Live
Ioar Labar Berrio dantzariari txikitatik gustatu izan zaio mugimendua, bere buruarekin jolastea eta horrela saltoan, korrika aritu izan da beti, eta baita dantzan ere. Euskal dantzekin hasi zen Tafallan bertan eta berehala konturatu zen asko maite zuela dantza egitea, mugimenduaren bidez transmititzea. 10 urterekin Nafarroako dantza eskolan sartu zen eta 16 urterekin Nafarroako antzerki eskolan hasi zen.
«Txikitan Tafallan bi aukera genituen, musika ikasi edo futbola egin, eta ikusi nuen dantzarekin beste mota bateko harremanak sortzen nituela. Beraz, 10 urterekin Iruñara joan nintzen eta han dena hasi zen», kontatu du Labarrek. Iruñean beste dantza estiloak frogatzeko aukera izan zuela esan du, eta hamabost urterekin beste salto bat ematea erabaki zuen.
«Hamabost urterekin Bartzelonara joatea erabaki nuen, batxilergoa han atera nuen, baina beti dantza hor nuen, horretarako mugitu nintzen Bartzelonara, garaikidea ikastera». Bertan hasi zen haren gorputza landuz bide profesionalean aurrera egiten. Kanpora joan behar izan zuen aurrera egiteko, eta kontatu du gaur egun ere hala izaten jarraitzen duela: «Pena da, baina benetako formakuntza profesionala nahi izanez gero kanpora joan behar da oraindik».
Mugimenduarekin ordea beste hainbat gauza lotu ditu Labarrek, horien artean argazkilaritza: «Hogei urterekin edo argazkiak ateratzen hasi nintzen eta asko gustatu zitzaidan, konturatu nintzen gorputzarekin harremanetan jartzeko beste aukera bat zela kamera, eta beraz, hori ere ikastea erabaki nuen». Argazkilaritza dantzarekin elkartzea erronka bat izan zela ere aipatu du: «Erronka izan zen argazkiak pentsatuta dantza gehitzea, eta bien artean pieza polit bat sortzea».
Gaur egun Euskal Herriko proiektuetan dabil dantzan Ioar, honez eta gehiagoz aritu zaigu Bigarren Kafean Ioar Labar Berrio.