Live
Gasteizen 150 langile kanporatu nahi ditu Michelinek eta Lasarte-Orian beste 26 lanposturen kontrako asmo hauen nondik norakoak azaltzeko Michelingo LAB sindikatu ordezkari Unai Arregi elkarrizketatu dute NAIZ Irratian.
«150 kaleratu Gasteizen zergatik diren zalantzan jartzen hasi gara. Azkenean, enpresak ez digu argudiatu zergatik den kopuru hori. Esan duen bakarra produkzioan jaitsiera eman dela eta jendea soberan dagoela», adierazi du.
Urrian Gasteizko lantegiak Estatu mailako batzorde bateratua uztea erabaki zuten erreferendumean. Lasarte-Orian ere gauza bera onartu zuten. Kaleratzeak eta erabaki honen arteko loturarik ote dagoen galdetu diote Arregiri. «Mendeku gisa hartzen ditugu kaleratzeak. Ez da kasualitatea Euskal Herriko bi lantegietan soberakinak izatea. Kalean egon ginen aldarrikapen honen alde borrokan bi lantegietan. Enpresak egin duena produkzioa beste lantegietara mugitzea eta Euskal Herrikoak zigortzea da», azaldu du.
Egoera honen aurrean, «hemen ez dagoela inor soberan» aldarrikatuko du. Enpresak datu hori eman duela, baina Arregik langile horiek beste toki batzuetan kokatzeko ahalmena baduela nabarmendu du.
Aurten Michelinek beste hamahiru langile kaleratu dituela gogoratu du Arregik. «Jendea soberan dagoela aspaldi hasi ziren esaten. Grebaren ondoren hasi ziren kaleratze diziplinarioak. Oraingoa jarraipena da. Espero dezagun lantegian egonkortasuna egotea», esan du.