Live

Bigarren Kafea

«Pribatua politikara ekarri behar da eta zaintzaren aferak indar plaza publikoan egon behar du»

'Zaintzaren hariak' liburua aurkeztu du gaur Felix Arrieta Frutosek Landako Gunean. Zaintza erdigunean izan beharko lukeen baina ez daukan sistemaren berraldaketa proposatu digu Arrietak aitari eskaini dion liburuan. 

Audio_placeholder

«Pribatua politikara ekarri behar da eta zaintzaren aferak indar plaza publikoan egon behar du»

Loading player...

Ruperrek «zaindu maite duzun hori» abesten zuen; agian, euskaldunok gehien errepikatu dugun esaldia. Hamarkada batzuk beranduago, 2zio taldeak «Nola arrainek itsaso zabala, nola umeek amaren magala, maitatu zaintzen zaituen hori» abesten zuen. Txiribuelta ederra. Maitatzen duzuna zaindu bai, hori aspaldi ikasi genuen; baina, zaintzen gaituena maitatzea… beste kontu bat da. 

Eta zer da ba zaintzea? Galdera horri erantzuna ematen saiatu da Felix Arrieta Frutos, duela hilabete batzuk argitaratutako 'Zaintzaren hariak' liburuan. Horrela, josi eta josi, oihal berri baterako bidea ehuntzeko. Tartean, galdera asko eta kontzeptu gehiago: menpekotasuna, afektibitatea, ongizate emozionala, lan erreproduktiboak, hauskortasuna, asistentzialismoa… eta erdigunean, 93 urteko emakume bat: Koro.

Aitari eskaini dio liburua. «Aita galdu nuen duela bi urte eta niretzat aitak suposatzen zituen gauza asko ditu liburuak; niretzat aita euskara zen, berak erakutsi zidan. Garbi nuen noizbait euskaraz idazten banuen libururen bat, brearentzat izango zela. Berarekin pasatako azken uneak oso gogoan ditut» esan digu Arrietak. 

Liburuaren lehen ataletatik, aitortza egin nahi izan die Arrietak mugimendu feministako kideei. «Feminismoak erakutsi digu intimoa politikoa dela. Pribatua politikara ekarri behar da eta zaintzaren aferak indar gehiagorekin egon behar du plaza publikoan».

Zaintza erdigunean izan beharko lukeen baina ez daukan sistemaren berraldaketa proposatzen du Arrietak. «Ez gaude momentu txarrean eraldaketa horiek egiteko; kontzientzia soziala badugu, eta erakundeek hartua dute kontzientzia hori, erkidegoan hauteskundeak ditugu laster eta horrek beste agenta batzuk protagonismoa hartzea ekarriko du». 

 

Jaurlaritza Logoa