Live

Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

Bideojokoen industriako 2.400 langile baino gehiago kaleratuko dituzte

Ziurgabetasuna da nagusi bideojoko garatzaileen eta sortzaileen artean. Enpresa nagusiak geroz eta proiektu handiagoak abiarazten dituzte, askotan hainbat aldi berean martxan jarrita. Microsoft, Xbox, Activision Blizzard bezalako enpresek kaleratze masiboak egingo dituzte.

Audio_placeholder

Bideojokoen industriako 2.400 langile baino gehiago kaleratuko dituzte

Loading player...

Game Erauntsia irratsaioan bideojokoen munduko gaurkotasuna izaten dugu hizpide. Orokorrean gure gustuko albisteak izaten dira nagusi, baina azken asteotan industriak bizi duen egoera latza kontuan hartu behar izan dugu. Enpresa handien kaleratzeak geroz eta maizago ematen dira: aurreko saioan horri buruz hitz egin genuen, baina oraingoan Microsoft, Xbox, Activision Blizzard, Bethesda eta Riot Games bezalako erraldoietan jazotako albistea dakargu: 2.400 langile baino gehiago kaleratuko dituzte.

Ziurgabetasuna da nagusi, hortaz, bideojoko garatzaileen eta sortzaileen artean. Enpresa nagusiak geroz eta proiektu handiagoak abiarazten dituzte, askotan hainbat aldi berean martxan jarrita. Halako tituluak kudeatzeak, antolatzeak eta argitaratzeak suposatzen dutena argi izan gabe, noski; hori horrela, iraizketekin batera bertan behera utzitako proiektuak ere ezagutu ditugu.

Berri pozgarriagoekin jarraituz, aurten ziurrenik kontsola berria merkaturatuko dela aurreratu digute analistek. Nintendo Switch-aren oinordekoa iristeko garaia heldu da: diotenez, urte bukaeran estreinatuko da. Lehen ezaugarriak errepasatu ditugu saioan, espero genezakeenari buruz hausnartuz.

2024an euskaratutako bigarren jokoa ere ezagutu dugu: Ape Out. Laborategitik iheska ari den gorila kontrolatuko dugu akzioz, biolentziaz eta jazz musikaren inprobisazioaz betetako abentura koloretsu honetan. Josu Igoa zalea arduratu da itzulpenaz: fitxategiak Game Erauntsiaren webgunean aurkituko dituzue.

Albiste laburrekin bukatu dugu saioa. Horizon Forbidden West-en PCko bertsioaren argitaratze data ezagutzera eman du PlayStation-ek; Nintendok, bestalde, Splatoon 3ren Side Order espantsioa otsailean merkaturatuko dutela iragarri du; gainera, Dragoi Bolaren Sparking! Zero borroka jokoak bideo berria jaso du; Palworld-ekin jarraituz, ibilbide orria jakitera eman dute arduradunek; bukatzeko, Sonic Prime telesailaren hirugarren denboraldia euskaraz estreinatu da Netflix plataforman.

Jaurlaritza Logoa