Live

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Interview
Gaizka Insunza
Audience taldeko abeslaria eta gitarra-jotzailea

«Lokalean bertsioekin jolasean hasi eta disko bat osatzeko erronka bete dugu»

‘B. D. berrikusia’ diskoa atera du Audience talde gernikarrak. Erronka handia bezain polita hartu zuten esku artean, are gehiago azken hilabeteetan izandako esposizioaren ostean. Bagenekien gisa honetako musikan talde oso ona zela, eta disko honek hori baieztatu digu. 

Audio_placeholder

«Lokalean bertsioekin jolasean hasi eta disko bat osatzeko erronka bete dugu»

Loading player...
Audience taldeak Bob Dylanen kantuak euskaraz moldatu ditu beren azken diskoan.
Audience taldeak Bob Dylanen kantuak euskaraz moldatu ditu beren azken diskoan. (Virginia CRUZ)

Kaixo Gaizka, zer moduz?

Ondo, zu zer moduz?

Ondo baita ere. Zu, ordea, azterketa sasoian zabiltza orain.

Bai, irakasle bezala estatistikako azterketa egin berritan harrapatu nauzu.

Estatistikak zer dio, azterketa sasoia aurreratu izanak lagundu die ikasleei edo ez?

Ez dakit, baina hori baino gehiago lehenengo azterketa oso prestatuta izaten dutela esango nuke nik, aldagai hori garrantzitsuagoa dela esango nuke. Azken azterketan nekatuago daudela esango nuke eta ez dutela hain ongi prestatzen.

Tira, goazen diskoari heltzera. ‘Mendian trumoia’ abestiarekin hasten da, instrumental batekin hasten da kantua eta kontzertu hasiera bat irudikatzen du. Bob Dylanek ere horrelaxe egiten du. Nola senti dezake artista batek bere beste baten kantua?

Disko guztian dauden abesti guztietatik, hau da Bob Dylanen diskoren bat irekitzen duen bakarra. Hori aipatu gabe ezin hasi erantzuten. Bob Dylanengan pentsatzen baduzu, ziurrenik ez zaizu abesti hau burura etorriko lehenengoan. Egitura blues-country itxurakoa dauka, akorde nahiko ohikoak ditu. Abesti horiek nahikoa sinpleak dirudite, baina jotzerakoan ez dira hain errezak izaten. Estilo ariketa hori egin nahi izan dugu, musikari amerikarrek nola egiten dituzten horrelako kantuak eta soinua nola lortzen duten begiratu dugu. Abesti hauek tren bat bezala aurrera egiten dute momentu guztian, guk esango nuke zertxobait azkartu dugula, eta, swing apur bat emanda, rockabilly estilora gerturatu da. Guretzat abesti bakoitzaren bueltan egin duguna ariketa poliedriko bat izan da, helburu desberdinak izan ditugulako. Hemen gure buruari galdera hau egin genion: «Gai al gara amerikarrek egiten duten bezala horrelako abesti bat hartu eta sinesgarri agertzeko?».

Hemen gure buruari galdera hau egin genion: «Gai al gara amerikarrek egiten duten bezala horrelako abesti bat hartu eta sinesgarri agertzeko?».

Erantzuna nik emango dizut, bai. Hori diot disko honen esentzietako bat aipatu duzuna dela uste dudalako. Bagenekien Audience taldeak folk amerikarra edota americana bezalako musikak ongi egiten zituela, baina Dylanen kantuak entzun eta zuenak entzunda, aipatu duzun saiakera hori guztia ikusten da. Gainera, garai desberdinetako kantuak aukeratu dituzue.

