Live

NAIZ Irratia
Interview
Nahikari Iturbide
Sareko kidea

«Iraganera betikotzen gaituzten ateak ixtea dagokigu. Giltza guk geuk dugu»

‘Konponbiderako giltzak’ lelopean, dinamika berria abiatu du Sarek urtarrilaren 13ko manifestazioari begira. Nahikari Iturbek konponbideari, elkarbizitzari eta preso eta iheslarien etxeratzeei ateak irekitzeko garaia dela uste du. Salbuespenezko neurriek indarrean jarraitzen dutela salatu du.

Audio_placeholder

«Iraganera betikotzen gaituzten ateak ixtea dagokigu. Giltza guk geuk dugu»

Loading player...
Nahikari Iturbe, Sareko ordezkaria, NAIZ irratiko estudioetan
Nahikari Iturbe, Sareko ordezkaria, NAIZ irratiko estudioetan (Andoni Canellada | FOKU)

«Iraganera betikotzen gaituzten ate horiek ixtea dagokigu lehenik. Behin horiek itxita, aurrera begirako ateak ireki beharko ditugu: konponbiderako, elkarbizitzarako, etxerako bideak. Ateak irekitzea da gure helburua eta horretarako argi daukagu giltza guk geuk, guztiok izan behar dugula», aldarrikatu du Nahikari Iturbe Sareko kideak Naiz Irratiarekin elkarrizketan.

Itziar Ituño, Pello Reparaz, Garbiñe Biurrun, Unai Romano, Rosa Rodero... Hamaika atxikimendu bildu dituen manifestua aurkeztu zuen Sarek Gernikan joan den urriaren 21ean. Herritarrei sinatzeko aukera zabaldu diete giltzak.sare.eus webgunearen bitartez. Honezkero, gertu dira 1.000 sinaduretara iristeko. «Hau hasi besterik ez da egin», adierazi du Iturbek.

«Iruditzen zitzaigun beharrezko genuela ezberdinen arteko elkarlan hori irudikatzea. Orain, euskal gizartearen esku gelditzen da manifestu hori. Animatu dadila jendea sinatzera eta zabaltzera».

«Gero eta garbiago dago eskubide urraketak direla»

Pozik daude manifestuarekin berarekin eta izan duen harrerarekin: «Sindikatuek, alderdiek, norbanako oso ezberdinek hartu dute parte eta oso garrantzitsua da hori balioan jartzea, gero eta garbiago dagoelako euskal presoez eta salbuespenaz ari garenean eskubide urraketez hitz egiten dugula».

«34 urtez luzatu den dispertsioa amaitu genuen, fase berri batean sartuak gaude, baina oraindik salbuespenak aurrera jarraitzen du eta hori bukatzea dagokigu», egin du dei.

Hiru legedi zehatz jarri ditu mugimendu herritarrak jomugan, 2003an Jose Maria Aznar presidente espainiarra zen garaian indarrean jarritakoak.

Kezka sortzen ari da, halaber, euskal presoen gradu erregresioekin. Azken bi urteetan EAEn 846 preso ingururi espetxeetako tratamendu batzordeek proposatu eta Lakuak hirugarren gradua onartu die, horietan artean 60 bat dira preso politikoak. Horien %75i helegitea jarri die Fiskaltzak, eta asko dira espetxera eta bigarren gradura itzuli behar izan dutenak. Euskal instituzioen eta Fiskaltza espainiarraren arteko talka aipatu du Iturbek.

Arazoaren iturburua, Auzitegi Nazionalean

Sareren ustez, Auzitegi Nazionalean dago, berriz ere, arazoaren iturburua. «Pentsatzen dugu Eusko Jaurlaritzak eta espetxe tratamenduek beren lana egiten jarraituko dutela profesionalki, egiten ari diren bezala. Batzuentzat nahi baino mantsoago, baina egiten ari dira. Eta ikusi beharko da ea Auzitegi Nazionala errealitatera egokitzen den eta salbuespenezko legedi horiek behin betiko atzean uzten hasten den, ez diotelako gaur egungo egoerari inolaz ere erantzuten».

«Etxeratzeko pausoak emateko ere kontuan hartu behar dugu beste presoei aplikatzen zaien legea aplikatzea eskatzen ari garela», erantsi du. «Ez gara, batzuek irudikatu nahi izan duten bezala, pribilejioez ari, baizik eta ohiko lege bat, salbuespenetik aparte dagoena, aplikatzeaz. Hori edozeinek ulertzeko moduko afera da».

Bi urte dira EAEk bere gain hartu zuela espetxeak kudeatzeko eskumena. Sarek balorazio ona egiten du: «Euskal presoen egoera asko aldatu da bi urteotan.   Urrunketak amaitzeaz gain, lehen graduak eta isolamenduak ere atzean utzi dira, horrek dakarren guztiarekin. Horrek bide bat irekitzen du gradu progresioarekin espetxe ibilbidean aurrera egiteko, legea aplikatuta, pixkanaka birgizarteratzen hasteko».

Iturbek gogorarazi du preso askok bi hamarkada daramatzatela espetxean eta beste batzuek, 30 urtetik gora. «Ez da makala eta, beraz, espetxe ibilbidean aurrera egin ahal izatea aurrera urratsa da. Pixkanaka bagoaz humanoagoa den beste espetxe eredu baten bila, jarraika edo tiraka».

Testuingurua zintzo irakurri

Hiru hamarkadetako espetxealdiaren ostean, kontrol telematikorik gabe baldintzapeko askatasunean gelditu dira Jakes Esnal eta Ion Parot. Bide luze eta zaila izan dute. Sarek oso pozik hartu du albistea. Iturbek dio Estatu espainiarrari eta frantsesari gaur egungo testuinguruaren irakurketa zintzoa egitea dagokiela. «ETAk bere jarduera armatua duela 12 urte utzi zuela eta konponbidearen eta bizikidetzaren pausoak eman direla aintzat hartuta presoak etxeratzea eta afera honi konponbide bat ematea bada elkarbizitzaren aldeko apustua egitea. Halako erabakiak hartu behar dira. Batzuentzat behar baino beranduago iristen dira, baina oso notizia onak izaten dira».

PSOE eta Sumarren arteko akordioan aipatzen den puntuetako bat da justizia errestauratiboa. Elkarbizitzaren, konponbidearen eta espetxe eredu humanoago baten alde, biktima ezberdinen arteko elkarbizitzan lan egiten duen edozein ekimen positiboki baloratu behar da Sareren ustez.

Biktimen errespetua

Salbuespenezko politikak amaitzeaz gain, elkarbizitza du helburu Sarek, eta horretarako biktimen arteko errespetua behar dela uste du. «Biktima bakoitzak bere prozesua du, bere erritmoa. Gure manifestuan parte hartzen dute zenbaitek. Sarek hastapenetatik ikusi du biktima guztien aitortzak eta horien minaren errespetuak lehen lerroan egon behar duela edozein lanketatan, bai biktimen artean, bai euskal presoen eskubideetan aurrera egiteko, eta bai konponbide eta elkarbizitzaren alde pausoak emateko».

2014ko ekainaren 15ean sortu zen Sare, eta laster hamar urte bete behar izateak sentsazio gazi-gozoa sortzen die kideei. «Lortutakoa balioan jarri behar da, noski, baina hamarkada bat pasatzeak erakusten du pausoak emateko zer zailtasun dauden, iraganera betikotzeko erresumin hori. Nahiago izango genuke 10 urte bete behar izango ez bagenitu, orduan guztia bere bidean egongo zela pentsatzen baitugu», adierazi du Nahikari Iturbidek.

Jaurlaritza Logoa