Live
Pakistango Estatuaren iparraldean kokatuta dago Baltistan, eta Indiako Ladakh zein Txinako Xinjiang ditu mugakide. Jatorriz, talde budisten parte ziren baltiarrak eta erro hori du haien hizkuntzak. Mendeek aurrera egin ahala, inguruko herrien eragina izan dute, eta islama da gaur egun bertako erlijio nagusia. Bertan daude K2, Nanga Parbat, Gasherbrum I-II eta Broad Peak mendiak, guztiak 8.000 metrotik gorakoak.
Mendebaldeko alpinistek tontorretan ospea lor dezaten, zama handia jasan behar du Balti herriak. Karakorum mendikateak, bere geografia bera dela eta, baldintza ekonomiko oso zailetan bizitzera behartzen ditu Baltistango herritarrak, baina era berean, dirua irabazteko euren iturri nagusia ematen die. Eman bezala, mendiak kendu ere egiten duelako, alpinistek ongi dakiten bezala. «Egoera ekonomiko oso zaila dugu», dio Ishaq Akhondek, «bi hilabete bakarrik ditugu barazkiak landatzeko». Testuinguru horretan, baltiar gazteentzako irtenbideak bi dira: Karatxi ala Lahore bezalako hiri handietara joatea, ala mendira igotzea, zamaketari gisa.
Matxulun jaio zen Ishaq Akhond, Hushe haranean, 2.500 metroko altueran, eta 6.000 eta 7.000 metroko mendien artean. Baltiar harrotasuna agerikoa du, baina duela 11 urtetik bizkatarra ere bada. 2011n Gasherbrum I mendiko zorigaiztoko espedizio hartan, Alex Txikonen parean gelditu zen zortzi egunez; ordutik, lagunak dira, anaiak bezala ia-ia. Sarritan Ishaq Akhondez hitz egitean, gertakari hura eta goi mendiko sukaldari bezala egindako lana aipatzera mugatzen dira asko. Baina gertutik ezagutu dutenek jakin badakite hori baino dezente gehiago dela; pertsona zinez berezia.
Baltistanetik Bizkaira
Alex Txikonen laguntzaz heldu zen Arratiako bailarara Ishaq Akhond, eta gaur egun familia dauka berarekin batera. Etxetik zekarren oinarria handitu ostean, hainbat jatetxetan aritu da lanean, «iritsi nintzenean ez nekien kroketa bat zer zen».
Ongi eta azkar ikasi zuen eta gaur gaurkoz haren platerak dastatzeko aukera dute herritarrek, Bilboko Garibolo jatetxe ospetsuan. Jatetxe honek baditu bere plater historikoak, baina hasi da zabaltzen nor den bertako arduradun berria, «fusio bat egiten ari gara eta jendeak gustuko du». Lasai asko eskatu daiteke bertan, urduz, gaztelaniaz eta, batez ere, euskaraz. Besoak zabalik hartu zuen herriaren hizkuntza ikasteko konpromisoa «euskararengatik hemengo jendeak bihotza irekitzen du. Harreman gehiago lortzen ari naiz».
Akhondek ezin hobe ulertu du euskara zaintzearen beharra, akaso badakielako zer den tokiko hizkuntza galtzea. «Baltiarra galdu dugu», dio penaz: «Ez dago halako errespeturik kultura eta hizkuntzarekiko».
«Euskararengatik hemengo jendeak bihotza irekitzen du. Harreman gehiago lortzen ari naiz»
Hil ala bizi
Pena da Baltistango herria bere kultura galduz joatea, baina ulergarriagoa agian, lehentasunak ekonomikoak direla aintzat hartuta. Ishaq Akhonden bizitza gogorra izan da, 11 urterekin etxetik Lahorera bidali zuten eta bertako txinatar jatetxe batean hasi zen lehenik platerak garbitzen eta, bide batez, kozinatzen ikasi zuen. Armadara joateko aukera ere sortu zitzaion, baina tipo azkarra da Akhond, eta azkar egin zuen Lahorerako bidea. «Lau euro edo gutxiago ziren, baina oso pozik nintzen», dio baltiarrak. Nola egon pozik lau euroko soldata batekin? «Nire aitarentzako diru asko zelako», erantzun Akhondek.
Tamalez, Lahoren errotuta zegoela, umezurtz gelditu zen atal honetako protagonista. Familia zaintzeko arduradun berria zenez, sorterrirako buelta hartu zuen zamaketari gisa hasteko. 2000. urtean egin zuen lehen espedizioa, «22 egunengatik 3000 errupia irabazi nituen, niretzat asko zen. Gaur egun 10 euro inguru». Huskeria bat dirudi, baina Lahoreko jatetxean irabazten zuenaren bikoitza beti ere.
Denborak aurrera egin ahala, espedizioetako sukaldari bilakatu zen Akhond. Eta ez pentsa, 5000 metrotara kozinatzea erraza denik. Barazkien zaporea eta testura aldatzen da, izotzez inguratuta izan arren, soilik izotz garbiak balio du ura edateko, arrautza soil bat egosteko 17 minutu inguru behar dira presiozko eltze batean. Badu ordea alde on bat; munduko alpinista onenak ezagutzeko aukera.
Txanponaren bi aldeak
Bada ezagutu zituen alpinista guztien artean, berezia den bat, Ali Sadpara. Sadpara zamalari bezala hasi zen lanean eta munduko alpinista onenetako bat bezala (Alex Txikon eta Simone Mororekin batera 2016an lehen aldiz lortu zuen Nanga Parbat neguan igotzea) aitortua izango zen ostera. Baltiar herri osoari ikasgai garrantzitsu bat eman zion, Akhondek adierazi duenez «dena posible dela».
«22 egunengatik 3000 errupia irabazi nituen, niretzat asko zen. Gaur egun 10 euro inguru»
Sadpara 2021ean desagertu zen K2 mendian, baina askok jarraituko zuten bidea hasi zuen. Horietako bat izan zen, Murtaza Ghulam, Sadpararen iloba. Duela hilabete batzuk, mendizaletasunaren txanponaren bi aldeak irudikatuko zituen Ghulami gertatutako zerbaitek.
Zamaketari ari zela, 8.000 metro inguruko altueran ondoezik sentitu, eta botata utzi zuten kontratatu zuten mexikarrek. Hamarka lagun igaro ziren haren paretik, baina austriar mendizale bakar batek hartu zuen tontorrari uko egin eta Murtaza laguntzeko erabakia.
Ostera Alex Txikonen laguntzarekin besteak beste Euskal Herrira ekarri zuten arreta medikua jaso zezan, baita babes ekonomikoa ere.