Hasiera batean abestiak ausaz aukeratu genituen erabat. Lokalera liburua iritsi zen eta lehen bospasei abestiekin esan duzun hori egin genuen pixka bat. Hirurogeita bi eta hirurogeita hiru tarteko kantuak dira batzuk, Dylanen bertsio originalean ahotsa eta gitarra soilik daude horietan. Gero hirurogeita hamarretako kantuak ere badaude eta baita laurogeietakoak ere. Eta, lehen hitz egin dugun kantua, bere azkenetako diskokoa da, 2005ekoa edo. Guretzako dibertigarria izan da horiek jo eta moldatzea, baina etapa bakoitzeko soinuaren ekoizpena zeharo desberdina da, eta disko honen balioa nik uste badagoela oso soinu desberdina duen errepertorio bati homogeneotasuna ematean.

Esan duzu soinuaren homogeneotasuna bilatu duzuela, eta ‘Euri jasa latza dator’ bada horren adibide garbi samarra. 60-70etako rock estatubatuarreko soinua duen abestia da, berez ahotsa eta gitarrarekin abestutako kantua bada ere.

Dylan jarraitzen duenak, eta gutako batzuk asko jarraitzen dugu, ikusiko du hau dela Dylanen egokitzapen baten egokitzapena. Izan ere, bertsio originalean esan duzun moduan grabatu bazuen ere, 70etan ‘The Rollin Thunder Review’ bira ezaguna egin zuen eta abesti hau hor talde osoarekin eta rock kutsua emanaz eskaintzen zuen. Hortaz, guk bertsio hori atera dugu eta egokitzapen hori gurera ekarri dugu.

Kantuak intentsitatean gora egiten du. Konpas batzuk buelta eta buelta dabiltza, baina dinamikarekin jolasten duzue, Dylanek baino gehixeago esango nuke, gainera.

Bai, nahiko suabe hasten naiz eta azken bi estrofatan gora nator. Gogoratzen dut nola estudioan grabatzeaz bukatu nuenean, kristalaren beste aldetik taldekideek txalo egin zutela lortutako dinamika horrengatik. Dylanen abesti gehienak oso lirikoak direnez eta letretan oinarritzen direnez, musika nahiko errepikakorra izaten da eta hori Audiencek egiten duen musika estiloarekin nahikoa kontrajarria da. Abestiak zuzenekoetara eramaterakoan horretaz jabetu gara, Audiencen kantuak toki batean hasi eta musikalki eremu desberdinetatik eramaten ditugu. Dylanenak errepikakorrak direnez, ahotsarekin edo beste elementuekin, gauza desberdinak adierazten saiatu behar zara.

Letrari erreparatuz, musikari estatubatuarrak letra oso ilunak modu oso argian kantatzeko joera duela esan dezakegu?

Baietz esango nuke. Zuzenekoetan esaten dut abesti hauek duela hirurogei urte idatzitakoak direla eta atzo bertan egina dirudi. Abesti honen testuingurua Gerra Hotzarena da, misil nuklearren beldurra zuten garaikoa. Nik abesten dutenean asko sentitzen dut, Palestinan edota gaur egun dauden eszenario belikoetan pentsatzen dut. Hainbeste urte pasa eta garaiak ez dira hainbeste aldatzen!

Bob Dylan bera protesta kantuaren ikurretako bat izan zen garai haietan.

Hirurogeigarren hamarkadan gisa horretako abestien lider moduan jarri zuten, baina, gero, Joan Baezek esaten duen bezala, ez espero Dylan manifestazio batean ikusterik. Berak uko egin zion ezarri zitzaion lidergo horri.

Zuzeneko bat eman duzue dagoeneko, Bilboko Kafe Antzokian urte hasieran. Oso pozik egun hartan bizitakoarekin, ezta?

Gau magikoa izan zen guretzat. Proiektu berri bat martxan jartzen duzunean, lehenengo kontzertua garrantzitsua izaten da. Hurbildu ziren gure betiko lagunak, hogeita bost urte hauetan egindako jarraitzaileak, prentsa ere gu babesten hor egon zela ikusi genuen eta gauzak oso ondo atera ziren. Oroitzapen oso polita dugu eta indarra eman digu birarekin aurrera jarraitzeko.

