Live
Etxeberri Goikoa, Etxezuri eta Kerixara Euskal Herriko hiru gaztetegi ezagutu ditugu aste honetan. Hirurak egin dute apostu gaztandegian berrikuntza energetikoak txertatzeko, eta Gazta Enery proiektuan hartu dute parte. Proiektuaren parte ere dira automatizazio eta digitalizazio tresnak aplikatzen dituen Ekisolar, energiaren sorkuntza eta merkaturatzean diharduen Goiener eta koordinazioaz arduratu den Noemi Salazar. Gelditu Makinak saioan Etxeberri Goikoa baserriko Aitor Aranbururekin eta Kerixara gaztategiko Felix Ajuriarekin izan gara proiektuaren eta egunerokoan egindako aldaketen berri izateko.
Proiektuak herrien energia-subiranotasunean aurrera egiten lagundu nahi du, landa-ingurunean autokontsumo partekatuko instalazioen bidez, instalazioen eraginkortasuna maximizatzen duten tresnekin, eta, aldi berean, klima-aldaketa arintzen eta nekazaritza-sektorea suspertzen lagundu nahi du, teknologia eraginkorragoak eta berritzaileagoak erabiliz.
Kokatze aldera, datu batzuk labur-labur emanda, Etxeberri Goikoan eguzki plaka fotovoltaikoen bidez, 18 kW-ko potentzia instalatua dute eta energia biltegiratzeko 44 kW/h-ko gaitasuna duten bateria elektrikoak instalatu dituzte. Kontrolatzaile bat ere instalatu dute sortutako energia lehentasunen arabera bideratzeko. Kerixara gaztategian, berriz, 14,4 kW dituzte eguzki plakatan instalatuta eta biltegiratzeko, 1.000 litroko ur-biltegia ipini dute 9 kW-ko erresistentzia batekin. Kamara firgorifikoen kontsumoa neurtzeko sistema instalatu da eta haizagailuen abiaraztea automatikoki egokitu dute. Etxezuri Gaztategian ere 1000 litroko ur-biltegia instalatu da 9 kWko erresistentziarekin eta soberakinak izanez gero, bertako okindegiko ur-termoa berotzeko baliatzen da.
Eraginkortasunaren bila
Hiru baserriek aurretik egina zuten energiaren gaineko gogoeta eta, izatez, hirurek zuten eguzki plaken aldeko hautua egina. Berrikuntza proiektuetan esperientzia ere bazuten gainera, Kerixara eta Etxezuri gaztategiek. Felix ajuriaren esanetan, 3 gaztategiek urteak daramatzate energia autokontsumoa lantzen, «modalitate desberdinetan bada ere». Hori nahikoa iruditu ez eta pauso bat gehiago eman nahiak elkartu ditu. Aitor Aranburuk argitu du berrikuntzaren gaineko jardunaldi batzuetan gaia atera eta proiektua eurek aurkeztu zutela, inoren zain egon gabe: «hiru baserriek genituen eguzki plakak eta pentsatzen genuen bazegoela energiaren erabilera hobetzea sortze eta kontsumitze momentuak ahalik eta bateratuenak eginik».
Kontziente dira gaztategi txikiak izanik ere, energia kontsumo handia dutela eta, era berean, baita ekoizteko aukera ere. Sortzen dutenari ahalik eta erabilera egokiena eman nahian digitalizazioa izan da proiektu berritzaile hone gakoetako bat. Aranburuk dioen bezala, «lehen gakoa energia kontsumoa murriztea eta efizientea izatea da eta, bigarrena, ekoizten eta kontsumitzen ari garena ahalik eta bateratuen joatea». Aranburuk berak dio, era berean, automatizazioa txertatzeak, batetik, lana murriztu diela eta, bestetik, hobeto aprobetxatzen dutela energia, «lehen eskuz egiten genuelako eta behin ere ez zuelako automatikoki bezain ondo funtzionatzen».
