Live
«Bertan ekoiztutakoa ez da nahikoa, nazioarteko zinema euskaratzea ere beharrezkoa da»
Zinema komertzialeko eskaintza euskaraz izatea «lehentasunezko» afera da Pantailak Euskaraz-eko Alex Aginagalderentzat. Eskaintza ez da %3ra iristen. ETB1eko eskaintza ez da hobea, eta horri gehitu behar zaio Ikus-Entzuneko legea onartu eta urtebetera, legea ez dela betetzen ari.
«Bertan ekoiztutakoa ez da nahikoa, nazioarteko zinema euskaratzea ere beharrezkoa da»
Zer egin behar da zine gehiago egin dadin euskaraz?
Tira, gauza ezberdinak egin beharko lirateke. Lehenik, euskarazko ekoizpenera dirulaguntzak biderkatu beharko lirateke. Azken lau urteetan izoztuta egon da kopuru hori. Bi milioi eta erdi EAEn eta milioi erdia Nafarroan, eta kopuru horretan ez zegoen euskarari berariaz zuzendutako kopururik. Beraz, euskarazko ekoizpenak handitzeko egin behar den lehendabiziko gauza da diru gehiago bideratzea.
Horretaz gain, guk uste dugu beharrezkoa dela nazioarteko zinema euskaratzea. Azken finean, hemen ekoizle eta aktore denak jarriko balira filmak egiten, zenbat egin daitezke, 20? Gaur egungo kontsumo ohiturekin oso gutxi da hori, ez da nahikoa urte osoan zehar euskaraz kontsumitu ahal izateko. Beraz, nazioarteko zinema euskaratu behar da, bikoiztuta edo azpititulatuta, eta horretarako baliabideak behar dira, eta legeak indarrean sartu.
Baina nork erabakitzen du film bat bikoiztea ala ez?
Gaur egun, banatzaileak erabakitzen du, eta gero zinema aretoek. Hori bai, bikoiztutako bertsioa denean, beti da gaztelerazkoa. Euskarazko bertsiorik ez da egoten normalean. Baina erakundeek hor ere egin dezakete zerbait. Gainontzeko esparruetan enpresek beharrak dituzten bezala, kontsumitzaile euskaldunen eskubideak errespetatzeko, zinearen arloan ere legeak onar daitezke. Kuota batzuk jarri, adibidez.
Katalunian badute Zinemaren Legea, 2010ean onartutakoa, eta bertan esaten da Kataluniako zinema-aretoetan estreinatzen diren pelikulen %50ek katalanez behar dutela egon, edo bikoiztuta edo azpidatziekin. Egia da, Auzitegi Konstituzionalak ehuneko hori 25era jaitsi zuela arauaren forma akats bat aprobetxatuta. Baina Euskal Herrian %25 horretatik oso urrun gaude oraindik –%2,50era ere ez da iristen–. Beraz, horrelako lege batek lagunduko luke banatzaile, ekoizle eta zine-aretoei betebehar minimo batzuk jarrita euskara eskaintza handitzea.
Bilerarik egin duzue gobernuekin horrelako lege bat proposatzeko?
Bai. Izan ditugu hainbat bilera Jaurlaritzarekin eta esan digute handituko direla dirulaguntzak ekoizpenerako. Gainera, euskarazko ekoizpenerako dirulaguntza zehatz bat egongo da 2.000.000 eurokoa. Gainontzeko dirulaguntzetan ere portzentaje bat euskarazko ekoizpenetara bideratuko da. Eta hori bada aurrerapauso bat beharrezkoa dena, urte asko egon baitira dirulaguntzak izozturik. Adibide bat ezartzearren, Katalunian azken lau urteetan 10 milioi eurotik 35 milioi eurora igo dira zinemara bideratutako dirulaguntzak. Bitartean, hemen, 2.400.000 euroan mantendu dira dirulaguntzak azken lau urteetan. Badirudi orain igoera handi bat datorrela eta zazpi milioi euro baino gehiago bideratuko direla zinegintzara EAEn, eta esan bezala, hortik kopuru bat egongo da bermatua euskararentzat.
Portzentajeari dagokionez, Jaurlaritzari azaldu genion 2023ko datuak zeintzuk ziren, eta esan ziguten gaur-gaurkoz banatzaile eta ekoizleei ez zaiela errentagarria iruditzen euskarara bikoiztea eta, momentuz, ez dute alor horretan ezer egiteko planik.
Iruditzen zait errazago itzultzen direla haurren filmak euskarara, helduenak baino. Hala da?
Bueno, hori nahiko erlatiboa da. 564 filmetatik 10 bikoiztu dira euskarara. Umeentzako filmen %10 izanen da euskaraz, baina kontuan hartu behar da, normalean, euskarara bikoizten diren film horiek Zinema Euskaraz programaren bitartez egiten direla. Europako film independenteak izaten dira, eta horrelako programa batean inoiz ez dituzu ikusiko Disney, Pixar, StarWars edo Marvel-eko pelikulak. Horiek dira ikus-entzule gehien dituzten filmak haurren artean ere. Beraz, 500 filmetik 10 euskaraz, ba, tira, gutxi da.