Goazen berriz ere abestietara. ‘Gazte betiko’ kantuarekin garai horietara eramaten gaituzue hainbat elementu tarteko. Ahotsaren trataera eta kokapena, hammonda, pedal-steel gitarra…

Abesti hau, disko osoa bezala, egun bakarrean eta denok elkarrekin grabatu genituen Jose Lastrarekin TIo Pete estudioan. Nire anaia Ager eta ni bata bestearen ondoan gaude, pedal-steela jotzen bera eta ni akustikoarekin, Ruben teklatuarekin eta Andoni eta Kepa bateria eta baxuarekin. Abesti honek ez dauka recording bat bera ere, hau da, entzuten den dena zuzenekoa da. Gero ahotsak egin genituen. Disko hau bi sesiotako grabaketa bat izan da, naturaltasuna mantentzen da, baina, noski, ondo entseatuta eraman behar dira abestiak estudiora. Denok gela berean ginenez, anplifikagailu baten soinua bestearen mikrotik sartu daiteke eta halako kontuak. Aberastasun bat ematen dio soinuari horrek guztiak, baina norbaitek akatsen bat egiten badu, bestearen mikroan ere sartzen denez, hartualdiak ona izan beharra dauka.

A zer urtea izan den zuen azkena, diskoa eta Zinemaldiko guztia ere egin duzuelako. Ordu asko emango zenituzten lokalean.

Azkenean diskoa urtebete beranduago publikatu dugu, 2022ko azaroan grabatu genuen. Gero etorri zen zinemaldikoa. Bai, gu bagara lokalean denbora asko ematen duen taldea. ’Tolesdurak’ aurreko lanean instrumentazio asko dago, gure artean asko aldatzen genituen… eta hori zuzenekoetara eramatea kosta egin zitzaigun. Honetan saiatu gara bakoitzak bere rola edukitzea eta bere posizioan egotea. Instrumentazio aldaketak eta hor eman daiteken kaos txiki hori ezabatzen saiatu gara.

Kantura itzuliz, izan daiteke inor gazte betiko?

Gure buruari esaten diogu, baina Kafe Antzokian jo genuenean eta publikoari begiratzen badiot, ez dakit gazteak zein gisatako kontzertuetara joaten diren. Egin beharko da hor ikerketa soziologikoren bat. Publiko gaztera edo publiko berrira iristea ez da erraza, badakigu gure musika estiloa ez dela gazteek entzuten dutena eta hor ere badaukagu irakurketa bat egin beharra. Gustatuko litzaiguke publiko gazte gehiago ikustea gure kontzertuetan, baina, oraingoz, ‘beti gazte’ direnak gehiago ikusten ditugu.

Beno, baina disko honek ematen die belaunaldi gazteagoei Bob Dylanen klasikoez harago beste kantu batzuetara gerturatzeko aukera.

Bai, hor sortzen da halako zalantza. Akaso Dylanen unibertsoa euskaraz nahi du gazte batek edota euskaraz sartzen da lehenengo aldiz Dylanen unibertsora eta gero gehiago sakontzeko gogoa sortuko zaio. Baina ez dakit nik gaur egungo gazteentzat Dylan izan daitekeen beren interesekoa edota beren grina aseko duena.

Akaso Dylanen unibertsoa euskaraz nahi du gazte batek edota euskaraz sartzen da lehenengo aldiz Dylanen unibertsora eta gero gehiago sakontzeko gogoa sortuko zaio.

Beno, Euskal Herrian izan den azken aldian sekulako zalaparta sortu zen eta kantautore estiloko sortzailean ere badaude modan.

Dylan pertsonaia unibertsala da eta adin guztietarako. Kointzidentzia izan da gure diskoa atera aurretik Cat Powerrek antzerako diskoa atera izana. Lucinda Williamsek ere atera zuen Bob Dylanen bertsio disko bat. Pertsonaia unibertsala da eta bere errepertorioko klasiko batzuk hartu ditugunez, akaso publiko heterogeneo batengana iritsi gaitezke. Pozik hartuko ditugu.

