Live
Zure ustez zer garrantzia du telebista publikoak herri baten existentzian?
Garrantzitsua da oso. Lehen puntuan behintzat, informazioari begira: herritarrek informazioa modu orekatuan jasotzea eta hori zerbitzu publiko baten baten bidez gertatzea garrantzitsua da. Baina ez hori soilik, aisialdia eta entretenimendua ere garrantzitsuak dira. Gure kasuan, hizkuntza gutxitu bat dugu, hizkuntza erraldoi batzuen alboan dagoena, beraz, are garrantzitsuagoa da euskal telebista publiko sendo bat izatea.
Pentsatzen dut liburua idatzi aitzin uste batzuk izanen zenituela, hipotesiak. Bete al dira horiek? Edo hobea edo makurragoa da zuk aurrez irudikatutako egoera?
Buruan neukana, gutxi gorabehera, betetzen da. Hala ere, aurkezpenean ere esan nuen, ni baikorra naiz. Uste dut badaudela profesional onak. Gertatzen dena da askotan arduradunek ez dutela sinisten egiten den horretan. Ez dute sinisten egiten diren produktuetan, are, ez dute sinisten erosten dituzten produktuetan ere, gero ez baitituzte emititzen. Aurretik ezagutzen nituen elkarrizketatu gehienak, eta ez dut aparteko ezustekorik hartu.
Liburuan bikoizketari eskaini diozun kapitulua Bingen Zupiriaren esaldi lapidario batekin abiatu duzu: «Uste dut ez dugula asmatu bikoizketaren munduarekin», onartzen du eta «fikzio euskaratua oso zurruna da, eta zaila egiten du haren kontsumoa», gaineratzen du egungo Kultura Sailburuak. 1.500 ordu ekoizten ziren garai batean, eta egun, 150 besterik ez. Nola iritsi gara egoera horretara?
Hori eboluzio bat izan da. 80ko hamarkadan asko bikoizten zen, ETBk ez zuen barne ekoizpenerako ahalmenik, eta erosi egin zituzten atzerriko ekoizpen asko, baita film erdi porno bat ere. 90eko hamarkada hasieran gauzak bikoizten ziren oraindik, baina Jaurlaritzan eztabaida bat izan zen, eta erabaki zen bikoiztutako orduak jaistea eta apustua egitea barne ekoizpenaren alde.
«Hizkuntza gutxitu bat dugu, hizkuntza erraldoi batzuen alboan dagoena, beraz are garrantzitsuagoa da euskal telebista publiko sendo bat izatea»
Nik, ohituraz, jatorrizko bertsioan ikusten ditut filmak, baina Euskal Telebistan ematen den fikzio guztia espainolez bikoizten da [ez dago jatorrizkoa jasotzeko aukerarik]. ETB2ko eskaintza jatorrizko bertsioan ikusteko aukerarik balego, euskarazko eta gaztelaniazko azpidatziekin, politika hori aurrera eraman izan balitz, bale, ongi. Baina ez da hori egin, ez da sustatu jatorrizko bertsioa azpidatziekin, egin dena da zuzenean espainolez bikoiztu. Horrek ekarri du belaunaldi berriek fikzioa ETB2n ikustea, espainolez, eta herritarrek galdu egin dute fikzioa euskarara bikoiztuata ikusteko ohitura. Kontsumo ohitura horrekin desafekzio bat sortu da ikusten den horrekiko. Ez da posible ETBk espainolez ematea dena, bikoiztuta.
Gurpil zoroa da: batzuk kexu dira, bikoizketan ez dagoela kalitaterik esaten dute, baina ETBk bikoizteari utzi dio, bikoizketaren industria hiltzen utzi du nolabait...
Baldintza oso zailetan egin dute lan bikoiztaileek azkeneko urteetan... Konparaziorako, Kataluniako TV3ek sei enpresarekin egiten du lan, eta punta-puntakoak dira; batzuetan, lehia izatea ona da.
Kontua da ETBk deialdi bakarra ateratzen duela bikoizketarako, eta enpresa batek eramaten du. Jakin dut enpresa hori kinka larrian omen dagoela. Bestalde, Bieuse elkartea dago (Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea), horiek greba bat egin zuten eta ez zuten gauza handirik lortu, baina gaur egun lanean hasi dira berriro streaming plataformentzat.
Eskaintza gehiago behar da, enpresa gehiago lanean, baina ongi ordainduta. Baldintza eskasetan ari dira lanean, eta horrek eragina du kalitatean.
Bikoizketa aukera bat da, baina beste aukera bat da, noski, ekoiztea. Urrezko garaiak bizi izan ditugu, egunero emititzen ziren bi telesail egiten ziren garai batean, «Goenkale» eta «Hasiberriak», eta orain helduentzako eskaintzan basamortu bat bizi dugu. Nola justifikatzen du hori ETBk?
