Live
Harri herri har. Harria, zortzi harri dira, zortzi harribitxi. Herria, herri musikatik herriarentzat eginak. Har, belarriko harra, isildu ezin dugun hori, kantuak gure baitan katiatzen dizkiguna.
Amoranteren azken proposamena da 'Harri herri har', belarrietatik sartu bai, baina gorputz guztia astindu eta arima bera ere uzkurrarazten duten zortzi abestiz osatutako altxor-kutxa doinuratua.
Iban Urizar beraren hitzak dituzte abesti gehienak, 'Erreka' eta 'Ez dira' -renak izan ezik, Harkaitz Cano-renak dira lehenengoan, Hodei Barrosorenak bigarrenean. Ez dira bidelagun bakarrak izan, Xabi Zeberioren soka soinuak eta Idoia Hernandez, 'H'-ren pianoaren tekla hotsak ere entzun ditzakegu, baita Amaia Mirandaren gitarra akordeak ere.
Aitor Etxebarria ekoizle izan duen diskoak, giro intimista eta indarra uztartzen ditu modu magikoan, emaitza beste mundu batekoa dela esan genezake, baina zorionez mundu honetakoa da. Opari bat, lehen ezkil hotsetatik hasi eta azken gitarra punteatzeetaraino, opari bat.