Live

Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

Indiana Jones and the Great Circle izango da arkeologoaren bideojoko berria

Xbox Developer_Direct aurkezpeneko iragarpenak errepasatu ditugu. Palworld fenomenoa ezagutu dugu: Pokémon eta ARK uztartzen ditu.

Audio_placeholder

Indiana Jones and the Great Circle izango da arkeologoaren bideojoko berria

Loading player...

Filmetako izarra bada ere, Indiana Jones bideojokozalerik zaharrenen bihotzetan egon da beti. Abentura grafikoak izan dira nagusi arkeologoaren jokoetan, baina akziozko abenturak ere ikusi ditugu; hori izango da, hain zuzen ere, MachineGames taldeak aurkeztutako Indiana Jones and the Great Circle berriaren muina.

Xbox Developer_Direct zuzenekoan erakutsitako titulua lehen pertsonan jokatuko ditugu. Naziak, tiroak, esplorazioa, altxorrak, eta, zelan ez, Indy-ren zigor lehiala elkartuko ditu. Ez da, baina, Xboxekoek iragarritako joko bakarra izan: aurkezpenean Ara: History Untold, Avowed, Senua’s Saga: Hellblade II eta Visions of Mana itxurosoak ezagutzera eman dituzte garatzaileek, eta guztiak errepasatu ditugu Game Erauntsian.

Zoritxarreko albisteak ekarri ditugu saiora. Ezaguna da bideojokoen mundua, edo, hobeto esanda, industriako langileek ez dutela egoerarik onena bizi: kaleratzeak eta kanporatzeak etengabe ikusi ditugu 2023ko azken hilabeteetan, eta 2024a ere horrela hasi da. Urteko lehen egunetan 3.100 langile baino gehiago iraitzi dituztela ezagutu dugu: Unity, Thunderful edo CI Games bezalako taldeek kaleratutako sortzaileak, baita Twitch eta Discord plataformek ere.

Bideojokoen mundu azken fenomenoa ezagutzeko aukera eduki dugu, gainera. Aurreko saioan Lethal Company aipatu genuen, baina ez dauka zereginik Palworld fenomenoaren aurrean. Lehen asteburuan bost milioi joko saldu zituzten Pocketpair talde japoniar ezezagunekoek, sekulako arrakasta lortuta indie estudio txiki batentzat.

Zer aurkituko dugu Palworlden? Elementu desberdin asko, baina erraz ulertzearren: Pokémon eta ARK jokoen arteko nahasketa dela esan daiteke. Sakelako munstroen (oso) antzekoak diren piztiak harrapatzen ibiliko gara, horiekin batera borroketan parte hartzeko zein gure baseak eraikitzeko eta bizirauteko baliabideak biltzeko. Adi: izaki ederrok metrailetak eraman ditzakete.

Jaurlaritza Logoa