«‘Zinema Euskaraz’ programaren bitartez Europako film independenteak bikoizten dira; ez dituzu ikusiko Disney, Pixar, StarWars edo Marvel-eko pelikukak»
Joan den otsailean, duela urtebete zehazki, Ikus-entzunezkoen Legea bere osotasunean ez zela bete salatzeko agerraldia egin zenuten. 2023ko abenduan amaitzen zen legea betetzeko epea. Nola gaude orain?
Legeak hainbat betebehar ezartzen dizkie telebista publiko eta pribatuei, baita streaming plataformei ere. Atalez atal emango dizut erantzuna: alde batetik, legeak esaten du Estatuko irrati-telebista publikoak, RTVEk, haurrei zuzenduriko edukiak hizkuntza koofizialetan egin behar dituela. Legez, gaur egun Clan TVk ordu batzuk egin beharko lituzke euskaraz, baina hori ez da betetzen.
Legearen bigarren puntua da streaming plataformek kuota batzuk bete behar dituztela hizkuntza koofizialetan. Kataluniako eta Galiziako hainbat elkarterekin lanketa handia egin genuen, alderdi politikoekin, baina legea ez zen aurrera atera guk nahi genuen bezala. Hala eta guztiz ere, zeharkako betebehar bat ezarri zitzaien plataformei. Espainiar Estatuan urtean dituzten irabazien kopuru bat bideratu behar dute hizkuntza koofizialetako edukiak eskaintzera, bikoiztuta edo azpidatziekin.
Bikoiztea edo azpidaztea berdin da?
Legean ez dago erabat zehaztuta. Bakarrik esaten du bideratu behar dituztela haien edukiak hizkuntza koofizialetan. Gutxi gorabehera, aritmetika pixka egin eta gero, ikusi dugu Netflixek, iazko irabazien arabera, urtean milioi bat euro bideratu beharko lituzkeela edukiak euskaratzera. Oraingoz, Netflix eta Amazoneko Prime Video ari dira legearen betebehar horiek jarraituz edukiak euskaraz eskaintzen, urte eta erdi beranduago.
Baina zein da arazoa? Bada, legeak ez duela ezartzen ez inongo santziorik ez jarraipen mekanismorik streaming plataformak legea betetzen ari direla ziurtatzeko. Esate baterako, Disney + eta HBO plataformak ez dira ez bikoizten ez azpidazten ari.
«Legeak ez du ezartzen ez santziorik ez jarraipen mekanismorik streaming plataformak legea betetzen ari direla ziurtatzeko»
Badago beste arazo bat ere. Ehundaka film daude euskarara bikoiztuta, baina ezin dira plataformetara igo. Zer gertatzen da hor?
Legearen hirugarren puntua da hori. Alde batetik RTVE dago, bestetik, streaming plataformen eskaintza, eta gero, badago hirugarren puntu bat. Hirugarren puntuan esaten da streaming plataformak behartuta daudela diru publikoz egindako hizkuntza koofizialetako bikoizketak katalogoan txertatzera. Hau da, plataforma baten eskaintzan baldin badago bere garaian EITBk egin zuen itzulpen bat, plataforma behartuta dago audio hori eskaintzera, baldin eta kostu ekonomikorik ez badu eta, betiere, audio horiek teknikoki bateragarriak badira plataformarekin.
Eta orduan zein da arazoa?
Guk zerrenda bat osatu genuen. Errepasatu genituen katalogoak goitik behera eta badakigu 500 bat film eta telesail daudela ETB1ek 80, 90 eta 2000ko hamarkadetan eskainitakoak: Harry Potter, Indiana Jones, Batman...
Baina audio horiekin arazo teknikoak daude. Egia esan, nahiko luze joaten ari da gaia. Bai plataformek, bai EITBk, esan dute audioen moldaketaren gastua ez dutela beren gain hartuko, eta Jaurlaritzak lehiaketa publiko bat egin nahi zuen... Adibidez, Katalunian buru-belarri ari dira gai honekin. Kataluniako Gobernuak horretara dedikatzen den pertsona bat jarri du Kultura departamenduan. Uste dut 70.000 euro litzatekeela film horien audioa egokitzea. Zer da hori milioika eta milioika euroko aurrekontu batean?
Eta egokitzapen horiek egiteko datarik badago?
Ez.
Aurrera begira, nola dator 2024a?
Audioen aferari irtenbidea bilatu nahi diogu eta harremanetan gaude hainbat erakunderekin. Momentuz, ez dakigu zer aurrerapauso egingo den, baina lanean jarraituko dugu euskarazko bikoizketa horiek irits daitezen plataforma nagusietara.
Bestetik, zinema komertzialaren gaia guretzat lehentasunezkoa da. Zinema aretoetan ez dira euskaldunen eskubideak errespetatzen eta uste dugu neurriak hartu behar direla lehenbailehen. Munduan adibide asko daude, Kataluniako Zinemaren Legeaz aparte, Belgikan helduentzako filmak jatorrizko bertsioan eta azpidatzi bikoitzarekin eskaintzen dira, flandrierako eta frantseseko azpidatziekin. Zinema arloan euskaldunok jasaten dugun diskriminazioari amaiera ematea izanen da aurtengo erronketako bat.