‘Positiboki 4 kalea’ esaterako, edozein pop kantautore gazte berrik hartuko luke egun beretzat.

Dylanentzat deskarte bat izan zen eta ‘Greatest hits’ delako horietako batean atera zuen. Sortu 65-66 artean sortu zuen, bere garairik onenean, hiru disko garrantzitsuak hor egin zituen. Bada, kantu hau ez zuen sartu inon.

Hau izan daiteke Audiencen unibertsotik gertuen egon daitekeen kantua?

Posible da, baina ez dut ariketa hori egin. Hala ere hau ere kantu errepikakorra da eta esango nuke hamabost estrofa dituela. Ahotsarekin hemen ere lan handia egin beharra dago, Audiencekin hainbeste buelta ez baitizkiogu ematen konpas berei. Baina hitzak hain dira onak eta hain barrura iristen dira, ziklikoa den soinu horretan erraz murgiltzen zarela.

‘Dena hautsi da hemen’, kantu oso zinematografikoa. Nik hemen Saloon bat ikusten dut, borroka baten ostean, eta barran dagoen tipo batek tragoa edaten duen bitartean kontatzen digu abestikoa.

Bai eta Tom Waitsen mundua ekartzen dit burura niri. Zigarro bat errez ari dela esango nuke diozun pertsona eta ilun dagoela dena. Hau originaletik gehien aldatu dugun abestia da. Dylaren errepertorioan ere ez da ezaguna. Guk blues gordin eta zikin bat sortu nahi izan dugu, espazio dezente duena. Pianoak bere jolas hori egiteko aukera ematen du eta, horregatik, Tom Waitsen mundura eraman dugula uste dut eta zuk diozun irudi hori nik ere ikusten dut.

Jotzen ari zareten bitartean elkarri begira komunikatu beharreko kantua dela iruditzen zait hau.

Nik uste dut kantu hau azkena izan zela grabatzen. Egitura aldetik ez geneukan oso argi noiz bukatu kantua eta diskoa entzutean nabaritzen da bukaeran bata besteari begira gaudela ea noiz bukatu erabakitzen. Tentazioa izan genuen fade out batekin pixkanaka bolumena jaitsiz bukatzeko, baina inprobisazio polit batekin eta ondo bukatzen dugu. Ez dago desastrerik, denok batera bukatzen dugu, eta apur bat luze egoteak ez dio kalterik egiten. Dylanen estiloa hori da, grabazioaren filosofia ere bai, eta akats txiki eta halakoak jendeak entzutea interesgarria dela uste dut, zuzenekoaren zera hori jasotzen baitu.

Diskoaren abiapuntura goazen. Liburu bat iristen dela diozu lokalera, liburu hori Xabi Payak idatzia da, Bob Dylanen ehun kantu euskaratuta dituen liburua. Hori zuengana iristen denetik disko bat egiteko ideia sortzera, zenbat denbora pasa zen?

Hori baino lehen, ‘Tolesdurak’ 2020an kaleratu genuen, ahaztu egiten zaigu baina pandemia garaia zen. Murrizketen etapa guztiak gainditu genituen talde bezala, jendea eserita, distantzia dezenterekin eta musukoekin, gero distantzia murriztu eta zutik, gero musukoa kendu zitekeen edateko soilik… Bira horrekin ez ginen oso konforme geratu eta lokalean sartu ginen berriz. Dibertitzen hasteko bertsioak egiten hasi ginen, Mark Laneganen bat dut buruan, Smog taldearen bat ere bai… Gure erreferenteekin jolasean hasi ginen. Egun batez Ruben Garatea etorri zen liburuarekin eta hor jolasean hasi ginen. Ausaz probatzen hasi ginen eta letrek musikarekin ezkontzen zutela ikusi genuen. Geroz eta sakonago hasi ginen, geroz eta gehiago saiatzen eta disko bat egiteko aukera ikusten hasi ginen, eta norbaitek egin aurretik lehenak guk izan behar genuela esan genion gure buruari.

