Live

Ion Garate - Ane Urkiri

Motibazioa «soberan» dutela jantziko dituzte eskuetako takoak

Aste osoan gogor entrenatuta daude bi finalistak, Amaia Aldai zein Goiuri Zabaleta. Dimoztarrak, bere hirugarren txapela janzteko erronkarekin, arlo psikologikoa ere landu du eta leitzarra, «partida txukun bat» egitearekin ere pozik egongo da.

Goiuri Zabaleta, finalerdietan Leire Garai menderatu ostean.
Goiuri Zabaleta, finalerdietan Leire Garai menderatu ostean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Partida gogorra», horixe soilik jo daiteke ziurtzat gaurko finalean, Lau eta Erdikoan. Amaia Aldai (Dima, 2000) eta Goiuri Zabaleta (Leitza, 2009) aurrez aurre izango dira Durangoko Ezkurdi pilotalekuan (12.00etatik aurrera). Belaunaldi arteko talka izateaz gain –biak dira gazteak, baina leitzarra are gehiago, 14 urte eskas baititu–, estiloen arteko eta helburuen arteko talka ere gertatuko da.

Dimoztarraren aburuz, «hotzagoa» da Zabaleta. Iritzi du urduritasunak eragin diezaiokeela, leitzarraren estreinako finala baita, «baina bere indarguneetako bat da ez zaiola ezer igartzen, tanto bat huts egiten duenean ez du aurpegia aldatzen; eta beraz, urduri egongo da, baina ez zaio igarriko, eta hori nire kalterako izan daiteke». Sentsazioekin mugitzen baita Aldai, Zabaletak onartu duenez, eta, hartara, leitzarrak xede izango du hasiera on bat egitea eta bizkaitarra apur bat urduri jartzea, «partidatik ateratzeko».

NAIZ Irratiko mikrofonoetan egon dira bi finalistak, eta agerian utzi dute arerioa ondo ikasita daukatela. Zabaletak aurreikusten du Aldaik indarra probestuko duela, jokoa atzean mantentzeko eta, ahal duenean, airez tantoa bukatzeko. Aldaik, bestalde, adierazi du: «Lehen hiru koadroetan jokatzen uzten badiot, edozer egin ahal dit. Efektuarekin oso ondo jokatzen du, kontraerasoan ere bai. Espazioak aurrean zabaltzen saiatu beharko dut, pilota luze mugituz. Abiadurarekin tantoak bukatzen ahalegindu behar dut».

Ibilbide ezberdina

Bide zeharo ezberdina osatu dute finalera iristeko. Amaia Aldai, azken txapelduna izateagatik, final-laurdenetan sartu zen jokoan. Aise garaitu zuen Galeano, eta finalerdietan (22-10), are nagusiagoa izan zen Arrillagaren aurka (22-3). Bere laugarren finala du aurtengoa kaiolakoan, eta hirugarren txapela irabazteko erronka dauka jomugan. Txapelduna izateak presioa eragiten duela ez du ezkutatu, baina ziurtatu du azken bi urteetan lanketa «psikologiko» egin duela, ongi kudeatzeko: «Prest nago erronka honi aurre egiteko».

Presioaren motxila hori kudeatzeaz gain, faborito ikustearen lasaitasuna ere kontuan hartu beharko du bizkaitarrak. Badirudi hori ere barneratuta daukala: «Ezin naiz erlaxatu, ze bestela gainetik pasatuko zait. Askotan esan didate 14 urte besterik ez dituela, baina ez du zerikusirik; erakutsi du pilotan nola jokatzen duen, eta kontzentratuta atera behar naiz».

Fisikoki ongi dago, eta lortu duen emaitzekin konfiantzaz. «Motibazioa sobera» daukala iritsiko da finalera. Aipatu du baita ere «gustura» jokatuko duela Zabaletaren aurka: «Oso harro nago egiten ari den ibilbideaz».

Amaia Aldai, finalerdietako garaipena ospatzen. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Leitzarrak txapelketa honetan osatu duen bidea goraipatu du, kanporaketa aurretik baitabil jokoan. «Jokalari garrantzitsu batzuk utzi ditu kanpoan eta berak inork baino gehiago merezi du finalean egotea», adierazi du

Arraiza, Etxegarai, Gaminde eta Garai izan dira Zabaletaren biktimak, kaiolan bere estreinako txapelketa nagusia izaten ari den honetan. «Oso pozik nago egindako txapelketarekin. Joan naiz partidaz partida estrategiak lantzen eta, oraingoz, jokatutakoak ongi atera dira. Ea finala, gutxienez, itxurakoa ateratzen den».

Izan ere, «irabazi edo galdu, pozik bukatuko» duela nabarmendu du, eta helburu nagusia arerio urduri jarri, «hasiera on bat eginda», eta izerdia botaraztea izango da, «behintzat, lan egitera behartzeko».

Amaia Aldai «momentu oso onean» dagoela iruditzen zaio, finalerdietan atzeman zuen legez; Arrillagaren aurka «dena atera zitzaion». Zabaletari, aldiz, gehiago kostatu zitzaion Leire Garairen aurka, 22-19 irabazi zuen: «Hasieran ongi hasi nintzen, baina gero Leirek buru hotza dauka eta kostatu egin zitzaidan bukatzea. Fisikoki ere partida gogorra izan zen».

Joko maila, gorantz

Joko azkarra ere espero du leitzarrak. Horrenbestez, «partida bizia» aurreikusten du. «Orekatua» izango den susmoa dauka dimoztarrak –Reyes Azkoitiak, egun batzuk lehenago, NAIZen adierazi antzera–. Dena dela, maila handikoa espero dute.

«Bilakaera oso positiboa edukitzen ari gara. Pilotari gehiago egoteaz gain, maila oneko pilotariak gaude. Igartzen da gure mailak ere gorantz egin duela. Oraindik badauzkagu hobetzeko gauzak, baina, aurreko joko hori ere oso ondo landu dugula, mutilen jokotik hurbilago gaude, nahiz eta indar aldetik berdina ez izan, azkenean fisiologikoki ezberdinak garelako. Nolanahi dela, teknikoki erakusten ari gara kirol hau guretzat ere badela», esan du Aldaik.

Goiuri Zabaleta ere harro agertu da: «Belaunaldi berri bat badator, eta erakutsi dugu handiekin ere lehiatu gaitezkeela».

Jaurlaritza Logoa