Live

Interview
Aimar Olaizola
Baikoko kirol arduraduna

«Enpresa batek ezin du beti pilotari baten emaitzen mende egon»

Finalerdietan gertatzen dena gertatuta, Baikok aurrerapauso bat emana du aurtengo Lau eta Erdikoan, iaz ordezkaririk gabe geratu ondoren, aurten indarrak parekatzea lortu baitu Erik Jakarekin eta Jon Ander Peñarekin. Kaiolako lehiaz, Binakakoaz, Lasoren egoeraz... mintzatu gara NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

AImar Olaizola elkarrizketa

Loading player...
Aimar Olaizola.
Aimar Olaizola. (Jon URBE/FOKU)

Lau eta erdiko finalerdiak osatu dira eta tartean Baikoko bi pilotari daude, Jaka eta Peña. Kontuan izanda iaz enpresak ez zuela ordezkaririk izan, pozik, ezta?

Bai, dudarik gabe. Alde horretatik oso pozik. Eta kontuan eduki behar da, gainera, izar nagusia, Unai Laso, lesionatuta dagoela. Bera ez egonda, beste pilotariek maila hori emateak asko pozten gaitu. Iaz ere esan nuen, nire ustez, pilotari batzuek badutela maila hor goian egoteko. Kontua da, gauza batengatik edo bestearengatik, azken urteetan pilotari batzuei kostatzen ari zitzaiela. Baina aurten behintzat bi pilotari sartu ditugu, eta alde horretatik oso pozik.

Ligaxkako ezustekorik handiena agian Erik Jakak eman zuen, egungo txapelduna mendean hartuta. Esango nuke aspaldiko Jakarik sendoena ikusten ari garela. Nola ikusten duzu zuk lizartzarra?

Nik poza hartu dut. Baikora pasatu  zenetik, 2022an buruz buru hirugarren egin zuen, baina  besteetan kosta egin zaio bere maila ematea. Eta nire ustez, aurten, uda hasieratik beste Jaka bat ikusten ari gara, konfiantza gehiagorekin, txispa gehiagorekin, buruz ere hobeto. Azkenean burua ere oso garrantzitsua da eta, partidak irabaziz gero, buruak errazago jokatzen du. Hori dena kontuan hartuta, Lau eta Erdikoa, momentuz behintzat, oso ona egiten ari da. Aurrekoan partida oso zaila zeukan Ezkurdiaren aurka, eta hari irabaztea guretzat oso garrantzitsua izan da.

Eta bestetik, gehiago kostata, baina Jon Ander Peña ere finalerdietan. Akats dezenteko partida izan zen Beotibarkoa, gogorra. Baina momentu onean da Peña. Nola ikusten duzu?

Peñarekin ere oso pozik. Kasu horretan bi pilotariak Baikokoak genituen, eta, batek edo besteak irabazi, guretzat berdintsu zen. Huts batzuk eta izan ziren, baina ongi jokatutako tanto asko ere bai, erritmo handian. Niri behintzat, orokorrean, partida gustatu zitzaidan. Nik uste Iñakik ere maila eman zuela.

Peñak iaz ere ligaxkako lehen partidan Altunari lan asko eman zion, mina hartu zuen arte. Erakutsi zuen edozeini irabazteko gaia baduela, eta aurten salto hori eman du, finalerdietan sartu da, eta hori ere guretzat albiste oso inportantea da. Lehen esandakoa, enpresa batek ezin du beti pilotari baten emaitzen mende egon. Eta, alde horretatik, beste pilotariak hor goian egotea oso garrantzitsua da.

«Normalean, orain arte bezala, epeak betetzen badira eta ez badago inolako arazorik, Unai Lasok Binakakoarenbigarren astebururako iristeko aukera handiak ditu»

Biek ere aurkari gogorrak izango dituzte finalerdietan. Peñak, Peio Etxeberria. Eta Jakak, ikusi egin behar Altuna jokatzeko moduan den. Nolanahi ere, erronka zailak biak.

Bai, nik uste bi partidak oso zailak izango direla. Orain arte lortutakoarekin oso gustura, baina garbi dagoena da pilotari bat hor egonda, bere helburua finalean sartzea izan behar duela. Baina errealista izanda, bi partida zailak dira. Peio Etxeberria azken lau-bost urteetan hor dabil, lau eta erdian beti lau onenetan; eta aurten, gainera, konfiantzarekin ikusten dut, txisparekin. Bera ere  azken urtean egon den momenturik onenean dago, eta   ez da erraza izango.

Eta beste partidan, nik uste, Jokin jokatzeko moduan bada, irteten bada, maila ona emango duela. Eta Eriken kasuan ere partida oso zaila. Baina nik beti esaten dut, gure pilotariak hor badaude, zerbait esan nahi du; eurek ere maila dutelako da, eta edozeini irabazteko maila badute.

Jokin Altunak jokatzerik ez balu, pentsatzekoa da Artola sartuko litzatekeela, Baikoko beste pilotari bat.

Bai, baina ni, egian esan, momentu honetan ez naiz hori pentsatzen ari. Asteburuan ez zuen jokatu; nik uste atseden horrek on egingo ziola eta, gure aldetik zentratuta, gure pilotariek Altuna eta Etxeberriaren aurka jokatuko dutela.

Lau eta Erdiaz harago, Unai Laso aipatu duzu. Nola dago?

