Live
Bernardo Arevaloren hautatzeak Guatemalako presidente gisa, ez du iraultzarik ekarriko ziur asko, are gehiago, baliteke Guatemalaren egiturazko arazoetako bakar bat ere ez konpontzea. Baina bere agintaldiak, jatorrizko herriekiko estatuak duen zorra zuzentzen hasteko balio badu, gaitz erdi. «Egia esan ez daukagu batere argi Bernardo Arevalok konfiantza hori berreskuratzeko pausuak emango dituen edo ez», azaldu du Julen Rodriguez Barrenetxeak Guatemalan lan egin eta Getxon egoitza duen Entre Amigos-Lagunartean GKEko langileak. Eta badituzte arrazoiak mesfidati izateko: lurren lapurretan, 36 urtez luzatu zen barne gatazkan emandako sarraskiak, ustelkeria bazterketa sozial eta politikoa...
Rodiguezek, Iratxe Ugalde Zarate du lankide aipatu erakundean. Aurrekariak oso baikorrak ez diren arren, oraingoan jatorrizko komunitateek gauzak aldatzeko aukera antzeman dutela azaldu du, «nahiz eta Arevalok herri indigenen beharrak eta interesak mahai gainean ez jarri, egia da esperantza puntu bat dagoela aldaketa txiki bat emateko behintzat herri indigenekin hitz egin ahal izateko».
Indigenek botere aldaketari eta prozesu demokratizatzaileari emandako babesa ezinbestekoa izan da hautagai sozialdemokrata, gobernura iristeko, besteak beste lanuzteak eta protestak deituz, fiskaltzak jarritako oztopoen aurrean. Orain Arevalok izango du bere politikak, «hirietatik», «komunitateetara» eramateko ardura Rodriguezek dionez, eta indigenei hain beste ukatu zaien burujabetza eta aitortza politikoa emateko.
Bide propioa egiten
Guatemalak du Latinoamerika osoan indigenen portzentaje handienetako bat, Bolivia ala Perurekin alderatu daitekeena gutxi gora behera. Datu ofizialen arabera, populazioaren %44 inguru da indigena, tira, hori da hobe esanda bere burua indigenatzat duen portzentajea, baina datu erreala ziur asko altuagoa da, adituen ustez.
Jatorrizko komunitate handienak maiak dira, kaqchikel, ala quicheak bestea beste. Maila txikiagoan badaude ere, ezin aipatu gabe utzi komunitate xinkak, ala esklabo beltzen eta tokiko biztanleen ondorengo diren garifunak ere. Euren lurretan, indigenak, eta bereziki emakumeak zapalduenak izan dira zapalduen artean, eta euren bizimodua bortizki mehatxatua. Eta estatuak kale egiten duenean, norberarena egoera iraultzeko ardura. «Zapalkuntza mota» askori aurren egin behar dieten arren, Ugalderen aburuz, emakume indigenak «antolatuta eta saretuta daude gutxinaka subjektu politiko aktibo moduan horri aurre egiteko». Hezkuntzarako sarbidea, independentzia ekonomikoa, ala lurraren defentsa dira komunitate indigenen ardatzetako batzuk, eta bide horretan Entreamigos-Lagunartean erakundearen babesa dute.
30 urte elkarlanean
Izenak ematen du bai GKEren jatorriaren inguruko zantzuren bat. Getxoko adiskide batzuek Guatemalan egindako bidaiaren ostean erabaki zuten, eurena ezin zela aisialdi bisita soil batean gelditu, ekarpena egin nahi zutela. Modu horretan jaio zen Entreamigos-Lagunartean 1994. Hiru hamarkada bete dituen ibilbidean, hezkuntza beti izan dute oinarri, hasiera batean, bekak finantzatzeko diru bilduz.
Komunitateekin koordinatuta beti, elkarte gehiago batu zitzaizkien eta azpiegitura lankidetza proiektuei ekin ahal izan zieten, bereziki Solola departamentuan. Eta esan bezala, azkenaldian, emakumeen emantzipazioa eta hauen arteko saretzean ari da ere ekarpena egiten GKE bizkaitarra.