Live
Saioaren inguruko xehetasunak:
18.00tan abiatuko da Peli Lekuona eta Oihana Azkueren eskutik hauteskunde iluntzeko saio berezia. Eguneko gertakari nagusiak eta azken ordua jasotzeko tartea izango da lehen aurrerapen horretan, baita hauteskunde kanpainako gako nagusiei begiratzekoa ere. Hautetsontziak itxi arteko bi orduko tartean alderdi bakoitzaren indarguneak eta ahulguneak aztertzeko tartea izango da. NAIZ Irratiaren estudioetatik igaroko dira Asier Etxenike soziologoa, Beñat Zaldua NAIZeko edukien erredakzio burua eta Felix Arrieta politologoa.
Prozesu elektoralaren barrunbeak ezagutzeko aukera ere izango da Andoni Iturbe, Hauteskunde Batzordeko idazkari eta Eusko Legebiltzarreko legelari nagusiaren eskutik eta hauteskundeen propaganda material historikoari begiratu bat ere emango diote saio berezian Lazkaoko artxibategira egindako sartu-irten batean, Miren Barandiaran, arduradunaren eskutik.
20.00tan itxiko dituzte hautetsontziak eta horrekin batera emaitzen azterketarako analisi mahaia jarriko du martxan NAIZ Irratiak. Estitxu Garai komunikazioan eta estrategian aditua, Mikel Urdangarin filosofoa, Zuriñe Rodriguez kazetari eta ikerlaria eta Eguzki Urteaga soziologoa izango dira hauteskunde gaueko emaitzen azterketan. Ohiko legez NAIZ eta GARAko erredakzioko kideen eskutik datuen azterketarako tartea ere izango da.
Saio berezia biharamunean
Hauteskundeak pasa osteko asteleheneko Informazioaren Haria ere berezia izango da, Garazi Castañok gidatuta analisia izango du ardatz. 7.00tatik aurrera alderdietako ordezkarien lehen balantzeak jaso ahalko ditugu bertan eta datuen azterketa zehatza analista talde zabalarekin.