Live

Oinatz Aizpuru
Interview
Anaiz Funosas
Bake Bideako ordezkaria

«Lortu da erabat isolatzea fiskala bere argumentazioetan»

Parisen epaitu dituzte azken egun hauetan Luhuson atxilotu zituzten bakegileetako bi: Beatrice Molle-Haran eta Txetx Etxeberri. Auzitegiaren erabakia maiatzaren 16an kaleratuko da, baina auzitegian pasatakoarekin gustura dago Anaiz Funosas Bake Bideako ordezkaria.

Audio_placeholder

«Lortu da erabat isolatzea fiskala bere argumentazioetan»

Loading player...
Anaiz Funosas erdian, martxoaren 16an Luhuson egin zen agerraldian.
Anaiz Funosas erdian, martxoaren 16an Luhuson egin zen agerraldian. (Patxi BELTZAIZ)

Parisen joan den astean bi bake artisauren aurka egin zuten epaiketaren «balorazio oso positiboa» egin zuen ostegunean Anaiz Funosasek NAIZ Irratian. Beatrice Molle-Haran eta Txetx Etxeberriren kontrako auzia epaitegi horretara eraman nahi zuten, eta azkenean lortu dute.

Funosasek adierazi zuenez, erakutsi dute «Aietez geroztik Euskal Herrian urratzen ari garen bake prozesu horren kontakizuna eta horretan zer eredugarri eta zer ezinbesteko izan zen Luhusoko ekimena. Zer blokeori erantzuten zion. Ongi adierazi dugu gorte horretan garai hartan non zen bake bide hori urratzeko borondatea eta zer jarrera hartu zuten estatuek. Nonbait bakegileen arriskatze politiko horrek ekarri du Espainiaren eta Frantziaren arteko lerrokatze hori apurtzea eta bide berri baten hastea».

Ildo horretan, hori indartu zuen Eric Morvan Pirinio Atlatikoetako prefeta zenak eta Mathias Felk Barne ministro izan zenak lekuko izatea onartu izanak defentsak deiturik. Bakegileak pozik dira zeren «gatazka baten insistentzia ekarri» dute, «horren konpontzeko beharra, konponbide politiko baten beharra, eta Aietez geroztik Ipar Euskal Herritik den gehiengo sozial eta politiko horren borondate eta grinak lortu du ezinezkoa ematen zuen blokeo hori haustea eta hastea benetan bake bide ikuspegi batetik presoen auzia, biktimena, errelato eta memorien ildo edo gaiak».

Bi jarrera nagusitu dira Parisko gortean

Epaiketan, prokuradoreak urtebeteko espetxe-zigorra eskatu du Beatrice Molle-Haranentzat, eta bi urtekoa, Txetx Etxeberrirentzat; espetxean sartzeko beharrik gabe bi kasuetan. Epaileak heldu den maiatzaren 16an jakinaraziko du bere erabakia.

Dena dela, auzian bi jarrera nagusitu dira: alde batetik, defentsaren partetik izan diren lekukotza indartsuak, eta, bestetik, fiskaltzaren jokaera: honek, espetxean sartzeko beharrik gabe, baina auzipetuak kondenatzeko eskatu du.

Anaiz Funosas Bake Bideko lehendakariak ez zuen «inongo harridurarik izan» prokuradorearen eskariaren berri izatean. «Badakigu fiskaltza antiterroristaren borondatea, gogoa izan dela auzi hori bururaino eramatea, eta nik uste dut hartu duen jarrera dela azken urte luze hauetan edo sortu denetik duen jarrera. Baina asteazkenean biziki argi gelditu zena da errelato baten gerlan garela eta prokuradorea horretan dela. Behar hori mendeku ikuspegi batetik joatea urratzera bere bidea eta, era berean, biziki agerian gelditu dena da zentzuzko logika kolektibo bat dela benetan permititu duena eramatea Euskal Herria dagoen eszenatoki berri horretara. Azkenean, eskuzabaltasunak, konfiantzak eta gai izateak zure kontra izan daitekeen batekin batera bidea eraikitzeko dela Euskal Herrian eraiki nahi den bidea, eta bide hori benetan emankorra izan dela eta emankorra izaten segitzen duela», defendatu zuen elkarrizketan.

Funosasen esanetan, auzitegi horretan gertatu zena da «bi estatu gizon» joan zirela esatera «bai momentua zen, momentu horretan ziren interlokutoreei konfiantza eman behar zitzaien eta konfiantza horretatik eta manera eraikitzailean eta, gainera, adostasunak eraikiz egin zela eta ez dela inongo dolurik».

Harrotasun puntu bat

Bake Bideko lehendakariak esango luke «harrotasun puntu bat» sentitzen zela «momentu horren aitzinean jakin izan dutelako behar den jarrera hartzen, politikoki kudeatzen eta harrigarria zen azkenean sei lekuko horien testigantzetan zer bateratasun bazen eta zer emoziorekin ere hitz egiten ari zen egindako balio horretaz eta urratutako bide horretaz».

Defentsaren eta lanketaren ondorioz fiskaltza «isolatuta» geratu dela uste du Funosasek.

Molle-Haranen eta Etxeberriren defentsak ateratako ondorio eta lekukoak entzun dira, bistan geratuz Madrilek eta Parisek nolabait ETAren armagabetzerako borondate ezak bultzatuta jarri zirela martxan bakegileak eta jendartea. Entzun dira hautetsiak eta Gobernu frantseseko ordezkariak.

Funosasen iritziz, sententzia ateratzerakoan gakoa izango da epaileek «nola» entzun dituzten. «Segur dena da horretatik indartuak atera garela. Ez genuen nahi, baina balio izan du gauzak esateko, egon da adostasuna estatuarekin eta hori errelatoa egiteko manera izan da».

Falta diren bakegileak gogoan, etapa ixtear dela eta «beste etapa bat eraikitzera» joan behar dela aldarrikatu zuen, presoen eta memoriaren auzian lan egiteko.

Jaurlaritza Logoa