Live

NAIZ Irratia

«Ez du inporta familia ereduak, edonor da ongi etorria gure elkartean»

Saharako haurren etorrera kudeatzen duen Oporrak Bakean programak bezala, uda honetan haur ukrainarrak etxean hartzeko harrera familien premia handia dutela azaldu du Chernobil Elkarteko Lide Alvarezek. «Gogoa» eta «haurra zaintzeko denbora» dira baldintza nagusiak.

Audio_placeholder

«Ez du inporta familia ereduak, edonor da ongi etorria gure elkartean»

Loading player...
Txernobileko haurren iritsieraren artxiboko irudia.
Txernobileko haurren iritsieraren artxiboko irudia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Badira hainbat egun harrera familientzat deialdia egin zuenetik Chernobil Elkarteak. Familiak «gutxinaka» animatzen ari diren arren, zenbakiak kezkatzeko modukoak direla azaldu dio NAIZ Irratiari elkarteko Lide Alvarezek. Iaz 79 familia berrik eman zuten izena programan. Hedabide honekin hitz egin duenerako, bederatzi baino ez ziren. «Haur bat zain dezakeen edonor izan daiteke harrera familia», dio Alvarezek balizko harrera familien kezkak uxatze aldera, «ez du inporta familia ereduak, edonor da ongi etorria gure elkartean», gaineratu du.

Baldintza nagusiak bi baino ez dira, «gogoa» eta «haurra zaintzeko denbora». Datozen egunetan Hego Euskal Herriko lurralde ezberdinetan bilera informatiboak egingo dituzte, eta inolako «konpromisorik gabe» horietara bertaratzeko deia egin du Chernobil Elkarteko kideak, «eta gero ikusiko dugu».

Duela bi urte hasitako errusiar inbasioak haurron «eguneroko oso gogorra» zaildu baino ez duela egin dio Alvarezek. Izan ere, 1986ko hondamendi nuklearrak sortutako ondorioek diraute, ingurumen arloan ez ezik baita ekonomikoan ere. Testuinguru horretatik aste batzuk aldentzea izugarri onuragarria da Chernobil Elkartearekin batera Euskal Herrira datozen haurrentzat.

Jaurlaritza Logoa