Live

NAIZ Irratia
Interview
Bea Sever eta Elaxar Lersundi
Naizen elkarteko kidea eta Ekairen aita, hurrenez hurren

«Egun berezia da Ekaik nahi zuena lortzeko bidean»

Gasteizko Parlamentuak Trans Legea onartuta, «egun berezia» dela esan du Elaxar Lersundik, bere buruaz beste egin zuen Ekairen aitak, NAIZ Irratian. Lege honek «urrats gehiago» eskatuko ditu, baina oztopoak kendu eta aitortza legala izatea «berebizikoa» da Naizen elkarteko Bea Severrentzat.

Audio_placeholder

«Egun berezia da Ekaik nahi zuena lortzeko bidean»

Loading player...
Naizen elkarteko kideak eta Ekai Lersundiren gurasoak, Gasteizko Legebiltzarraren kanpoaldean, legea onartu aurretik.
Naizen elkarteko kideak eta Ekai Lersundiren gurasoak, Gasteizko Legebiltzarraren kanpoaldean, legea onartu aurretik. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gasteizko Legebiltzarrean Trans Legea egun berezian onartu dute, izan ere, gaurko egunez duela sei urte, 2018an, bere buruaz beste egin zuen Ekai Lersundi ondarroar gazteak. Elaxar Lersundik oso egun berezia zaiola aitortu du, Ekaik nahi zuena lortzeko oztopoak kentzen direlako eta atzetik datozenentzat gauzak erraztu daitezen. Alaibaina, aitortu du Lersundik oraindik lan asko dagoela egiteko gizarte mailan: «Asko dira pentsatzen dutenak kapritxoa dela ume batek hori esatea. Inor ez gara esateko bestea nor den, norberak du bere burua nor den esateko eskubidea», adierazi du.

Horrekin bat egin du Naizen elkarteko Bea Severrek. Ekairen suizidioak islatu zuen pertsona hauentzat zer nolako oztopoak dauden; «ez dugu horrelakorik nahi», esan du. «Haurtzaroan transitoa egitea erabakitzen dutenek egoera normalizatzea beharrezkoa dute, gezurrak azaleratzea, errealitate hauetara gerturatzea. Oztopoak kendu eta eskubideak onartu behar dira lege bidez. Beste denak kasilla batetik ateratzen gara eta hauek atzeragotik», azpimarratu du.

Legearen babes zabala

Legebiltzarreko alderdi guztiek, PPk izan ezik, eman dute baiezko botoa. Severrek esan du «kostatu» dela onartzea, hauteskunde ziklo ezberdinek atzeratu dutelako legearen onarpena. Aitzitik, lortutako babesarekin «oso pozik» mintzatu da.

Azpimarratu du legearen bidez gaur egun egiten diren zenbait gauza jasota geratuko direla, esaterako hezkuntza protokolo berritua. Dokumentazio trantsitorioa, izena eta sexu aldaketak, dekretuz jasota zeuden, baina ez lege bidez.

Halaber, garrantzitsutzat jo du osasun arretan psikiatrizazio eta patologizaziotik atera eta lehen arretatik ematea erantzuna eta jarraipena. Bestalde, hezkuntza, osasuna eta adminstrazioko langileentzat formakuntzak egongo dira, eurek pertsonekin lan egiten dutelako.

Ez-bitarrak kontuan hartu gabe

Txaloka eta hunkituta hartu dute lege berriaren onarpena Gasteizko Legebiltzarreko palkoak betetzen zituzten elkarte eta kolektibo desberdinetako kideek. Ikusgune Gasteizko LGTBI+ Behatokiaren eta Loratuz Lotu trans elkartearen izenean Claudia Ugartek eta Brayan Altimasberesek, hurrenez hurren, bereziki legearen izenaren aldaketa laudatu dute, «trans aktibista askorentzat konnotazio patologizatzailea duen» ‘transexual’ hitzaren ordez ‘trans’ jarri dutelako.

Hala ere, genero ez-binarioarekin identifikatzen diren pertsonak «aitortzeko ausardiarik ez» dutela izan deitoratu dute. Hortaz, beharrezkotzat ikusten dute «lehenago edo geroago» arauaren hirugarren moldaketa bat. «Pertsona ez-binarioak sartzen ez badira, askatasun mugatuak baino ez dira», salatu dute ekintzaileek eta beraien kolektiboetatik zentzu horretan lanean ari direla iragarri dute.

Bestalde, dibertsitate funtzionala duten pertsonak aipatzen ez direla deitoratu dute ere, gidaliburuetan zuzendu beharreko zerbait. Hala ere, adineko trans pertsonei, memoriari, transfobiari, kirol inklusiboari buruz legeak landutakoa nabarmendu dute. Bereziki azpimarratu dute hurbileko arreta medikoa jasotzeko aukera «berri ona» dela eta gida berri bat egitea «ezinbestekotzak» jo dute.

Euskal LGTBI+ Behatokitik, pertsona ez-binarioak ez aitortzea «sentitzen» dutela adierazi dute ere, baina intersex pertsonen «beharrak ikusarazten eta aintzat hartzen hasi direlako» pozik agertu dira; izan ere, genitaleen mutilazioa debekatzen du arau berriak. Aitzitik, «hutsune gehiegi, konpromiso zehatz gutxi eta gehiegizko ez-egiteak» dituenez, legea «zaharkituta» dagoela azaldu dute.

Mar Cambrollé Andaluziako ekintzailea ere bertan izan da eta legearen aldaketa Euskal Herriarentzat «beharrezkoa» eta «historikoa» dela adierazi du. Aitzole Aranetak, bestalde, «duela 10 edo 20 urteko bazterkeria alde batera uzten ari garela» goratu du, eta ‘20.000 especies de abejas’ filmaren taldeari eskerrak eman dizkie.

Jaurlaritza Logoa