Live
Izena duena badela diogu euskaldunek, beraz, inoiz ezin jakin norekin egingo dugun topo mendian gora goazenean. Badakigu Marirekin elkartuz gero ezin diogula bizkarrik eman ezta begietara zuzenean begiratu, erreka alboko lamiari orrazia ezin diogula lapurtu edo tartaloren artaldean ezkutaturik irten gaitezkeela kobetatik. Gure mendi, erreka eta kobak babesten dituzten pertsonaia mitologikoak oso presente daude, eta hala izan ziren pasa den larunbatean ere.
Asteburua era ederrean hasteko asmotan, Mariren Kobak Trail ibilbidea antolatu dute aurten lehen aldiz. Maialen Arizkorreta Aranzak kontatu du lasterketa asko dauden unean beste zerbait egin nahi zutela: «Mendi lasterketetan aritzen ginen batzuk behin bueltaka hasi ginen eta mitologiaren xarma kontuan hartuz elkarrekin lotzea erabaki genuen». Lehen edizio honetan 23 parte-hartzaile izan dituzte eta denek oso pozik amaitu zutela kontatu du antolatzaileak.
«Bi baldintza bete behar ziren abenturan parte hartzeko, alkandora jantzi behar zen eta txorizoa edo antzerakoak ekarri behar ziren», dio Arizkorretak. Hiru kobetan zehar egin behar zuten ibilbidea, mendi lasterketa ohikoetatik banandu nahi izan zuten eta arrakastatsua izan dela dio antolatzaileak. Antolakuntzaren eta larunbatean gertatutakoez hitz egitera etorri da gaur gurera Maialen Arizkorreta Aranza Bigarren Kafera.