Live

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Larruzko jaka beltza soinean jarri du berriz ere ‘Watson’-ek

Southern rock eta americanaren artean dabiltzan lau kantu indartsu aurkeztu ditu Patrice ‘Watson’ Dumorak ‘Denok gara Bobi’ diskoan. Udaberrira arte, ordea, ez da izango zuzenean kantuak entzutek aukerarik, momentuz.

Audio_placeholder

Larruzko jaka beltza soinean jarri du berriz ere ‘Watson’-ek

Loading player...
MusikHaria saioan izan zen ‘Denok gara Bobi’ diskoa aurkezten Patrice ‘Watson’ Dumora.
MusikHaria saioan izan zen ‘Denok gara Bobi’ diskoa aurkezten Patrice ‘Watson’ Dumora. (Iker GURRUTXAGA)

‘Bobi’ izeneko diskoa atera zuen duela pare bat urte Patrice ‘Watson’ Dumora musikari lapurtarrak. Orduan, doinu gozoak landu zituela esan daiteke, batez ere ahotsari garrantzia emanaz. Oraingoan, ordea, bere gaztarora itzuliz-edo, larruzko jaka soinean jarri duela dirudi ‘Denok gara Bobi’ deituriko diskoa sortzeko.

Americana kutsuko lau abesti landu ditu Paxkal Etxeparerekin grabatzeko. Bera arduratu da musika konposatzeaz eta ondoan izan ditu Raph Ferreira, Romain Larregain, Xabi Leon eta Pierre Sangla musikariak, eta, nola ez, kantuen hitzak Beltzane Obanos Sainz de Murietarekin ondu ditu.

Country estiloko gitarra riff batekin hasten da ‘Gosea’ kantuarekin diskoa, maitasun kantu bat, erabat southern rock munduan murgiltzen dena. Bestelako ukituak ditu ‘Itsas aldera’ abestiak, soinu garbi eta ederrari hammondak eta pianoak ematen dien malenkonia puntua gehitu behar zaie, bakea transmititzen duen abesti batean. Hard rock mundutik gertuago dagoen kantua da ‘Bele beltza’, hotzetik berora egiten duen abestia, ahotsek sortzen duten koralak eta erritmo apurketek pisu berezia duten abestia. 

Diskoari izena ematen dion kantuak ixten du laukotea. Borroketatik itzuli da Bobi, baina denok garela dio Watsonek. Rock pausatuagoa du, gitarra elektriko pisutsuz beteta dagoena eta ahotsean sekulako indarra duena. Zuzenean izango da hori horrela dela baieztatzeko aukerarik, baina oraindik itxaron egin beharko dute zaleek. Maiatzaren 24an da momentuz datorren emanaldia, Hazparnen, eta, hurrengoa, ekainaren 1ean, Beskoitzen. 

Jaurlaritza Logoa