Live

NAIZ irratia

Hauteskunde errepikapena Nafarroan: despopulazioaren iragarritako kronika

Igandean udal hauteskundeak errepikatuko dira Nafarroako 30 udal eta 39 kontzejutan. Txoko hauetan ez zen hautagaitzarik izan iragan maiatzak 28ko hauteskundeetan eta ondorioz, hainbat herritarrek berriro joan beharko dute hautetsontzietara. Bederatzi kontzeju, gainera, desagertzeko arriskuan daude.

Audio_placeholder

Hauteskunde errepikapena Nafarroan: despopulazioaren iragarritako kronika

Loading player...
Auritzberriko bizilagunak neguan, artxibo irudi batean.
Auritzberriko bizilagunak neguan, artxibo irudi batean. (Jagoba Manterola | FOKU)

Nafarroako 30 udal eta 39 kontzejutan ez zen hautagaitzarik aurkeztu maiatzeko hauteskundeetan eta, ondorioz, igande honetan, azaroak 26, bozkatu beharko dute herritarrek.

Horietako kasu bat da Arantzakoa. 629 biztanle ditu Bortzirietako herri honek. Pasa den legegintzaldian EH Bilduk izan zuen aginte makila, azken hauteskundeetan ez zen hautagaitzarik osatu eta oraingoan, bi aurkeztuko dira: EH Bilduk errepikatuko du, eta bestetik, Eserleku Zuriak zerrenda bozkatzeko aukera ere izango dute herritarrek.

Alkatearen eserlekua Xatur Larraldek hartu edo hutsik uztearen artean erabaki beharko dute, beraz. Lehen aldia da hauteskundeak errepikatzen direla Arantzan. EH Bilduren hautagaiak dio landa eremuaren despopulazioaren ondorioen adibide argia dela: herriak husten ari dira eta jendeak kanpora atera behar du lan egitera. «Zaila da lana eta herrian egin beharrekoak uztartzea».

Larraldek Eserleku Zuriak zerrenda izango du parez pare. Protestaren oinarriak ulertzen dituen arren, herri txikietan oztopo izan daitekeela deritzo. «Aurkeztu egiten dira, kargua hartu, baina gero ez dute łanik egiten. Herri hori hurrengo lau urteetan buru eta buztanik gabe gelditzen da».

«Interesak, argi eta garbi, ez daude landa eremuan»

Errelebo falta izan da Uztarrozen hauteskundeak errepikatzeko arrazoia. Jone Alastuey lau urtez alkate izan da. Talde berria osatzeko asmoa zuten maiatzaren 28ko hauteskundeetarako baina boluntario faltagatik ez zuten osatu eta ezin izan zuten aurkeztu. Azkenean, Alastuey berak errepikatuko du Agrupación Electoral Izpea zerrendapean. Animatua dagoela dio, baina lau urteren ostean norbaitek bere lekua hartuko zuela uste zuen. Erronkari lasai egingo dio aurre, esperientzia pilatu du honezkero eta onartu du Uztarroze bezalako udalerriak «oso erakunde mugatuak direla. Legeak oso zehatzak dira eta eskumenak txikiak. Politika handiek dute botere gehien».

150 biztanle erroldatu ditu Uztarrozek, nahiz eta egunerokotasunean gutxiago diren. Zer esanik ez neguan; 50 inguru izaten dira orduan. Despopulazioak eragin berezia du baita ere, beraz, Piriniotan. Nafar Gobernuak plan bat du martxan, baina instituzioen utzikeria nabarmendu du Alastueyk: «Nahikoa sufritu dugu Gobernua eratu denetik orain arte. Ez genekien zein lehentasun emango zioten. Beharbada desagertuko zela ere uste genuen».

Herri desberdinak dira Arantza eta Uztarroze, baina udalerri txikiak izanda, biek dituzte antzeko beharrak: zerbitzu faltari erantzutea, etxebizitza arazoa... Horiei aurre egiteko gobernantza eredua ere antzekoa da: parte-hartzea, lankidetza eta kontsentsua. Horiek dira Alastuy zein Larralderen bideorrien oinarrak, udalerri txikien egiteko modua.

Bederatzi kontzeju desagertzear

Igande honetan bozkatuko dute Arantzan eta Uztarrozen. Nafarroan guztira 30 udal eta 39 kontzejutan. Zerrenda bakarra edo biren artean bozkatuko dira askotan, baina badira hautagaitzarik gabe gelditu diren herriak ere. 8 udal eta 77 kontzejuren kasua da. Horietan, Nafarroako Gobernuak kudeaketa batzordeak izendatuko ditu, eta horiek arduratuko dira herri horietaz, 'kontzeju ireki' sistemaren bidez arautzen diren kontzejuetan izan ezik, horietan organo horri dagokio-eta hautaketa.

Bederatzi kontzeju desagertzeko arriskuan daude, elkarren segidako bi hauteskunde-ziklotan hautagaitzarik izan ez dutelako. Honako kontzeju hauek dira: Bearin, Azantza, Iturgoien, Narbarte, Antxoritz, Igari, Izagaondoako Ardanaz, Nabaskoze eta Olaiz. Horien artean, handiena Bearin da, 200 biztanle ingururekin.

Kontzejuen desagerpena inoiz ikusi gabeko egoera da Nafarroan, 2019ko tokiko mapa erreforma legearen alderdi hori lehen aldiz aplikatzen baita. Horrela, iraungitako kontzejuaren finantzaketari eta administrazio-kudeaketari buruzko alderdi guztiak dagokien udalari pasako zaizkio.

Jaurlaritza Logoa