Live

NAIZ irratia
Interview
Koldo Rodriguez
Herri Urratseko koordinatzailea

Ortzadarra iritsiko da Senperera maiatzaren 12an

Maiatzeko bigarren igandean, urtero-urtero ospatzen da Herri Urrats Senpereko lakuan. Aurtengoan, maitzaren 12an ospatuko dute eta honez gero prest dira Ipar Euskal Herriko ikasle, guraso eta herritarrak festa handiari ekiteko. Lokatzen artean, euripean edo eguzkipean, giro ederra aurreikusten dute.

Audio_placeholder

Ortzadarra iritsiko da Senperera maiatzaren 12an

Loading player...
Koldo Rodriguez, Herri Urratseko koordinatzailea, NAIZ Irratian.
Koldo Rodriguez, Herri Urratseko koordinatzailea, NAIZ Irratian. (NAIZ)

Koldo Rodriguez koordinatzaileak NAIZ Irratian azaldu duenez, auzolan erraldoia da Herri Urrats. Ipar Euskal Herriko ikastolentzat sostengu izateaz gain, Euskal Herri osoko agendan markatutako eguna dela nabarmendu du; euskaraz bizi eta ospatzeko oasi buhurtzen da urtean behin Senpereko lakua.

Iparraldearen eta hegoaldearen arteko zubia, aniztasuna eta euria eta eguzkiaren arteko nahastea irudikatzen duen Ortzadarra ikur, maiatzaren 12an ospatuko da Senperen.

Ospakizunaz gain, «euskaraz bizitzearen aldeko eguna» dela aldarrikatu du. Jaia egiteko eguna den arren, euskararen alde mobilizatzeko unea ere badela argitu du. Ildo horretatik, Seaskak egiten duen lana nabarmendu du, euskalgintzaren arloan «inportanteenetarikoa» delako, «amesten dakien proiektua eta aurrera doana».

Aurtengo jaiaren helburu zehatza Beskoitzeko ikastolako umeei «toki bat ematea» izango da. Rodriguezek azaldu duenez, ikasleak zoriontsuak dira, baina ikastola «duin» bat eman nahi diete, «debekuez gain ez delako munduko egoerarik onena».

Ipar Euskal Herrian ere euskararen aurkako oldarraldia badagoela eta inoiz ez dela bukatu gogorarazi du Herri Urratseko koordinatzaileak. Duela gutxi izandako Korrikaren 23. edizioarekin batera, azterketak euskaraz egiteko aldarriak Euskal Herria zeharkatu zuen. Rodriguezen ustetan, arazoa Hego Euskal Herrian jendarteratzeko lagungarria izan da hori; izan ere, «jendea ez zen kontziente Iparraldeko egoeraz eta existitzen da».

Egitarau kultural zabala antolatu dute maitzaren 12rako. Rodriguezen ustez, «adin guztietarako eta gustu guztietarako egitaraua egiten saiatu gara eta lortu dugu», egitaraua «oso aberatsa» dela baieztatuz. Dantza ikuskizunez gain, hainbat gunetako oholtzetara igoko dira, besteak beste, Esne Beltza, aurtengo kantuaren sortzaile Neomak taldea, Delirium Tremens, Niko Etxart, Eire eta Etxepe. Beraz, maiatzaren 12a «kristoren esplosio kulturala» izango dela hitzeman du Koldo Rodriguezek.

Jaurlaritza Logoa