Live
Bidasoko AEK Irungo euskaltegian izan gara Korrikaren hasieraren bezperetan, bertako komunitatea osatzen duten pertsonen hitzak biltzeko. Haiek izango dute gaur arratsaldean ekimen eder honen lehen kilometroa egiteko ohorea, hirian egun osorako antolatu duten jaiaren barnean.
Joxan Elosegi (Irun, 1955). Lanean 1973an hasi zen gero Irungo AEK izango zen horretan. Unibertsitateko ikaslea zen garai hartan Donostian, eta giroak hala eskatuta hasi zen bera ere euskarako klaseak ematen. NAIZ Irratiarekin izandako elkarrizketan nabarmendu duenez, lehendik ere bazen mugimendua Irunen 1960ko hamarkadan; gau eskolak deitzen ziren, euskalduntzeko eta alfabetatzeko eskolak ematen zirelako gauez.
«Lehendik ere bazen mugimendua bizkortzeko gai izan ginen. Urte larri batzuetan ez genuen asmatu: Franco hil ondoko urtean sekulako ikasle parrasta izan genuen, eta ezin genuen erantzun. Gero etorri zen benetako euskalduntze eta alfabetatze mugimendua, 1977-78tik aurrera».
«EZ GARA NORMALAK, GU EUSKALDUNAK GARA»
Elosegi 15 bat urtez ibili zen bertan lanean, eta urte garrantzitsuak izan ziren beretzat.
Orain, erretiroa hartuta, euskaltegia «oso esku onetan» ikusten du. «Zalantzak ditut ez dakigulako zer emango duen honek. Frankismoaren bukaerako urte haiek ezagutu nituen, eta garai hartan arazo batzuk genituen. Gaur egun baditugu orduko arazoak bezain larriak, beste mota batekoak, baina uste dut aterako garela. Ez dugu hizkuntza normalizaziorik izan eta, zoritxarrez, ez dugu izango. Ez gara normalak, gu euskaldunak gara. Ez dakit nola esan. Baina aurrera segitu nahi dugu», adierazi du.
Euskaltegiko eguneroko lana «oso zaila» dela ohartarazi du. «Baditu momentu onak, baina besteak ez dira hain loriatsuak. Badago jende asko konpromisoa hartua eta erantzungo diona. Zer falta zaigun? Gogoeta egingo bagenu maizago hobe, eguneroko dinamikatik aterata».
Aitor Errazkin (Irun, 1977), da egungo irakasle horietako bat. Zortzi-bederatzi urte daramatza. Korrikaren hasiera prestatzeko lana atzera samarretik hasten dela kontatu du. Lehendabiziko ekimenak abendurako egin zituzten, Korrika kulturalarekin. Aitortu du ez duela gehiegi pentsatzen hiriaren protagonismo horretan: «Gehiago interesatzen zait zer egin dugun eguna iritsi bitarte eta zer etor litekeen Irunen gero. Esate baterako, Korrika kulturalean osatu dugun agenda hori guztia. Korrika motibo izaki, jakin-mina piztu du».
Hiriko errealitatea soziolinguistikoki aztertzea ez zaio erraza iruditzen. «Neurketa batzuek datu batzuk emango dituzte, baina 60.000 biztanletik gora gara eta errealitate asko daude. Nire egunerokoa ia osorik euskaraz da. Euskaraz bizitzeko moduak badira, baina baldintza asko dira».
Erantsi duenez, «hizkuntza gutxituen patua kontzientziatik eta erabakitik izango da, izango bada».
Euskaltegian, azken bospasei urteetan bezala, 240-250 ikasle inguru dituzte data hauetan. «Gehiago nahi genituzke, eta batzuetan ezin izaten ditugu gehiago hartu. Hamar AEK-kide gara».
Noelia Lopez (Madril, 1996) duela bost urtetik bizi da Euskal Herrian. Medikua da eta B2 maila du. Iritsi aurretik ez zuen erabakita euskara ikastea. Jakin-minagatik pausoa eman zuen. «Banekien gutxienez lau urte pasatu beharko nituela hemen bizitzen, eta kultura ezagutzeko aprobetxatu nahi nuen. Euskara klaseak oso dibertigarriak iruditu zitzaizkidan. Hasieran zaila dirudi baina, ikasi ahala, ohartzen zara oso logikoa dela eta ikaste prozesua pozgarria da».
«NIRE ARDURA DA HEMENGO OHITURETARA EGOKITZEA»
Alde batetik, euskarak lana lortzen lagundu dio Noeliari. «Baina niretzat garrantzitsuena izan da integratua sentitzea: ni naiz kanpotik etorri dena eta ez zait gustatzen hemengo jendeak hizkuntzaz aldatu behar izatea nik ulertzeko. Nire ardura da hemengo ohituretara egokitzea, eta ez alderantziz. Norbaitek nirekin euskaraz komunikatu nahi badu, egin dezake eta nik euskaraz erantzungo diot».
Lasai eta seguru hitz egitea zen beretzat zailena, eta horregatik hasi da mintza taldean. Asko lagundu dio. Bestalde, ez du uste euskarak aterik itxi dionik.
Beñat de Alda (Irun, 1991) hika ikastaroko ikaslea da. «Txikitatik bizi izan naiz euskaraz, familian eta lagunartean, lanean ere bai ahal den guztietan. Zuka aritu naiz beti. Lagun baten bidez jakin nuen hika ikastaroa egitekotan zirela, eta izena eman nuen pentsatu gabe. Gogoan dut txikitan ‘Goenkale’-n eta ‘Dragoi Bola’-n hika aritzen zirela, eta, ulertu arren, ez dut deus jakin hitanoaz gaur arte. Ikastetxeetan ez da lantzen, eta euskararen ezagutzan gabezia bat nuela ikusten nuen».
Inoiz ez zuen pentsatuko euskaltegian izena emango zuenik, baina hementxe dago eta esperientzia ederra izaten ari da. «Noelia bikotekidea dut. Berari esker ere apuntatu nintzen. Irakasle bera dugu, Aitor. Euskara ez dakitenek egiten duten ahalegina ulertu dut klaseetan».
Arantxa Goñi (Iruñea, 1965) ikasle ohia da, euskaltegian euskaldundua. 8 urterekin etorri zen Irunera. «Franco hil zenean hasi ziren klaseak ematen eta hasiera niretzat pixka bat txinoa izan zen, ez nuen ezer ulertzen, eta inguruko jendeak ere ez zekien. 20 urterekin pentsatu nuen ikastea serio, AEKn, eta lehenengo urtea oso dibertigarria izan zen. Asko ikasi nuen eta oso pozgarria izan zen». Pixkanaka lortu zuen euskalduntzea eta «hunkigarria» izan zen jendearekin euskaraz egin ahal izatea.
Inportantea da bostentzat Korrika Irundik abiatzea. Egindako lanaren aitortza da, eta hiriko euskalgintza bultzatzeko aukera.