Live

NAIZ irratia
Interview
Jone Goirizelaia
Abokatu eta politikaria

«Justizia propio baten alde egin behar dugu»

Jone Goirizelaia (Bilbo, 1956) abokatu eta politikariak erretiroa hartu du. Hamarkada luzez abokatu lanetan jardun ostean, prest dago egunerokoari beste begirada batez heltzeko. Egungo justizia sisteman hutsune asko bete gabe direla utziko du ofizioa, bere zaletasunei eusteko: Athletic eta dantza.

Audio_placeholder

«Justizia propio baten alde egin behar dugu»

Loading player...
Jone Goirizelaia Bilbon, 1936. urtean faxisten aurrean borrokatu zutenen omenez egindako omenaldi batean, 2019an.
Jone Goirizelaia Bilbon, 1936. urtean faxisten aurrean borrokatu zutenen omenez egindako omenaldi batean, 2019an. (Aritz Loiola | FOKU)

Jone Goirizelaia abokatuak erretiroa hartu du. Edo hartuko du, hobe esanda. Aitortu baitigu, oraindik azken ukituak ematen dabilela bere bulegoan, testigua hartuko diotenei bidea atontzen.

Urtetako jardunaren ostean, prest dago, haren hitzetan, beste modu batera egon eta gauzei begiratzeko. Burua, orain, beste norabide batean duela dio. Erabakia hartzea kosta egin zaiola aitortu du NAIZ Irratian egindako elkarrizketa batean, baina bere momentua iritsi dela argi du.

Deustuko Unibertsitatean ikasi zuen Zuzenbidea. Xabier Arzalluz izan zuen irakasle, eta Euskal Herriko giro politikoa gertutik ezagutu zuen unibertsitatetik eta, noski, Bilbotik. Euskaldunako borrokaldia ongi oroitzen du. Kepa Landa eta Txema Monteroren bulegoan hasi zen praktiketan, Sestaon. Kolegiatzea erabaki zuenean, Bailen kalean zabaldu zuen abokatu bulegoa, jaio zen pisu berean.

Iñigo Cabacas, oroimenean

Denboran aurrerago eginez gero, gertuago dugu Iñigo Cabacasen erailketa. 2012ko gertakari horiek egungo belaunaldien memorietan iltzatuta gelditu dira; eta noski, baita Goirizelaiarenean ere, familiaren abokatu izan baitzen bera. Prozesu zaila izan zen, oztopoz betea.

Espainiako epaitegietan jorratu zitekeen bide judiziala amaitua dago. Une honetan familia nazioarteko instantziek eman dezaketenaren zain dago. Kasua irabazi ez, baina lorpenak egon izan zirela uste du abokatuak.

Epaitegietatik urrunduko da Goirizelaia. Oraindik, etxeko lan asko egin gabe direlarik. Sistema judizialak une honetan dituen hutsuneak nabarmenak direla deritzo abokatuak. Baina egiteko nagusia, justizia sistema propio bat eskuratzea dela deritzo.

Abokatu lanak politikarekin uztartu ditu Goirizelaiak. Besteak beste, 15 urtez legebiltzarkidea izan zen Gasteizen, ilegalizazio garaia iritsi aurretik. Ostean, EH Bilduren ordezkari gisa itzuli zen Legebiltzarrera eta azken urteetan, Bilboko Udaleko zinegotzi izan da.

Abokatu lanak albo batera utzi eta bere bi pasio handiei arreta gehiago jartzeko tartea izango du hemendik aurrera. Dantza eta Athletic dira bi pasio horiek. Orain, denbora gehiago izango du horietaz gozatzeko.

Jaurlaritza Logoa