Live
Korrika martxoaren 14an abiatuko da Irundik Euskal Herriko probintzietatik igaroko den ibilbidea hasteko, baina aurretik beste hitzordu bat dauka. Game Erauntsiak AEK-rekin elkarlanean Korrikari lotutako ekimen berezia EHko zortzigarren probintzian prestatu du: digitalean, hain zuzen ere.
Azken albistegian industria osorik alda dezakeen berria ekarri dugu, gainera. Xbox-en inguruko zurrumurruak entzun dira egunotan: iturri desberdinek diotenez, euren bideojokoak PlayStation eta Nintendo kontsoletara eramateko asmoa daukate. Phil Spencer Microsoft Gaming-eko arduradun nagusiak horri buruz hitz egiteko saioa iragarri du.
Horrez gain, biziraupen tituluen jarraitzaileek horrenbeste maite duten Subnautica-ren itzuleraren berri izan dugu. Bigarren jokoa prestatzen dabiltza Unknown Worlds taldekoak, baina iragarpen ofizialak nahasmendua eragin du komunitatearen artean. Izan ere, Krafton argitaletxekoek multijokalarira zuzendutako zerbitzu jokoa izango dela adierazi dute finantza txostenean, baina egileek ez dute halakorik sortzeko asmorik.
Steam Next Fest jaialdiaren azken edizioak milaka obra ekarri dizkigu, edo, hobe esanda, hauen doako probak.
Ohi bezala, irratsaioan joko esanguratsuak ezagutzeari ekin diogu… baina oraingoan zerrenda berezia prestatuta. Euskal Herrian garatzen ari diren lau tituluk demoa aurkeztu dute ekimenean: Ritual, Narona Sports Supernatural, Submersed 2 - The Hive eta Bullfighter Neon jokoen probetan ibili gara.