Makinaria automatizatzeaz gain, lanen eta lehentasunen egokitzapen bat egin dute «soberakinen kudeaketa optimitzatzeko». Hori dela eta, Kerixaran autoekoizpen kolektiboa dutela azaldu du Ajuriak, hau da, «gaztategian sortzen dena gaztategira ez ezik, alboan dugun nekazal turismora doa, baita nire etxera eta anaiaren baserrira ere». Etxeberri Goikoaren kasuan, dena baserrira bideratzen da. Aranburuk hurrenkeraren berri eman du,«sistemak ekoizpena irakurtzen du eta lehentasunen arabera erabakitzen du zer egin. Lehen aukera da sortutako energia momentuan kontsumitzea; horren ondorengoa, soberan dagoen energia baterietan biltegiratzea. Gero, sarera isuri behar denean, lehenesten da ilaran bata bestearen atzetik automatikoki pizten joatea, aprobetxamendua ahalik eta onena izan dadin. Soberakinik ez badago, gauez jartzen da martxan, energia merkeen dagoenean».
Baserriaren beharretara egokituta
Eredua bai, baina, hiru baserriek modu ezberdinean burutu dute euren instalazioa. Etxeberri Goikoan bateria elektrikoen aldeko hautua egin dute, sortutako elektrizitate soberakinak bertan biltegiratzeko. Kerixara Baserrian, berriz, ur deposituak jarri dituzte. Ajuriak premiaren araberako hautua dela argitu du, «guk gehien behar duguna ur beroa da. Horregatik, gure bateria ur beroa izatea erabaki genuen. Teknologia, merkeagoa errazagoa eta iraunkorragoa guk behar ditugunerako».
Desberdintasunak desberdintasun, bi ekoizleak pozik agertu dira proiektuaren bilakaerarekin, energia zerk eta nola kontsumitzen duen ulertzea baliagarria egin baitzaie. Aranburuk gogoeta bat ere utzi du: «Esnearekin lan egiten dugunok badugu gabezia bat orain arte asko landu ez dena. Lehenik, jezteko energia behar dugulako eta instalazioak garbitzeko ur bero dezente erabiltzen dugulako. Etorkizunean, esnearekin lan egiten dugun denok beharko dugu energia-sorkuntza parte bat. Transformaziorako oraindik energia gehiago behar dugu eta energiaren gaiari heldu behar diogu ahal dugun eta inguruak baimentzen duen neurrian».
Bide oparoa ikusten diote deskarbonizazio prozesu horri eta Ajuriak oroitarazi du, honakoak, kooperazio proiektuak direla Eusko Jaurlaritzaren eta Europako diru laguntzen bidez garatzen direnak. «Ez dago dirurik inbertsiotarako baina bai ezagutza sortu eta aplikatzeko. Nahi duguna da hiru proiektu pilotu hauetatik beste eremu batzuetara zabaltzea eta ea animatzen diren horrelako bideak hartzera». eta, beste eremu batzuk aipatzean, ez da gaztategiez soilik ari, ur beroa behar duen edozein industriatan sistema bideragarria delakoan daude, ardoaren sektorean, adibidez.
Autokontsumoa eta autonomia
Datuetara salto eginez gero, ulertzekoa da hiru ekoizleen asebetetasuna. Autokontsumoari eta autonomiari begiratu diote, hurrenez hurren, baserrian sortutako energia fotovoltaikoaren zer zenbateko kontsumitzen den gaztategian bertan eta gaztategiak funtzionatzeko behar duen energiaren zenbat datorren eguzki plaka fotovoltaikoetatik.
Horrela, Etxeberri goikoak % 67 autokontsumitzen du eta % 85eko autonomia du. Horrek, diruari ere begiratu baitiote, urteko 1900 €ko aurrezpena ekarri dio. Etxezuriri % 58 sutokontsumitzeak eta % 56ko autonomia izateak urteko 916,62€ ko aurrezte ekonomikoa ekarri dio eta, bukatzeko, Kerixarak % 32ko autokontsumoari eta % 23ko autonomiari esker 1232,51€ aurreztu du.
Datuak datu, orain arte etxaldeetan asko landu ez den esparrua dela energiaren aprobetxamendua automatizazio bidez eta, gaztagintzan bezala, beste sektore batzuetan emaitza onak eman ditzakeela.