Bi hilabetez asko entseatu genuen eta gero estudiora joan. Sormen aldetik ez digu buruhauste askorik eman, tentsio gutxirekin eta giro onean joan da guztia eta estudioan ere egun bakarrean bederatzi abesti grabatzeak poza ematen du. Talde bat entzuten da, sendo, eta horrek poz handia ematen du. Hori bai, zalantza izan genuen gero publikatu edo ez erabakitzerakoan. Dylanen kontrobertsia guztia hor dagoelako, badituelako bere kontrakoak, guretzako bertsio disko bat ateratzea ere arriskutsutzat genuen… baina konplexu asko kendu ditugu gainetik eta jendeak entzutea merezi zuela uste dugu.

Zalantza izan genuen gero publikatu edo ez erabakitzerakoan, baina konplexu asko kendu ditugu gainetik eta jendeak entzutea merezi zuela uste dugu.

Disko hau Bob Dylanen eskuetara iritsarazteko asmorik baduzue?

Dylani zuzenean helarazten ez, baina bai egin ditudala telefono dei batzuk Sony Musicera proiektu hau eskuartean genuela esateko. Gardenak izan gara hor. Dylanek bi datak egin zituenean Donostian oraindik diskoa ez zegoen bukaerako formatuan. Ni bigarren ilaran egon nintzen kontzertu horietako batean, eduki izan banu bota egingo nuen oholtzara, fan morbo hori oraindik badudalako Bob Dylanekin. Urteen poderioz zure idoloekin hori galdu egiten duzu, baina niretzako hogeigarren mendeko ikono handiena bera da eta egingo nuen hori. Bere managerrari eman genion 2010ean ’A shake in calm water’ diskoa, berak esan zigun helaraziko ziola, hortaz, aukeraren bat sortzen bada saiatuko gara hau ere helarazten, zergatik ez.

Txuma Murugarrenen ‘Gaualdia’ diskoaren inguruan Nick Caven emazte Susiek idatzi duena ikusi duzu?

Bai bai, bertan hartu dut parte eta irakurri nuen bai. Dylanen partetik ez dut inondik inora halako erantzunik jasotzea. Beste gauza bat izango da diskoa helaraztea guk hari, baina Bob Dylanengatik ezin dugu ezer espero. Gogoratu jendea oraindik ere haserre dagoela Donostiako Zurriolako hondartzan ez zuelako ez ‘Kaixo’ bat esan, ez Mikel Laboaren inguruko ezer esan.

‘Garaiak aldatzen baitira’ kantuan berriz ere protesta eta kritika argiak daude.

Berriz ere hirurogeietara goaz eta eskubide zibilen garaia da Estatu Batuetan. Gerra Hotza, Vietnamengo gerra… Baina Dylanek testuinguru jakin batean idatziagatik ere sekulan ez du garai batean kokatzen bere kanturik. Oso azkarra izan zen letrak idazterako garaian. Gaur egun ere zentzua du abesti honek. Belaunaldi artekoen talka asko eman daitezke musikan, baina hemen letrekin ezin da halakorik esan.

Kantua mendialdean kokatzen dut, Appalache mendietan-edo. Ez dakit zuk irudi hori ikusten ote duzun.

Bertsio originala 62-63koa da eta guk melodia errespetatu dugu, baina tempo berezi batetara eraman dugu, bost lauko konpasean. Berez lau laukoan dago eta gure hautuarekin jendea despistatu dezakegu. Edozein kasutan, bada bonbo bat errepikakor dagoena eta horrek kuadrilla irlandar bat abesten ekartzen dit gogora niri. Ospakizun modu bat. Eta horrek bai ekartzen didala landa-eremuko ingurune bat gogora. Ospakizun abesti bat da, taberna irlandar batean eta kaña batzuk edaten ari garen bitartean.

