Live
Mundu mailan etenik gabe ematen ari den globalizazio honetan, hizkuntza txikiek euren erabilgarritasuna eta garrantzia galtzen dutela dioen argudioa, zaharra bezain errepikakorra da. Guztiz kontrakoa pentsatzen du Rif eskualdeko Nadorren jaiotako Asya Zayzaouik, gero eta antzekoagoa den mundu batean, hizkuntzak eta kulturak bermatzen dutela komunitateen askatasuna, «gure hizkuntza eta kultura seguru daudela sentitu behar dugu». Herri gutxitu batentzako, «bere hizkuntzan hitz egin eta existitu ahal izatea, berezko giza premia bat da», gazte riftarraren ustez.
Zayzaoui Garabide elkartearen gonbitari jarraiki heldu zen Euskal Herrira lehen aldiz, eta gaur egun euskararen biziberritzearen esperientziari tiraka, tarifit hizkuntzaren lehen analisia egiten ari da. Izan ere, paradoxikoa da tarifitaren egoera; «milioika hiztun dituen arren, ez da ona bere osasun egoera», Zayzaouiren esanetan. «Funtzionaltasun» galera antzematen du tokiko hizkuntzan, arabiera, frantsesa edo ingelesaren mesedetan, eta bereziki gazteen artean. Amazigharen bertsio bateratua ofiziala den arren Marokon, iritzi du ikerlariak onuragarria litzatekeela, amazigh hizkuntzen aldaera ezberdinen sustapena eta estandarizazioa.
Paradigma aldaketa
Baina baliteke paradigma aldaketa baten aurrean egotean, gazte ekintzaile belaunaldi berri batek bultzatuta. Hamarkadetako atzerakadaren ostean, arlo kulturalean emandako berpizkundeak, baikor izateko arrazoiak ematen dizkio Zayzaouiri, «gauza mordoa egiten ari dira tarifita sustatzeko». Esaterako, gora egiten ari dira tarifit hizkuntzan egindako ekoizpen musikalak, ikus-entzunezkoak eta oraindik eskasa den arren, apurka-apurka gero eta gehiago idazten da ere. «Gutxi izan arren, uste dut gutxinaka helburua lortuko dugula. Oraindik existitzen gara eta lanean jarraituko dugu.
Etorkizuna amestu
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateko irakasle eta Garabide elkarteko zuzendaritzako kide den Jon Sarasua da Zayzaouiren tesiaren zuzendaria. Hark ere gertuko du Rif, izan Euskal Herrian izan diren bisitariengatik edo, berak bertara egindakoengatik. Egungo joeraz jabetuz, amestean datza tarifitaren biziraupenaren gakoa Sarasuak dionez, «aurreikusten duguna eta amesten duguna nahastu behar ditugu. Amestu behar dugu aurreikusiz eta aurreikusi behar dugu amestuz».
Zentzu horretan zuzena da Sarasua: «ez da konparagarria gaur egun amazigh hizkuntzen egoera euskararenarekin». Baina izan zen garai bat ere, aurreikuspenek euskararen galera iradokitzen zutena baina amestearen poderioz eta arazo askorekin oraindik ere, logikak agintzen zuen desagerpenari ihes egin zion euskarak, amazigh hizkuntzek ere lor dezaketen bezala.