure aspirazio eskubide nazional eta sozialak hipotekatzen duen hori guztia altxatzeko unea da». Zentzu horretan, nabarmendu du Sanchezen mugimenduak eta haren ondorioek agerian jarri dutela berriz ere nazio auzia erdigunean dagoela. Horrekin batera, tokiko gobernuetatik herri agendan indarra egiteko beharra aldarrikatu du.

Jaurlaritza Logoa