Live
1982an hil zen Esteban Muruetagoiena Oiartzunen lan egiten zuen sendagileak, Guardia Zibilak atxilotu eta egun gutxira. Urtez mantendu zuten bertsio ofiziala, bihotzekoarena izan zen, gorputzean utzi zizkioten ubeldu, erredura eta zauriek torturen inguruko zalantzarik uzten ez zuten arren. Txiki zela herritik alde egin behar izan zuen amarekin Tamara Muruetagoiena torturen ondorioz hildako sendagilearen alaba. Urte asko behar izan zituen aitari gertatu zitzaiona jakiteko. Eta herriaren aitortza jasota duen arren, oraindik ere bidea egiten jarraitzen du Tamara Muruegoienak, bere aita torturen biktima gisa errekonozitua izan dadin ofizialki.
Bide malkartsu eta sarritan bakarti hori jaso dute ‘Indarkeriaren Oi(h)artzunak’ dokumentalean, Amaia Merino eta Ander Iriarte zuzendariek. «Askotan torturaren kasuan fijatzen gara gertatu denean baina ez gure gizarteak gaur behar duen handienean; errekonozimenduan eta errekonozimendurantz pertsona horiek egiten duten bidaian», azaldu dio Naiz Irratiari Ander Iriartek, bera ere oiartzuarra, Muruetagoiena bera bezala.
Larunbat arratsalde honetan (hilak 13) estreinatuko da Donostiako Giza Eskubideen 21. zinemaldian Iriarte eta Merinoren lana. Bertan izango da protagonista, Tamara Muruetagoiena.