Momentuz, behintzat, dena oso ondo doa. Lehengo astean aurreneko saioa egin genuen, eta ni ere pixka bat harrituta gelditu nintzen, lehenbiziko eguna izateko, nola ikusi nuen. Gero inportanteena, hurrengo egunean ere inolako molestiarik gabe egon zela. Bigarren entrenamendua aste honetan egingo du; eta ez dakit, ikusi egin beharko da, baina normalean, behintzat, dena ondo joaten bada, Binakako txapelketan lehen edo bigarren astebururako, nik uste, helduko dela.

Normalean, orain arte bezala, epeak betetzen badira eta ez badago inolako arazorik,  bigarren astebururako iristeko aukera handiak ditu. Hala ere,  inolako presarik gabe. Ikusten bada beste bi astez zaindu behar duela, ba, itxoingo diogu; baina, momentuz behintzat, alde horretatik dena oso ondo doa.

«Jendea ere harrituta geratzen da, baina ez dut egun bakarra ere izan, telebistan edo frontoian pilota partida bat ikusten egon eta gustura jokatuko nukeena»

Binakakoa aipatuta, dagoeneko bikoteak eta buruan dituzue, edo oraindik zer gertatzen den aztertzeke?

Momentuz ez dugu inolako erabakirik hartu. Gure kasuan, atzean nik uste gauzak pixka bat argiago ditugula. Azkeneko bi urteetan atzelari berdintsuak sartu dira, baina gure kasuan Josu Eskiroz ere hor daukagu. Iaz bigarren mailan txapelduna izan zen Larrazabalekin, eta lehen mailan ordezko aritu zenean oso maila ona eman zuen. Berak ere aukerak izango ditu; ez dakit aurten izango den, baina hemendik aurrera gero eta gehiago izango ditu.

Eta aurrelarien kasuan, abaniko pixka bat  zabalagoa izango dugu, eta ikusi beharko da baita ere hemendik txapelketara arteko partida horietan pilotari bakoitzak zer maila ematen duen. Gero nigatik esango dute bat sartu edo bestea kanpoan utzi dugula, baina azkenean pilotariak berak demostratu behar du, ez hizketan baizik eta frontoian, zeinek duen maila eta zeinek ez. «Hemen nago» pilotariak berak esan behar du eta, alde horretatik, kontuan hartuko dugu bakoitza txapelketa honetan zer lan egiten ari den eta, hortik aparte, geratzen diren partidetan ere norberak zer maila ematen duen.

Emaitzei erreparatuta, azken txapelketetan, Aspe gainetik izan duzue. Indarrak orekatu dira Lau eta Erdiko honetan. Aurrera begira, zer irakurketa egiten duzu?

Zuk esan bezala, nik uste azken urteetan errealista izan behar dela. Eta Buruz Burukoan Lasok txapela irabazi zuen, baina bestela Aspekoek txapel gehiago irabazi dituztela onartu behar da. Nik uste asko nabaritu dela bi pilotarik alde dezente markatu dutela azken urteetan, eta biak Aspen egon direla: Zabaleta binaka eta Jokin buruz burukoetan. Eta horri gehitu Joseba Ezkurdia Lau eta erdikoan.

Nire ustez, ikusten da pixka bat aldatzen ari dela. Iruditzen zait adibidea txapelketa honetan dagoela. Baditugu bi pilotari horiekin inolako arazorik gabe lehiatzekoak: Laso eta Mariezkurrena; eta gero beste multzo on bat ere badago. Udako torneoetan emandako malarekin ere, oso pozik. Albisuk berak ere bi torneo irabazi ditu, aurrelari desberdinekin; Larrazabal pilotari gaztea ere hor dugu, oraindik denbora behar duena, asko ikasi beharrean, baina biharko egunerako, nik uste, ahalmen handiak dituela. Eta beste gazteak ahaztu gabe. Azkena debutatutako pilotariak niretzat oso garrantzitsuak dira; adibidez, Iztueta eta Ugartemendia. Denbora gutxi daramate, baina maila oso ona emanez, eta erakutsiz biharko egunean hor  goran joka dezaketela. Eta hortik aparte, pilotari gazteak ere baditugu debutatu gabekoak, maila oso ona ematen. Eta ni, alde horretatik, etorkizunera begira oso baikorra naiz.

Amaitzeko, laster beteko dira bi urte pilota profesionala utzi zenuenetik. Ez dakit zer moduz moldatu zaren bizitza berri honetara?

Alde horretatik, oso pozik. Egia esateko, lehen baino lan  gehiago egin behar, hori bai. Azkenen  pilotaria  zarenean zure pautak eta entrenamenduak  egin eta listo. Orain desberdina da. Baina oso baloratuta sentitzen naiz enpresan, egiten ari naizen gauzekin konfiantza erakusten ari zaizkit, eta hortik aparte, beti esan izan dut, pilota mundua pila bat gustatzen zait eta egunero hor nago saltsan, ia egun guztia pilota kontuekin; eta alde horretatik, pozik. Eta niretzat oso garrantzitsua dena, momentu batean ere ez dut faltan bota zuriz jantzi eta partida jokatzea.

Pilotariei begira... eta zuriz janzteko inbidiarik batere ez duzu izan orduan?

Jendea ere harrituta geratzen da, baina ez dut egun bakarra ere izan, telebistan edo frontoian pilota partida bat ikusten egon eta gustura jokatuko nukeena.

Azkenean urte pila bat izan dira, presio handiarekin; eta horrek nekatu ere egiten du. Orain askoz gusturago nago kantxan egonda, baina kanpotik begiratuta.

Jaurlaritza Logoa