Nik entzun dudana da asko kostatzen dela, oso garestia dela horrelako proiektuak aurrera ateratzea. ‘Itxaso’ telesaila egin da, Primeran plataforman dago ikusgai, eta Netflix-era ere iritsi da.
Beste koprodukzio bat da ‘Touré detektibea’. Jatorriz gaztelaniaz grabatu da, eta Primeran-en euskarara bikoiztuta dago. Hala ere, pena eman dit euskal aktoreek euskarara bikoizteak beste aktore batzuen ahotsarekin...
‘Altsasu’, ‘Alardea’ eta ‘Hondar Ahoak’ 2020ko udazkenean estreinatu ziren, orain lau urte. Badirudi beste diru partida bat badatorrela, zergatik pasa da hainbeste denbora?
Haiei galdetu beharko zenieke. Badakigu horietako batek, ‘Hondar Ahoa’’ telesailak, jarraipena izanen duela. Nerea Garciaren poliziaren gorabeherek segida izanen dute. Lan talde berdintsua aritu da lanean, eta bazkide berriak sartuko dira finantzaketa lortzeko.
Hemendik aurrera zaila izanen da ETBk soilik finantzatutako telesailak ekoiztea, gero eta koprodukzio gehiago daude, eta nazioarteko enpresa horiek ikusi behar dute euskarazko ekoizpenek badutela irtenbide komertziala, eta egiten direla gauza onak. Adibidez, Disney+ en estreinatu den ‘Cristobal Balenciaga’ telesailean, euskarak badu bere presentzia.
Baina ETB beti dago audientzia datuen mende. Zein puntutara arte begiratu behar die audientzia datuei erakunde publiko batek?
Ba demagun NAIZ Irratiko programa honek oso entzule gutxi dituela. Zergatik erabaki behar du NAIZek programa hau kentzea? Azkenean, hizkuntza gutxitu batean lanean ari den programa bat da, zerbitzu bat ematen du eta ekarpen bat egiten du. Kontua da ekarpena beste modu batean neurtu beharko genukeela. Beldurgarria da telebista publiko bat 400 audimetroren mende egotea.
Eta kanpo ekoizpenetan, non egiten du apustu ETBk?
Legez, telebistek diru publikoa inbertitu behar dute ekoizpenetan. Kontua da ekoizpen horiek ea zein hizkuntzatan dauden. Ekoizle elkarteek agerraldi bat egin zuten eta jakitera eman zuten 2008-2022 urte tartean ETBk 208 ekoizpen lagundu zituela, eta horietako 70 jatorriz euskaraz ziren; alegia, herena.
«ETBk, legea betez, inbertitzen du zineman, baina ez du batez ere euskarazkoa laguntzen, gehiago dira gaztelerazko produkzioak. Horren inguruan asko eztabaidatu daiteke»
Horrek esan nahi du ETBk legez inbertitzen duela zineman, baina ez duela, batez ere, euskarazkoa laguntzen. Gehiago dira gaztelaniazko produkzioak, eta horren inguruan asko eztabaidatu daiteke. Orain ari dira horretan, eta iritsiko dira laguntza batzuk, propioak, euskarazko ekoizpenerako.
Liburuaren aurkezpenean Garazi Goiaren erranak nabarmendu zenituen. Bera aditua da gai honetan, nazioarteko hainbat telebistatako aholkulari lanetan ibili da. Zer esan zizun, bada?
Oso gauza interesgarriak eta garrantzitsuak esan zizkidan. Adibidez, bere ustez ahalegin bikoitza egin beharko litzateke euskarako edukiekin, ezin baita esfortzua parekoa izan euskarazkoetan eta gaztelaniazkoetan, hizkuntzaren neurria ez delako berdina.
Hauteskunde giroan gaude. Lehendakarigai bazina, ETBri dagokionez, zein lirateke zure programako lehen hiru puntuak?
Legeak dio euskara eta euskal kultura sustatu behar dituela ETBk. Beraz, jatorrizko lege hori ekintzekin erantzungo nuke: ETBn euskarazko eskaintza lehenetsi behar da. ETB4 katea euskarazko kultura kate bihurtuko nuke.
Eta beste hau ere egingo nuke: karrera profesionala sustatuko nuke. Egun, 1.178 langile daude ETBn, langile publiko asko dira. Haiei entzun behar zaie; horregatik, ez nituzke jarriko ardura postuetan gogoko dudan alderdiko pertsonak, baizik eta etxe barruan ibilbidea daukaten pertsonak.
Egingo nukeen beste zerbait da ETBtik kanpo dagoen aholkulari kontseilu moduko bat sortzea, eta izan dadila hori estrategia eta gidalerroak markatuko dituena, eta ez ditzala hartu erabaki guztiak alderdi politiko bateko pertsona batek.