Live
Euskal Selekzioa larunbatean itzuliko da, 20.30eaan, Uruguairen aurka jokatuko den partidan. Oraingoan Bilbon izango da. Zehatzago, San Mamesen. Horregatik, Kike Zurutuzak, Euskal Herria Kirola elkarteko arduradunak, mezu hau zabaldu nahi izan du NAIZ Irratian, Haria saioan: «Martxoaren 23an ezin dugu hutsik egin. Partida garrantzitsu bat dugu aurretik. Kritikak daude, baina azpimarratu nahi duguna ez da kritika kontu hori, baizik eta partidaren atxikimendua».
Azkenengo partida jokatu zenetik lau urte pasa dira. Hau da, ez da partidarik jokatzen 2020ko azaroaren 16tik. Partida zalego gabe jokatu zen, coronavirusaren pandemia zela-eta, eta Euskal Selekzioak 2-1 irabazi zion Costa Ricari, Ipuruan. Emakumezkoen Euskal Selekzioak, ordea, Txilen aurka jokatu zuen 2022ko abenduaren 20an, publikoarekin.
Gizonezkoek publikoaren jokatu zuten azken aldia duela sei urte izan zen, Mendizorrotzan, 2018an, eta 4-1 irabazi zieten Venezuelari. «Proiektu hau berriro hartzeko garaia dela uste dugu. Partidak beharrezkoak dira. Hau da, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna ezinbestekoa da. Azken partida jokatu zenetik denbora gehiegi igaro da. Lau urte pasa dira Ipuruan Costa Ricaren auka jokatu zenetik. Gainera, pandemia garaian izan zen, zaleturik gabe», adierazi du. Larunbatean partida ikaragarria izango dugu aurretik. «Aurten selekzio garrantzitsu baten aurka jokatuko da: Uruguai. Ofizialtasunaren bidean abiapuntua serioa izan dadin. Espero dugu, nahi dugu eta aldarrikatuko dugu».
Gainera, egun horretan bertan beste bi ekitaldi garrantzitsu edukiko ditugu: Realaren eta Athleticen arteko emakumezkoen derbia Anoetan eta Korrika Gipuzkoatik pasatzen dela. «Egun berean hainbeste ekitaldi egoteak zailago bihurtzen du Euskal Selekzioaren hitzordua buruan edukitzeak, bistan da. Gu kritiko agertu gara partida honen inguruan. Hain zuzen ere, kritikatu dugun gauzetako bat aukeratu den data eta haren kudeaketa izan da. Hau da, inorekin kontaktuan jarri gabe jorratu izana. Alde batetik, egia da Kopako final hori ez zegoela aurreikusterik. Bestalde, Korrika Gipuzkoatik pasatzen da. Laburbilduz, data ez da egokiena, baina partida bultzatzeko eguna da. Larunbatean, Euskal selekzioa aldarrikatzeko eguna izango da», dio Zurutuzak.
Ez du ahazten zalea beharrezkoa dela. «Zaletuen eta pertsonen presentzia oso inportantea da. Eta horrekin batera, beroa. Partida hauek nolabaiteko 'euskal sentimentuko atxikimendu eta konpromisoa' eduki behar dute». Bestalde, nabarmentzen du partidak ez direla lau urtetan behin jokatu behar. «Partidak jokatu behar dira. Gu lanean ari gara. Futbolean lan egiteaz gain, kirolaren beste disziplina batzuetan ere lan egin nahi dugu. Bulegoetan lana egon behar da. Horrekin batera akzio sozialak eta politikoak ere».
Oztopo nagusiak ere badaude proiektu hau aurrera ateratzeko. «Alde batetik, borondate politiko edo instituzio federatiboen inguruan nahiko ‘epela’ iruditu izan zaigu betidanik. Futbolaren kasuan, adibidez, urrats batzuk emanak ziren, baina ez da jarraipenik egon. Oztopoak badaude. Euskal Herria oraindik nazio bezala aitortu gabe dago eta maila horretan nazio arteko erakundeek aitortzeko oztopoak jartzen dituzte. Batez ere, Espainiako estatuak jartzen duen presioaren ondorioz. Gaia zaila da, baina gehiago egin daiteke».
«Larunbatean bat egin behar dugu»
Aurtengo hautatzailea Jagoba Arrasate bizkaitarra izango da. «Hautaketa bikaina baino bikainago iruditu zait. Partida honetan akatsak egon dira, baina baita asmatu diren gauzak ere. Jagoba entrenatzaile hautatzea izugarrizko puntua izan dela uste dut. Seguruenik Euskal Herriko zaletu guztion artean Jagobaren izena agertuko zen. 'Puntazoa' izan da». Bestalde, Marcelo Bielsa dago Urugaiko selekzioaren agintean. «Bielsa euskal zaletuen artean maitatua da. Bere garaian zapore ona utzi zuen Bilbo inguruan».
Uruguaik Euskal Herriaren antzeko gauzak ditu. Euskal abizenak, horien artean. «Antzekotasunak daude eta baita lotura ‘afektiboa’ ere. Hurbiltasuna eduki dute Euskal Herriarekiko. Euskal abizen asko daude herrialdi horretan: Pepe Mujikarena, adibidez. Hango euskal etxeak bideo txiki bat egin du partida nola jarraituko duten azaltzen. Uruguai Euskal Herriarekiko estimo handia duen herrialdea da».
Hortaz aparte, Gu Ere Bai eta Gure Esku Dago plataformak kalejira bat antolatu dute eta han izango dira Euskal Herria Kiroleko kideak. «Partida polita izango da. Pronostikoa bihotzarekin egingo dut. 2-0, gure alde».