Live
Ertz desberdinetatik heltzeko gaia da osasun mentalarena, are gehiago musika bezalako sektore zabal batean. Tentsioak, une ederrak, erabaki zailak… egunerokotasunaren zati izaten dira arte diziplina honen egunerokotasunean.
Hala, musikaren bueltan dabiltzan hiru sektore batu nahi izan ditugu mahaiaren bueltan gaiari buruz kontatzeko dutena plazaratzeko. Urtzi Iza bilbotarra izan da horietako bat. Enkore taldean hainbat urtez ibili ostean Otoi proiektua du orain esku artean, baina, horrez gainera, Eten Espazio Sonoroa ere sortu du, bere musika estudioa. Ekoizle eta teknikari paperean ibiltzen da, baita soinu ekoizpeneko irakasle bezala ere, eta, denbora duenean bere musika proiektuari ere heltzen dio.
Panda Management enpresan egiten du lan Joseba Razkin arbizuarrak. Vendetta taldearen garaietatik dabil sektorearen bueltan eta, egun, Olaia Inziarte edota Bulego taldeen manager bezala egiten du lan. Denbora gutxian behetik gorako bidea egin duten bi talde.
Hirugarren gonbidatua, musikaria da, Oihana Rodriguez zumaiarra. Orain arte besteentzako ibili da teklatu-jotzaile lanetan, izan Marlik taldearekin, Neona taldean edota beste mila saltsatan ere. Orain, ordea, bere proiektuaren lidergoa hartu du, Akaleia, eta Durangoko Azokan aurkeztu du ‘Ondoloin’ diskoa. Proiektu baten buru izatearen gorabeherak jarri dizkigu mahai gainean.
Ordubetez heldu diogu gaiari, baina gehiagorako ere eman zezakeen. Dena dela, interesgarriak izan dira aipatu dizkiguten kontu guztiak.