‘Iparraldeko neska dator’ kantuak segitzen du, garaiak aldatu diren honetan ez dakit letra mantenduko ote lukeen Dylanek ‘crush’ bati egindako abesti hau. Hemen, berriz, hegoaldeko musikan kokatzen dut gehiago. Mumford & Sons edota La M.O.D.A. bezalako taldeentzat erreferentzia izan den musika motara etorri zaretela esango nuke.

Bai, berriz ere bertsio originala banda soinura doitu dugu. Akordeoia nahikoa presente dago eta bateriak tren erritmoa darama, bi elementu horiek ekartzen dizkizute zuri ziurrenik aipatutako taldeak gogora. Baina bai, southern hori, hegoalde hori dago abestian, guztiz ados. Bertsio originalarekin fidela da, dinamika gehiago hartzen du bandan jota, baina esentzia mantentzen da. Aipatu baita esan duzun ‘crush’ horren inguruan badela halako borroka bat, bi emakumek esaten dutelako abesti hori berarentzat egina dela. Auskalo norentzat egina izango den abestia!

Trenaren metaforari eutsiz, ‘Ez hoa inora’ kantua landa-eremutik hirira joateko trena hartzera doan norbaiti eginiko kantua dirudi.

Ez dakit ziur hori, ‘The Basement Tapes’ disko mitikoan dagoela, hori bai badakidala. Bootleg oso mitikoa izan zen, The Band taldearekin grabatu zuten, inongo teknikaririk gabe ez ezer grabatua. Disko hau pirateriaren munduan bilatuenen artean dago. Gai aldetik oso gai amerikar tipikoak ditu, Estatu Batuetako bidelapur ezagunak, herritik hirirako bidaiak… gauza horiek Dylanek asko maite zituen. Kantu honek bi bertsio ditu, bata Dylanena eta bestea The Birds taldearena. The Birds, gainera, talde aditua zen Bob Dylanen bertsioak egiten. Guk pedal-steelaren konponketa hartu dugu The Birds taldearen moldaketatik.

Bertsioak aipatuz, azken kantua, ‘Zeruko atea joz’, asko moldatu izan da. Jakin nahiko nuke jendeari zein bertsio iritsi ote zaion gehien.

Dylanek berak ere pentsatzen dut bertsio asko egin dizkiola kantuari. Eta egin duzun gogoeta interesgarria iruditzen zait, ez baita kantu honekin soilik pasatzen. Erratu naiteke, baina Dylanek ez dakit lehenengo tokira iritsi den arrakastarik izan ote duen zerrendetan. ‘Blowin’ in the wind’ denok onartua dugu bere kantua dela, baina garaian Peter, Paul and Mary bezalakoek egin zuten ezagun. Berdina gertaten da ‘Mr. Tambourine Man’ kantuarekin, kasu honetan The Birdsek egin zuen abestia famatu. Bada, kantu honek Guns'N'Roses bertsioarekin lortu zuen arrakasta gehien. Kantu oso unibertsalak izan direnaren adierazle.

Diskoa aurkeztu diguzula, zuzenean hurrengo aukera noiz izango dugu entzuteko?

Datorren urtarrilaren 27an, larunbatarekin, Gernikako Lizeo antzokian. Asko gustatzen zaigu bertan jotzea eta badirudi ekitaldi finko bihurtu dela Audiencek disko berria bertan aurkeztea. Gehiago ere izango dira, martxoaren 22an Donostiako Lugaritzen izango gara eta laster gehiago ere konfirmatzeko moduan izango garela esango nuke. Gu gogotsu gaude, Bilboko feedbacka oso ona izan zen, gainera.

Bada, segi zeruko ateak joz.

Hori da, mila esker.

Jaurlaritza Logoa